Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak, Euskal Trenbide Sarearen (ETS) bitartez, hitzarmena sinatu du Tecnaliarekin, euskal trenbide-sarean aplika daitezkeen hainbat proiektu berritzaile garatzeko. Hitzarmenak barne hartzen du hiri-inguruneetako hobekuntza akustikorako, irisgarritasunerako eta klima-aldaketaren ondorioen aurrean arriskuak minimizatzeko hainbat arlotako ikerketa. Tecnaliak proposamenak egingo ditu, horien bideragarritasun teknikoa aztertuko du eta kolektibo desberdinetan duten eragina baloratuko du, baita horien mantentze-lanak ere.
Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak, Antonio López ETSko zuzendari nagusiarekin batera, Tecnaliak Zamudioko Parke Teknologikoan dituen instalazioetako batzuk bisitatu ditu gaur goizean, Jesús Valero zuzendari nagusiaren eskutik. Bertan, Europan erreferentziazkoa den ikerketa eta garapen teknologikoko zentro horrek lantzen dituen proiektuetako batzuk erakutsi dizkiete, baita bi erakundeek lankidetza estuan gauzatu dituzten beste batzuk ere.
Sinatu berri den hitzarmenak hiru urteko iraupena izango du, eta ETSk 600.000 euro ordainduko dizkio Tecnaliari. Trukean, zentro teknologikoak hainbat sistema garatzen lagunduko dio erakunde publikoaren I+G+B sailari, fase desberdinetan bultzatu nahi dituzten hiru eremuak optimizatzeko.
Lehenengoa trenen zirkulazioak trenbide-sarean duen inpaktu akustikoa murriztera eta sarearen barruan saiakuntza pilotuetan inplementatzera mugatuko da. Horretarako, hasiera batean, zerbitzuan dauden lineetan zarataren eta lurrera bidalitako bibrazioen (zurruntasuna eta kurbak) sorreraren analisia egin beharko dute, soluzioak identifikatzeko. Ondoren, sentsorizazio bibroakustikoko sistemaren eredua balioztatuko dute, eta, azkenik, sistemak eta prozesuen automatizazioa jarriko dituzte abian kalitate akustikoa hobetzeko proiektuekin eta produktuekin esperimentatzeko eremu baten prototipo batean.
Optimizatu nahi den beste eremu bat geltokien irisgarritasuna da, baita nasa-trena interfazea ere. Horretarako, desgaitasuna duten pertsonen kolektiboen proposamenak bilduko dira, tailerren programa diseinatzeko eta gauzatzeko. Hurrengo urratsa proposamenen azterketa teknikoa eta erronka teknologikoen identifikazio mapa egitea izango da. Amaitzeko, soluzio teknikoen katalogo bat egingo da, eta, hala badagokio, araudiak aldatzeko proposamenak.
Euskadin klima-aldaketak trenbide-azpiegituretan dituen ondorioak arintzeko edo saihesteko trenbidera egokitutako metodologien plangintzak eta garapenak itxiko dute hitzarmena. Arlo horretan, lehenik eta behin, eragin potentzialak identifikatzeari eta arrisku garrantzitsuak lehenesteari ekingo zaio, funtsezko arriskuen datuen eredua eta metodologia definitu aurretik. Azken zatian, puntu eta elementu kritikoen tipologiari lotutako egokitzapen neurri orokorren katalogoa, egokitzapen eta monitorizazio plan baten diseinua eta esku hartzeko diseinuaren kasu pilotu bat jasoko dira.
Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak hitzarmenaren garrantzia nabarmendu du, helburuak bat baitatoz berak zuzentzen duen sailaren helburuekin. “Hitzarmen honen bidez landuko ditugun laneko hiru ildoek datozen urteetan sakondu behar ditugun ardatz estrategikoei erantzuten diete, hala nola klima-aldaketaren erronkari eta pertsonen bizi kalitatea hobetzeari, bai gure tren zerbitzuen erabiltzaileentzat, irisgarritasunari dagokionez, bai gure azpiegituren eraginpean bizi direnentzat, akustikarekin erlazionatutako arloei dagokienez”, nabarmendu du sailburuak.
Bestalde, Jesús Valero Tecnaliako zuzendari nagusiak azaldu duenez, “horrelako akordioek garrantzi handia ematen diote lankidetzari teknologia berrien garapenean aurrera egiteko eta mugikortasunarekin erlazionatutako enpresen lehiakortasuna bultzatzeko. Tecnalian etorkizuneko mugikortasunerantz aurrera egiteko soluzio berriak garatzeko eta ezartzeko konpromisoa dugu, eta enpresei erronketara egokitzen laguntzeko egiten dugu lan, industria sarearen arazoei aurrea hartuta. Horretarako, teknologia eta negozio eredu berriak garatzen ditugu, etorkizunean ingurumenean inpaktu txikia izango duen mugikortasun konektatu, eraginkor, seguru, adimendun eta inklusiborantz aldatzen laguntzeko, teknologia eta garapen berritzaileak eskainiz, hala nola elektrifikazioa, automatizazioa eta gidatzen laguntzeko sistemak, segurtasuna eta efizientzia hobetzeko, edo ibilgailuak arinduz, material berriak egokituz eta txertatuz”.
Euskal Trenbide Sarearen eta Tecnaliaren arteko lankidetza duela bi hamarkada erakunde publikoa sortu zenetik dator. Denbora horretan hainbat proiektu garatu dituzte elkarrekin, horien artean berrikuntza proiektu ugari, hala nola Ermuko geltokiaren inguruan minihesi akustikoen pilotu baten garapena eta instalazioa, kalitate kontrolak eta auditoretzak Euskal Y-aren Gipuzkoako adarreko hainbat tarte egiteko.
Elkarrekin gauzatutako beste ikerketa-proiektu batzuk ere badaude: elektrizitate fotovoltaikoa sortzeko gaitasuna duten zarataren aurkako panelen probak; trenbideko urruneko sentsorizazio-sistemen garapena edo parte hartzea trenbide-azpiegituretan material birziklatua sartzeko berrikuntza-proiektuetan; bai eta azpiegituraren zein material mugikor gurpildunaren zarata-mapa estrategikoak eta horiek minimizatzeko ekintza-planak ere.