Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarrirako Sailak, Gasteizen erabilgarri dauden garraiobide publikoak aztertzeko eta gaueko tarterako alternatibarik onena identifikatzeko azterlana bidali dio gaur Gasteizko Udalari. Azterlanak, erabiltzaileen, ingurumenaren eta ekonomiaren arloko hainbat faktore aztertu ondoren, ondorioztatzen du hiriaren beharrei ondoen erantzuten dien alternatiba autobusetan oinarritutako egungo sistemarekin jarraitzea dela, egindako azterlanen araberako hobekuntzak eginez edo autobus elektrikoak erabiliz inpaktua murriztuz.
Gaur egun, ‘Gautxori’ izenez ezagutzen den gaueko garraio publiko zerbitzua, Gasteizko Udalak Tuvisako autobusekin estaltzen du asteburuetan eta ekitaldi jakin batzuetan. Salbuespen gisa, egun jakinetan, tranbiak ere betetzen ditu zerbitzu horiek.
Gaur goizean bertan Gasteizko Udalari aurkeztu zaion azterlan horren ondorioek adierazten dutenez, “ebaluatutako irizpide guztiak kontuan hartuta Gasteizko hirian tranbiaren gaueko zerbitzua ezartzearen aukera ez da onuragarria. Operadore horren gaueko zerbitzuak autobus-zerbitzuarekin alderatuta duen kostu handiagoa ez da orekatzen aurreikusten den eskariaren handitzearekin, eta hori beharrezkoa da ahalmen handiko sistementzat, tranbiarentzat, esaterako. Garrantzi handiko alderdi horretaz gain, zaratak biztanleengan izango lukeen inpaktua ere handiagoa izango litzateke tranbia ezartzen duten aukeretan”.
Era berean, azterlanak autobus-sistemak eskaintzen duen malgutasuna nabarmentzen du, hala nola, Tuvisa udal-enpresak Gautxori zerbitzuan eskaintzen dituen geralekuak. Aukera hori ezin da tranbian ezarri, sistema zurrunagoa baita –eskariaren araberako geralekuak ezarriz gero, unitateak horretarako plataformetatik kanpo gelditu beharko lirateke, eta erabiltzaileek 35 eta 50 zentimetro arteko altuera gainditu beharko lukete–.
Txostenak, halaber, hiriko autobusetan hobekuntzak ezartzeko aukera aipatzen du, gaueko eskaerari erantzuteko, etengabe hedatzen ari den hiriaren hegoaldeari zerbitzua emateko.
Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bitartez egindako azterlanak, autobus/tranbia zerbitzuaren lau aukera aztertu ditu, eta horiei irizpide anitzeko azterketa egin zaie, gaur egun Tuvisak eskaintzen duen zerbitzuarekiko onura-kostua bezalako alderdiak kontuan hartuta. Hauek dira aukerak:
- Egungo egoera. Erabilitako garraio-eredua kalibratzeko.
- Ibaiondo eta Salburua artean eta Abetxuko eta Honduras artean tranbia-zerbitzua ezartzea. Azken hori aurrekoarekin koordinatuta egongo litzateke Honduraseko geltokian. G1 linea kenduko litzateke, G2 linea aldatuko litzateke tranbiak estaltzen ez dituen G1 lineako geralekuei zerbitzua emateko, eta G4 linea tranbiak zerbitzatuko lukeen zatia murriztuz aldatuko litzateke.
- Ibaiondo eta Salburua artean tranbiaren zerbitzua ezartzea. G1 linea kenduko litzateke, G2 linea aldatuko litzateke tranbiak estaltzen ez dituen G1 lineako geralekuei zerbitzua emateko, eta G4 linea tranbiak zerbitzatuko lukeen zatia murriztuz aldatuko litzateke.
- Tranbia ezarri ez, egungo lineak utzi eta G2 linea bakarrik aldatu hiriaren hegoaldeari zerbitzua emateko.
Gainera, garraio-eredua kalibratzeko asmoz, inkestak egin zaizkie Gautxori zerbitzuaren erabiltzaileei. Landa-lan hori San Prudentzio egunean egin zen. Katedraleko eta Jesus Guridiko geltokietan egin zitzaien inkesta pertsonei, Tuvisak eskaintzen dituen Gautxori lineetarako ia igoera guztiak erregistratzen diren lekuetan, hain zuzen.
Gaueko garraio-zerbitzua gehien erabiltzen dutenak 20-25 eta 35-45 adin-tarteetako pertsonak dira, eta gehien erabiltzen den ordu-tartea gauerditik goizaldeko 02:00etara doana da. Gautxori tranbia-zerbitzua duten aukeretan eskariaren hazkundea % 7,61ekoa (b aukera) eta % 3,27koa (c aukera) izango litzateke, hurrenez hurren.