Garraio Saila eta Elgoibarko Udala Altzola auzorako mugikortasun-soluziorik onena bilatzen ari dira

Argitalpen-data: 

Elgoibarko Udalak Altzolarako mugikortasun-soluziorik onena zein den zehazteko azterlana egiteko eskatu du. Izan ere, Euskal Trenbide Sarea bertako eragin-eremuan egiten ari den trenbide-saihesbidearen eraikuntzak eragina izango du inguruan. Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, ETSren bitartez, erakunde arteko mahai bat eratu dute auzorako aukerarik egokiena aukeratzeko.

Obra horien bidez, Arriaga industrialdea eta Altzola arteko trazadura alde batera uztea ahalbidetuko duen 500 metroko tunel bat eraikiko da trenbide bikoitzean. Gaur egun trazadura hori Deba ibaiaren paraleloan doa, eta ibilbide bihurgunetsua du. Lan horiek, distantziak murrizteaz gain, bidaiarien eta salgaien tren-unitateak gurutzatzea ahalbidetuko dute, eta, beraz, trenbidearen zerbitzu-ahalmena handitu egingo da. Era berean, trazadura zaharra Gipuzkoako Foru Aldundiaren bidegorri-sarean sartuko da eta auzora bizikletaz sartzeko aukera emango du.

Jarduketak, ordea, erabilerarik gabe utziko du Altzolako geltokia. 200 egoiliar inguru dituen auzoa da, ez du etorkizunean biztanle gehiago erakarriko dituen hirigintza-planik eta egunean batez beste trenbidearen bi erabiltzaile ditu. 5 milioi euroko inbertsioa beharko lukeen terminalaren errentagarritasun ekonomiko eta soziala jasanezina da.

Testuinguru horretan, Pedro Marco Eusko Jaurlaritzako Garraio Saileko sailburuordea eta Loly de Juan Azpiegituren zuzendaria Altzolako bizilagunekin bildu dira gaur goizean ETSren Bilboko egoitzan, egindako kudeaketak zuzenean azaltzeko. Horrela, auzorako mugikortasun-aukerarik onena aurkitzeko dauden aukerak gaur egun dagoen hiri-autobus zerbitzua handitu edo linea berri bat sortzea dira. Gipuzkoako Foru Aldundia, bestalde, Lurraldebusen bidez laguntzeko prest agertu da. Eusko Jaurlaritzak azken soluzioaren kostua bere gain hartzeko konpromisoa hartu du, Elgoibarko Udalarekin hitzarmena sinatuz.