Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak akordioa sinatu dute datorren urtarrilean aldiriko tren-zerbitzua Euskadiri transferitzeko

Argitalpen-data: 

Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana García Chuecak, Garraioetako eta Mugikortasun Jasangarriko Estatu idazkari José Antonio Santanok eta Renfeko presidente Raul Blancok akordioa sinatu dute ostegun honetan. Akordio horren arabera, Eusko Jaurlaritza Estatuaren lekuan subrogatuko da "Renfe Viajeros" enpresarekin duen kontratuan, enpresa horrek Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duen aldirietako zerbitzuen transferentzia gauzatzeko helburuarekin. Gaur Bilboko Abando-Indalecio Prieto geltokian egin den errubrikaren bidez gauzatu da joan den martxoan Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoan formalizatutako eskualdaketa. 

Transferitutako lineak hauek dira: Bilboko zabalera iberikoko aldirietako nukleoko hirurak—C1 (Bilbo Abando-Barakaldo-Santurtzi), C2 (Bilbo Abando-Barakaldo-Muskiz) eta C3 (Bilbo Abando-Orduña)—, Donostiako zabalera iberikoko aldirietako nukleoko C1 (Irun-Donostia-Tolosa-Brinkola) eta C4f Bilbao Balmaseda (Bilboko zabalera metrikokoa). Bost lineen artean, 22 milioi bidaia egiten dira urtero, 426 zirkulaziorekin. 

Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana García Chuecak adierazi duenez, kontratua sinatuz "etapa berri bat" ireki da, eta "ez gara konformatzen dagoena kudeatzearekin, urrunago joan nahi dugu, haziz eta hobetuz, kuantitatiboki eta kualitatiboki". 

Eusko Jaurlaritzako garraioen arduradunak aitortu du transferitutako bost lineen kudeaketa "oso konplexua" dela, eta Eusko Jaurlaritzaren hiru lehentasun aipatu ditu: irisgarritasuna hobetzea, ADIFekin lantalde bat osatuz, gai horrekin lotutako inbertsioak aztertzeko eta lehenesteko; Arabako zerbitzua indartzea —Miranda de Ebro eta Altsasu arteko trenekin eta Karrantza eta Aranguren artekoekin—, hautemandako premien aurrean; eta trenak berritzeko lanean aurrera egitea; kasu horretan, Renfek konpromisoa hartu du lineak betetzen dituzten 44 trenetatik 25 zaharrenen ordez prestazio hobeak eskaintzen dituzten beste batzuk jartzeko datozen hiru urteetan. 

Zerbitzu berriei dagokienez, Karrantza eta Aranguren arteko tren-anezkak bost zerbitzu izango ditu bi noranzkoetan, eta ADIFek beharrezko elektrifikazio-lanak egiten dituenean jarriko da martxan. Arabaren kasuan, lineak zerbitzu berriak eskainiko ditu lanegunetan eta asteburuetan, goizeko lehen orduan, eguerdian eta arratsaldeko azken orduan, eta hainbat ibilbide luzatuko dira. Sailburuak azaldu duenez, hobekuntza Renferekin adostu dute, eta Ministerioaren formula administratiboaren zain daude, Miranda de Ebro eta Altsasu arteko zerbitzu berri bat delako, eta, beraz, hiru autonomia-erkidegotatik igarotzen delako.   

Horrez gain, Sailburuak eskertu egin du Ministerioaren, Renferen eta ADIFen jarrera, hautemandako lehentasunetan elkarrekin lan egiteko. Eusko Jaurlaritza eskuduna izango da erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak eta horien zehapen-araubidea zehazten, tren-eskaintza planifikatzen, zerbitzuak kudeatzen, koordinatzen eta ikuskatzen, baita tarifen arloan ere; halaber, besteak beste, azpiegiturari eta honen mantentze-lanari —geltokiak, bideak eta instalazioak— buruzko guztiak Estatuko azpiegituren administratzailearen esku egoten jarraituko du. 

Horren haritik, ADIFek datozen 10 urteetan sarea hobetzeko esku-hartzeen plangintza bat du, 400 milioi euroko inbertsio globala suposatuz. 

Akordioak barne hartzen du Eusko Jaurlaritza buru izango duen jarraipen-batzorde bat sortzea. Batzordea sei kidek osatuko dute, hiru Eusko Jaurlaritzakoak eta beste hiru “Renfe Viajeros” enpresakoak izango dira.