Euskal Trenbide Sarea Amorebietako udalerrian dauden Bernabeitiako eta Eubako trenbide-pasaguneak kentzeko 9 milioi euro inguruko aurrekontua duten obrak ari da egiten une honetan. Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak azken 5 urteetan 518 milioi euro inbertitu ditu euskal trenbide-sarea hobetzeko eta luzatzeko lanetan.
Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak, Loly de Juan Garraio Azpiegituren zuzendariak, Rafa Marcano ETSko Eraikuntza zuzendariak eta Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak Bilbo-Donostia linean dauden Eubako eta Bernabeitiko obrak bisitatu dituzte gaur goizean, eta obren aurrerapena egiaztatu ahal izan dute. Eubaren kasuan, ETS oinezkoentzako pasabide bat ari da egiten, tailerrean fabrikatutako egitura mistoaren bidez, obraren eremutik kanpo, obran bertan espazio gutxi dagoelako eta tren-zerbitzuan eraginik ez izateko.
Igarobideak 750.000 eurotik gorako aurrekontua du, eta urtearen amaieran bukatzea aurreikusten da. Igarobideari esker, Eubako hirigunetik Bernagoitia auzora eta landa-bide baterako sarbidea ematen duen BI-4337 errepidera igaro ahal izango da. Jarduketa horri esker, pertsonek modu erosoagoan eta zuzenagoan egin ahal izango dute ibilbidea oinez, baita segurtasunez ere. Joan den martxotik puntu berean martxan dagoenari gehituko zaio, hau da, 5,5 milioi euroko inbertsioarekin, aurretik zegoen trenbide-pasagunea kentzea ahalbidetu zuen ibilgailuentzako eta oinezkoentzako bidezubiari.
Bidezubiak 225 metroko luzera du 20 metroko baoetan eta 25 metroko erdiko baoa trenbideen gainean. Plataformak 12 metroko zabalera du, honela banatuta: autoentzako 3,85 metroko bi errei, 0,50eko bazterbideak eta oinezkoentzako 2 metroko espaloia. Lurraren gaineko altuera 4 eta 7 metro artekoa da.
Jarraian, segizioa Bernabeitiara joan da, bertan ETS bigarren pasabide bat ari da eraikitzen trenbidearen gainean, egungo trenbide-pasagunea kentzeko. Obraren trazadurak 429 metroko luzera du guztira, oinplanoan ferra luzangaren forma du muturretan, eta hauek osatzen dute: lubetazko goranzko arrapala batek, trenbideen gaineko zubi batek eta lubetazko beheranzko beste arrapala batek. Bidezubia ferraren erdialdean dago. Obraren hasiera eta amaiera N-634 errepidetik datorren egungo eskualde-errepidearekin lotzen dira.
Bidezubiak hormigoizko goiko lauza batez sendotutako metalezko matrize batek osatutako egitura mistoa du. Horrez gain, dagoeneko eraikita dauden errefortzu puntualak ditu euskarrietan (estriboak eta pilareak). Landa-izaerakoa denez, zirkulazioaren abiadura 30 km/h-ra mugatzea aurreikusten da. Zeharkako sekzioak 6 metroko galtzadari dagokion 9,45 metroko zabalera du, 2 metroko espaloi bat ertz batean eta 0,625 eta 0,55 metroko bi gainzabalera. 2,7 milioi euroko aurrekontua duten lanak datorren udan amaitzea aurreikusi da.
Trenbide-pasagune bietan trenbide-azpiegitura hobetzeko inbertsioak Eusko Jaurlaritzak azken urteetan Zornotzan, Amorebietan, egindakoei gehitu behar zaizkie, bi milioi eurotik gorako kostuarekin 2021ean zerbitzuan jarri ziren Bilbo-Bermeo lineako geralekuaren birgaitze integralari eta ondoko pasagunearen birmoldaketari, besteak beste. Sailburuak nabarmendu duenez, “Eusko Jaurlaritzak azken urteotan lan handia egin du segurtasun publikoaren arloan aurrera egiteko” udalerrian, eta azpimarratu duenez “ezinbestekoa da dagoeneko martxan dugun sarea modernizatzea eta hobetzea”.
Trafiko-intentsitate handia duten trenbide-pasaguneak kentzeko ETSk segurtasuna, erosotasuna eta zerbitzuaren kalitatea bultzatzeko aurrera daraman politikaren barruan sartzen dira jarduketa horiek. 2019-2024 aldian ETSk 14 trenbide-pasagune kendu ditu, horietako 4 Gipuzkoan eta 10 Bizkaian, eta ekitaldi honetan zehar mota horretako 6 puntu kentzeari ekin zaio. Azken 5 urteetan, Susana García Chueca buru duen sailak 518 milioi euro inbertitu ditu bere eskumeneko trenbide-sarea hobetzen eta luzatzen, azpiegiturari dagokionez.
“Helburua irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea da, biak ere funtsezkoak gure egunerokoan gure hirietan eta herrietan trenarekin bizi gaitezen eta lanera, ikastera eta zaintzarekin erlazionatutako oinarrizko zereginak betetzera joateko haren aldeko apustua egin dezagun”, azpimarratu du sailburuak.