EAEko administrazio publiko gehienek garraio publikoa 12 urtera arte doan izatea babesten dute

Argitalpen-data: 

Euskadiko Garraio Agintaritzak (EGA) bilera egin du asteazken honetan Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusian, eta bertan, EAEko garraio publikoaren arduradun nagusiek herritarren artean haren erabilera sustatzen jarraitzeko eman beharreko hurrengo urratsak aztertu dituzte. Osoko bilkuran, parte hartu duten administrazio publiko gehienak, haurrek 12 urte bete arte egiten dituzten bidaien kasuan, autobusak, trenak eta tranbiak doan izatearen alde agertu dira; orain arte, oro har, 6 urte bete arte aplikatzen da neurri hori. 

Mugikortasun Jasangarriaren sailburu eta EGAko presidente Susana García Chuecak osoko bilkuran azaldu duenez, urrats hori Euskal Autonomia Erkidego osorako eredu bateratu baterantz hasitako bidearen parte da, deskontuak eskainiz pertsonen erabileraren eta maila sozioekonomikoaren arabera. Eredu horrek kolektibo jakin batzuk berariaz babestea ere jasotzen du, adibidez, gazteak. 

Ildo horretan, doakotasuna 12 urtera arte zabaltzeko erabakia "beharrezko neurria da, garraio publikoa klima-aldaketaren aurkako borrokaren ardatzetako bat dela sinesten badugu; doakotasunak garraioa txikitatik erabiltzera animatzen gaitu, txikitatik ohitura arduratsuak sortuz, eta, aldi berean, familien ekonomiak arintzen ditu", adierazi du sailburuak. Neurriak eragin zuzena izan dezake Euskal Autonomia Erkidego osoko 130.362 haurrengan eta haien familiengan —21.955 Araban, 65.025 Bizkaian eta 43.382 Gipuzkoan—. 

García Chuecak baieztatu duenez, Eusko Jaurlaritzak 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera ezarriko du neurri hori Euskotren sozietate publikoaren bidez zuzenean diharduten garraio-moduetan —Gasteizko eta Bilboko tranbiak eta Bilbo eta Hendaia arteko tren-lineak—. Mugikortasunaren alorreko Arabako, Jon Nogales, Bizkaiko, Sonia Pérez Ezquerra, eta Gipuzkoako, Azahara Dominguez, foru diputatuak, eta Nora Abete Bilboko Mugikortasun Jasangarriaren zinegotzia ere neurria ezartzearen alde agertu dira. Gipuzkoako kasuan, Foru Aldundiak gaia Gipuzkoako Garraio Lurralde Agintaritzan bozkatuko da, Mugi sistema osoan doakotasuna martxan jartzeko. Neurri hori 2022. urtearen amaieratik indarrean dago Gasteizko Tuvisa hiri-autobusen operadorean. 

Garraio-hobariak 2025ean 

Sailburuak EGAko gainerako kideei jakinarazi die 2022ko irailean garraioan % 50eko hobariak jarri zirenetik Jaurlaritzak 48 milioi euro eman dizkiela guztira gainerako euskal operadoreei, deskontuaren % 10 ordaindu ahal izateko (% 30 Espainiako Gobernuaren laguntzetatik dator, eta gainerako % 10 operadoreen funts propioetatik). 

Bileran hainbat egoera aztertu dira, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioak hartuko dituen erabakien arabera. Izan ere, 8/2023 Errege Lege Dekretuaren babespean, operadoreei laguntza ekonomikoak emateko ahalmena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari. Espainiako Gobernuaren hobariak bertan behera geratzen badira, sailburuak proposatu du operadore bakoitzak % 20ko deskontua mantentzea bere funtsekin gehien erabiltzen diren txartel pertsonalizatuetarako eta abonuetarako, hau da, "garraio publikoarekiko leialak diren eta maiz erabiltzen duten pertsonak saritzeko".