Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriko sailburuak hitzarmen baten berri eman du Gobernu Kontseiluan, zeinaren bidez, Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari agindu dio Arkauteko lotuneko eraikuntza-proiektua idaztea eta obrak egitea.
Euskadiko abiadura handiko sarearen tren-azpiegitura horrek aukera emango du trenak, Gasteizko kanpoaldetik, hainbat norabidetara banatzeko.
Kudeaketa-gomendio honen baitan, Euskal Trenbide Sareak proiektua idatzi eta obren lizitazioa egingo du.
Abiadura handiko Euskal Trenbide Sarearen Arabako puntu estrategiko honek 10,7 kilometroko luzera izango du, Euskadiko abiadura handiko linea Estatuko gainerako sarearekin lotzeko.
Guztira, 146,33 milioi euro inbertituko dira. 3,25 euro eraikuntza-proiektua idazteko; 130,07 euro obrak egiteko; eta 13,01 euro obren zuzendaritza fakultatiborako.
Hitzarmenaz harago, ADIFek beste 34,67 milioi euro inbertituko ditu instalazio eta gainegituretan.
Hitzarmenak Arkauteko lotunearen lanek irauten duten bitartean iraungo du, eta bi jarraipen-batzorde eratu dira, bata teknikoa eta bestea, erakunde-arteko arduradunena, lanak behar bezala aurrera eramateko.