Etxebizitza eskuratzeko aukerak eta mugikortasun jasangarriaren eta auzo kalteberen hiri-berroneratzearen bidezko Euskadiko kohesio sozialak 966,4 milioi euroko aurrekontua izango dute 2024an

Argitalpen-data: 

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak 966,4 milioi euroko aurrekontua izango du 2024. urtean, Iñaki Arriola sailburuak astearte honetan Legebiltzarrean aurkeztutako proiektuaren arabera. Kopuru hori joan den urteko proiektukoa baino % 25,8 handiagoa da. Igoera hori gobernu zentralaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bitartez bideratutako EBko Next Generation funtsei esker gertatu da neurri handian. Proiektuaren bidez, Sailak egungo legegintzaldirako ezarri dituen eremu estrategikoetan aurrera egitea aurreikusten da: lurraldearen berrikuntza, berroneratzea eta egokitzapen jasangarria; etxebizitzaren beharra duten pertsonei erantzun integrala bermatzea; eta mugikortasun jasangarria, segurua eta herritar guztientzat irisgarria bultzatzea. 

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila da 2024. urteko aurrekontu-proiektuan proportzioan gehien hazi dena. Diru kopururik handiena izango duen arloa Garraio-arloa izango da (536,3 milioi euro). Etxebizitza-arloak, berriz, 487,5 milioi euro izango ditu (Alokabide eta Visesa sozietate publikoen zenbatekoak barnean hartuta). Azkenik, Lurralde Plangintzaren arloak 44,8 milioi euro izango ditu.

GARRAIOAK 

Garraio-arloak 536,3 milioi euroko aurrekontua izango du, eta Euskadiko pertsona guztientzako garraio publiko jasangarria, kalitatekoa, eskuragarria eta irisgarria bultzatzera bideratuko da.   

Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak 119 milioi euro izango ditu, eta, haietatik, 104,3 milioi euro Euskotrenera bideratuko dira. Tren- eta tranbia-garraioko operadore horrek 35,7 milioi euro inbertituko ditu Donostialdeko metrorako eta Bizkaiko metroaren etorkizuneko L5 linearako unitate berriak erosteko, ERTMS seinaleztapen-sistema ezartzeko eta Gasteizko eta Bilboko tranbietako makina baliogabetzaileak eta makina balioztatzaileak berritzeko.

Legegintza-egutegia bete ondoren —Mugikortasun Jasangarriaren Legea aurki onartzen denean—, Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Plana idazten amaituko da 2024an, eta herritarrek parte hartzeko prozesua egingo da. Halaber, Autonomia Erkidegoko ordainketa-tituluen elkarreragingarritasuna bultzatzen jarraituko da, eta 3,1 milioi euro bideratuko dira horretarako. Garraioaren sektoreak milioi bat euro izango ditu hainbat laguntza-ildotarako, eta 1,5 milioi euro aireportu-eredurako eta plataforma logistikoetarako.

Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak 228,4 milioi euro izango ditu, eta zenbateko horri trenbide-sare berrirako eta Hegoaldeko Trenbide Saihesbiderako kudeaketa-gomendioei dagokien 188,7 milioi euroko zenbatekoa gehitu behar zaio.

Zuzendaritza horrek, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bitartez, honako hauek izango ditu ardatz

  1. Trenbide-azpiegituraren hobekuntza (184 milioi euro). Jarduketarik aipagarrienak honako hauek izango dira: Donostiako Topoaren Lurpeko Pasagunea (57,9 milioi euro), Altza-Galtzaraborda tartea (26,2 milioi euro), Bizkaiko metroaren 5. lineako lehenengo hiru tarteetako obrak eta laugarren tartearen (Galdakaoko Ospitalea-Euskotrenen egungo linea) eraikuntza-proiektua idaztea (30,2 milioi euro). Halaber, Zarauzko geltoki berriak eta Euba, Bernabeitia eta Zaldibarko trenbide-pasaguneak amaituko dira (3,9 eta 4,4 milioi euro, hurrenez hurren), eta Altzolako saihesbideko obrekin eta Eibarko Geltoki nagusia-Azitain tartearen estaldurarekin jarraituko da (7,7 eta 6,3 milioi euro, hurrenez hurren).  Anoetako, Usurbilgo eta Zumaiako geltokien birmoldaketek aurrera jarraituko dute (4,1, 5,3 eta 1,5 milioi euro, hurrenez hurren). 
  1. Tranbia- eta tren-eskaintza handitzea. Tranbia-arloan, aurrera egingo da Bilboko tranbiaren (Zorrozaurre eta kotxetegi berriak) eta Gasteizko tranbiaren (Zabalgana eta kotxetegi berriak) informazio-azterlanetan eta eraikuntza-proiektuetan. Halaber, 786.000 euro Donostian autobus elektriko adimenduna (AEA) ezartzera bideratuko dira. 

Tren-arloan, berriz, Gipuzkoan lurraldearen mugikortasunerako garrantzitsuak diren beste hiru proiekturi ekingo zaie: Aginagan bidea bitan banatzea (1,25 milioi euro), Zumaiaren eta Donostiaren arteko maiztasunak 15 minutukoak izan daitezen; Loiolako Erriberetako aldageltokia eraikitzeko proiektuaren lizitazioa eta Pasaiako porturako metro bateko zabalerako trenbide-sarbidea (2,8 milioi). Horren eta Altza-Galtzarabordako obraren bidez, Pasai Antxo banatzen duen trenbide-sarea desagerrarazi eta zubibidea eraitsi ahal izango da. Bizkaian, Metroaren 4. linearen eraikuntza-proiektua idazten jarraituko da. 

Halaber, 1,18 milioi euro Irungo etorkizuneko hiri-pasabidera eta ADIFen geltoki berriko konexio intermodalera bideratuko dira, eta 365.000 euro, berriz, aldiriko trenen geltokia eta Astigarragako erdigunea lotuko dituen konexiora. 

  1. Bilboko metroaren bidezko garraioaren mantentze-lanak, erakunde eskudunekin; aurrekontua 38 milioi eurokoa izango da
  1. Euskal Trenbide Sare berrian aurrera egitea, 60,5 milioi euroko aurrekontuarekin. Kapitulu honetan, honako hauek nabarmentzen dira: Hernani-Astigarraga tartearen amaiera, eta Atotxako geltokia (51,8 milioi euro). Gainera, 5,66 milioi euro amaitutako tarteen likidazioetara bideratuko dira, eta 3 milioi euro, berriz, Abandoko (Bilbo) geltokira sartzeko tunelen eraikuntza-proiektua idaztera, horretarako gomendio espezifikoa sinatu ondoren.