Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak 754,4 milioiko aurrekontua izango du 2023an, % 33,7 gehiago

Argitalpen-data: 

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak Sailaren aurrekontuaren xehetasunak aurkeztu ditu ostegun honetan Legebiltzarrean. Aurrekontua 2023an 754,4 milioi eurokoa izango da, hau da, aurreko urtean baino % 33,7 handiagoa. Zenbateko horiek Sailak legegintzaldi honetan izango dituen hiru ardatz estrategikoetan sakontzeko izango dira: lurraldearen berrikuntza, berroneratzea eta egokitzapen jasangarria; etxebizitzaren beharra duten pertsonei erantzun integrala bermatzea; eta herritar guztientzat mugikortasun jasangarria, segurua eta irisgarria bultzatzea. Sail hau Eusko Jaurlaritzan inbertsio gehien dituzten bigarrena izango da, eta bere eskumen-esparruetatik sakonduko du gizarte- eta ingurumen-jasangarritasuna bultzatzeko, gizarte- eta lurralde-desberdintasunak murriztearen alde eginez, lurralde-plangintzaren, etxebizitzaren eta mugikortasunaren bidez. 

Termino absolututan, Garraio arloak izango du pisurik handiena, 467,2 milioi euro; Etxebizitzak, berriz, 322,31 milioi euro izango ditu, Alokabide eta Visesa sozietate publikoen zenbatekoak barne hartuta; halaber, Lurralde Plangintzaren arloak 42,2 milioi eurora arte handituko ditu bere kontuak.

 

GARRAIOAK 

Garraio arloak 467,2 milioi euroko aurrekontua izango du guztira, Euskal Autonomia Erkidegoko pertsona guztientzako garraio publiko jasangarria, kalitatezkoa, eskuragarria eta irisgarria sustatzeko.   

Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak 115 milioi euro erabiliko ditu, eta horietatik gehienak, 105 milioi, Euskotrenentzat izango dira. Sozietate publiko horrek gehikuntza handia izango du bere inbertsioetan, 24,4 milioitik 33,8ra pasatuz —Next Generation EU Funtsen ondorioz—, Donostialdeko metroaren zerbitzurako unitateak kontratatzeko programa amaitzeko, baita Bilboko metroaren 5. lineako bost unitate berrietarako ere —bigarren zerbitzu horretarako, egungo unitateak ere birmotorizatu egingo dira, linean jardun ahal izan dezaten—. Inbertsioak osatzeko, euskal tranbia-sistemaren salmentako eta baliozkotzeko sistemak modernizatu dira.  Euskotrenek hornigaietarako partida handitu du, energiaren eta erregaien kostuek gora egin dutelako, 27,2 milioi eurora iritsita.

Mugikortasun Jasangarriari eta Kable bidezko Garraioari buruzko Lege-proiektuak onartuta —biak gaur egun Legebiltzarrean izapidetzen ari dira— Garraioen arloko legegintza-egutegiaren konpromisoei aurre egin ondoren, 2023an Euskal Autonomia Erkidegoko Mugikortasun Jasangarriko Plana idazteari ekingo zaio. Euskal Autonomia Erkidegoko, Gipuzkoako eta Arabako garraio-agintaritzak bultzatuko dira, baita ordainketa-tituluen elkarreragingarritasuna ere, 2,9 milioi eurorekin, eta garraio-sektorerako laguntzen hazkundean sakonduko da, 1,1 milioi eurorekin. 

Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak 216 milioi euro izango ditu. Kopuru horri gehitu behar zaizkio trenbide-sare berria bultzatzeko 126 milioi euroko kudeaketa-gomendioak eta Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea bultzatzeko 8,7 milioikoak. 

Zuzendaritza honen jarduketa nagusiak:

 

  1. Trenbide-azpiegitura hobetzea; horretarako 155 milioi euro bideratuko dira. Kapitulu honetan, honako hauek nabarmentzen dira: Donostiako topoaren lurpeko pasabidearen jarraipena (34 milioi euro); Altza-Galtzaraborda tartea (18,7 milioi euro); Zarauzko geltoki berria eta San Pelaioko geralekua (10,4 milioi); geltokien, azpiegituren eta segurtasunaren hobekuntza orokorra, Euba, Bernabeitia eta Zaldibarko trenbide-pasaguneak kenduz (8,3 milioi). Next Generation EU funtsen bidez, 5 milioi euro bideratuko dira Geltoki Nagusia-Azitain tartean oinezkoentzako eta bizikletentzako pasealeku berria egiteko eta trenbideak estaltzeko. Ekitaldi honetan Altzolako laburbidea (5,8 milioi), eta Anoetako geltokia (4,1 milioi) eta Usurbilgo geltokia (3,8 milioi) eraberritzen hasiko dira.    

Bilboko metroan, 4. lineako eraikuntza-proiektua idazten jarraituko dute, eta, ekitaldian zehar, 5. lineako lehen hiru tarteetako obrak hasiko dira (19,1 milioi). Gaur jarri da abian horien lizitazioa. Gipuzkoan, Loiolako Erriberetako aldageltokia eraikitzeko proiektuaren lizitazioan aurrera egingo da, baita Pasaiako portuko trenbide-konexioan, Amarako salgaien saihesbidean eta Aginagako laburbidearen obren lizitazioan ere. 

  1. Tranbia-eskaintza handitzea: 4,3 milioi euro izango ditu. Atxuri-Bolueta tartean tranbia 2022ko martxoan jarri zen martxan, eta 2023an euskal tranbia-sistema Gasteizen luzatu egingo da, bertan Salburuarako adarra martxan jarriko baita. Ekitaldi honetan Zorrotzaurre eta bere kotxetegi berriak eraikitzeko proiektuak lizitatuko dira Bilbon, eta Zabalgana eta bere kotxetegiak Gasteizen, informazio-azterketak amaitu, jendaurreko erakusketak egin eta finantzaketa-akordioak sinatu ondoren. Era berean, 507.000 euro bideratuko dira Donostian AEAa (autobus elektriko adimenduna) ezartzeko, eta 322.000 euro Irungo konexio intermodaleko pasabidea eraikitzeko. 
  1. Bilboko metro-sareko garraio-zerbitzua mantentzeko bermea, erakunde eskudunekin lankidetzan, 55 milioi euroko 
  1. Euskal Trenbide Sare berriaren aurrerapena; 126,6 milioi euroko aurrekontua izango du, eta horietatik 71,1 milioi euro Eusko Jaurlaritzak abiadura handiko trena bultzatzeko bere gain hartzen duen Estatuaren aginduaren kudeaketa-kredituetan. Euskal Y-aren jarduketa nagusien artean, 2023an, Hernani-Astigarraga tartean, Atotxako geltokian eta Ezkio-Itsasokoan —likidazio-fasean— aurrera egingo da, eta Astigarragako geralekuaren obrak lizitatuko dira, azken hiruhilekorako aurreikusita daudenak. 

2023ko kontuek, gainera, 20 milioi euro dituzte abiadura handiko trenaren Bilborako sarbidea lurperatzeko. 35 milioi euro gehitu dira Astigarraga-Oiartzun, Lezo tarterako.