Garraio Sailak 5. linea Bilbo-Donostia linearekin lotzeko informazio-azterlana argitaratu du

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak Bilboko metroaren 5. linearen eta Bilbo-Donostia linearen arteko loturaren informazio-azterlana argitaratu du gaur. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak gaur argitaratu du ebazpena, bihartik, ostiraletik, aurrerako 30 egun baliodunetan, edukiari, interes orokorreko deklarazioa justifikatzen duten inguruabarrei eta trazaduraren kontzepzio orokorrari dagokienez udalek, elkarteek eta norbanakoek egoki iritzitako alegazioak aurkeztu ahal izan ditzaten.

Galdakaotik eta Usansolotik Bediako udal mugapeko loturaraino joango den 5. linearen tarte horri buruzko informazio-azterlanaren xedea 5. linea Durango-Bilbo-Txorierri trenbide-korridorearen erdiko tarte gisa integratzeko prozesua gauzatzea da.

Azterlanak bi trazadura planteatzen ditu. Lehenengoa 1,3 kilometro da luze, eta ospitaleko geltokiaren amaieratik ETSko trenbideekin lotzen den tarteraino doa, Bediako eta Usansoloko geltokien artean. Trazadura Ibaizabal ibaitik gertu dago, eta Bediako geltokitik Usansolora doan tartean dagoen zuzengunearen iparraldeko trenbidearekin lotzen da.

Bigarren trazadura, 1,6 kilometrokoa, informazio-azterlanak proposatzen duena, geroko faseetan gauzatu beharreko soluzio gisa, Usansoloko herrigunearen mendebaldera doa, eta bertan, egungo sarearekiko lotura aipatutako zuzengunearen hegoaldetik egiten da, Bediatik hurbilago dagoen eremuan. Alternatiba horrek 1.385 metro hartzen ditu tunelean, eta, horregatik, tunelaren tarteko puntu batean, larrialdietarako irteera gisa eskailerak dituen arrapala eta aireztapen-putzu bat proiektatu dira.

Lehenengo aukerarako aurreikusitako epeari eta aurrekontuari dagokienez, 21 hilabete, eta 47,3 milioi euroko hasierako aurrekontua (BEZ barne) dira. Bigarren kasuan, epea 22 hilabetekoa da, eta aurrekontua 42,5 milioi eurokoa (BEZ barne).

Informazio-azterlana jendearen esku egongo da, azter dezaten, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Galdakaoko Udaletxean, Bediako Udaletxean eta www.euskadi.eus webgunean, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraioen ataleko Azpiegitura Proiektuen Informazio Publikoaren atalean:

https://www.euskadi.eus/linea-5-galdakano/web01-a2garrai/es/

ETSk azaroaren 3an eman zion argi berdea metroaren 5. linearen lehen hiru tarteetako obren lizitazioari. Tarte horiek metroa Usansoloko Ospitalera eramango dute, Galdakaotik igarota. Trazadura berriaren 6,3 kilometroak eraikitzeko lanak, bost geltoki barne, 240 milioi eurotan zenbatetsita daude. Gainerakoa, aurrekontuan sartutako 360 eurorainokoa, egin barik dagoen lotura-tarteari, instalazioei (trenbidea, katenaria, seinale elektrikoak) eta laguntza teknikoei dagokie. Kopuru hori erdi bana finantzatuko dute Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak.