Eusko Jaurlaritzak Gasteizko Udalari eskatu dio zehaztu dezala zer trazadura nahi duen Zabalganako tranbiarentzat

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren eta Gasteizko Udalaren arduradunek bilera izan dute gaur goizean, Gasteizko Udalak eskatuta, tranbia Zabalganara hedatzearen inguruko azken gertaerak aztertzeko.

Bileran Iñaki Arriola sailburua, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Pedro Marco Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordea eta Raimundo Ruiz de Escudero Mugikortasunaren eta Espazio publikoaren arloko zinegotzia izan dira, eta bertan Udalak joan den ostiralean Udalbatzak hartutako udal-akordioaren berri eman du. Akordioaren harira, Garraioetako Sailak kotxetegiak Betoño auzora eraman eta bertan kokatzea adostearen alde agertu da, hiriaren hegoaldeko mugikortasunaren zailtasunez jabetuta. Baina ohartarazi du udal-akordioan jasotako proposamenetako batzuek, adibidez Jundizko industrialdera hedatzeak, Mercedesen lantegia igarota, edo informazio-azterlanean onartutako trazadura aldatzeak, de facto atzerapen handia ekarri dezaketela tranbiaren proiektuan.

Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzak Udalari eskatu dio adierazteko zer aukeraren aldekoa den, hau da, bere ustez zein den tranbia Zabalgana auzora hedatzeko trazadurarik egokiena, dirudienez Udalak bere garaian adostu zen eta Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Udalak elkarrekin aurkeztu zuten trazadura baztertzea erabaki baitu. Eta gogorarazi dio alternatiben azterlan bat dagoela eta bertan zazpi ibilbide ezberdinak aztertu direla udal-teknikariekin elkarlanean eta koordinatuta.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Udalari eskatu dio ez dezala sartu tranbia Mercedesen lantegiraino hedatzea gaur egungo informazio azterlanean; izan ere, nabarmen baldintzatzen eta atzeratzen duelako proiektuaren garapena. Garraioetako Saila ados dago mugikortasun-azterlan batean parte hartzearekin, hiriko puntu horri eta haren eskari espezifikoari zerbitzua emateko sistema egokiena zein den aztertzeko. Eta gogorarazi du tranbia Zabalganara eramateko gaur egungo proiektuan Jundizerako hedadura hori ez sartzeak ez diola atea ixten etorkizunean tranbia puntu horretararte zabaltzeari.

Orain aztertzeak eremuko mugikortasuna aztertzea ekarriko luke, lehenik eta behin, tranbia industrialdeko behar espezifikoetarako mugikortasun-sistema egokia den erabakitzeko. Eta, zehaztu ondoren, tranbia Zabalganara hedatzeko informazio-azterlana aldatu beharko litzateke, sarearen kudeaketa berria barne hartu beharko bailuke –maiztasunak, geralekuak, etab.–; izan ere, adarren luzera ezberdinek eragina izango lukete ardatz komunean. 

Bestalde, eta Lovainan planteatutako konponbideari dagokionez, Garraio Sailak adierazi du udal-proposamen batetik sortu dela. ETSko teknikariek tranbiaren proiektua Udaleko teknikariek adierazitako plazaren diseinura moldatu zuten, eta diseinu horrek, besteak beste, jada jaso zuen Luis Heinz kalea erdioinezkotzea. 

Edonola ere, Eusko Jaurlaritzaren ustez positiboa da Udalak Lovainako mugikortasuna sakondu nahi izatea, baina, aldi berean, uste du mugikortasun hori eremu zehatz horretan nahiz hiriko gainerako eremuetan zehaztea Udalaren eskumena eta ardura dela eta Udalak berak dituela, gainera, gauzatzeko datu zehatzak, baliabideak, ezagutza eta esperientzia, eta Udalak egin behar dituela dagozkion azterlanak.