Euskal trenbide sareko geltokiak genero-ikuspegiarekin diseinatzeko irizpideak jasotzen dituen Liburu Zuria argitaratu du Garraio Sailak

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak Liburu Zuria argitaratu du, Euskadin trenbide sareko geltokiak genero-ikuspegiarekin diseinatzeko irizpideekin . Gidaren helburua euskal trenbide-azpiegituraren erabiltzaile guztiek, euren adin-, genero- edo gaitasun-baldintzak edozein direla ere, espazioak eta zerbitzuak modu seguru eta erosoan erabil ditzaten soluzioak ezartzea da. 

Argitalpena gaur goizean aurkeztu da Zazpikaleetako geltokiko atarian egindako laneko jardunaldian. Iñaki Arriola sailburuaz gain, ETSko teknikariek ere hartu dute parte. Bertaratutakoen artean, bai instalazioen barruan, bai inguruan tren- eta tranbia-geltokien diseinuan eta eraikuntzan esku hartzen duten hainbat eremutako profesionalak zeuden. 

Jardunaldian zehar azaldu denez, garraio publikoaren estatistikak oro har, eta euskal trenbide garraioari dagozkionak bereziki, oso esanguratsuak dira. Emakumeak dira erabiltzaile nagusiak, baita Euskotrenen zerbitzuetan ere, guztien % 63 baitira. Modu berean, segurtasunik eza, bai espazio publikoetan, bai garraioan, nabarmenago hautematen dute emakumeek, eta horrek eragina du haien mugikortasunean. 

Abiapuntu horrekin, “hainbeste aldiz isilarazia izan den emakumeen iritzia kontuan izatera eta haien eskaerak eta beharrak kontuan hartzera behartuta geunden”, adierazi du Iñaki Arriola sailburuak. Eraiki berri diren geltokietako kalitate-estandar garrantzitsuetatik abiatuta, “genero-ikuspegia txertatu dugu gure azpiegituren diseinuan. Emakumeen mugikortasun-ereduak jarri ditugu analisiaren erdigunean”, gaineratu du. 

Horrela, eta trenbide azpiegiturei dagokienez aitzindaria den ekimenean, Liburu Zuria “gure geltoki guztiak genero-ikuspegi horretatik aztertzearen, gure instalazioen arazoak eta puntu kritikoak diagnostikatzearen eta soluzio globalak eta espezifikoak proposatzearen emaitza da”, Ernesto Martínez de Cabredo Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusiak zehaztu duenez. Aurkeztutako dokumentuak geltoki berrietan obrak egiteko orduan eta lehendik daudenak birgaitzeko edo hobetzeko eragiketetan jarduketa-esparrua ezartzen du. 

Ildo horretan, ETSk bere trenbide sarearen egungo egoeraren diagnostiko sakona egin du, eta genero-ikuspegitik hautemandako segurtasun-gabeziak pixkanaka zuzentzea proposatu du. Horretarako, urteko jarduketa-plana garatu eta dagokion aurrekontu-horniduraz hornituko du. Zehazki, erakunde publikoak milioi bat euro baino gehiago bideratuko ditu urte honetarako hainbat esku-hartzetarako. Horien artean sartzen dira Lasarteko (450.000 €) eta Elgoibarko (445.000 €) geltokien berrikuntzak, Toletxegaingo markesinarena (50.000 €), eta trena zer ordutan iritsiko den adieraziko duten teleadierazleak instalatzea hogei bat geltoki eta geralekutan (400.000 €). 

Puntu sentsibleenak trenbide pasaguneetan, lurpeko pasaguneetan, geltokietan, nasetan eta tranbia-geltokietan daude. Balizko arrisku-egoerei aurre egiteko esku hartzeko eremu nagusiak irisgarritasuna, argiztapena, garbitasuna, langileen presentzia edo ikuspena dira, mugimenduen askatasuna bermatzeko erabakigarriak direlako. 

Beste alderdi aipagarri bat inguruko espazioari buruzkoa da, hau da, geltokietarako sarbideek batzuetan gabeziak izaten dituzte segurtasunaren ikuspegitik, batez ere emakumeentzat, eta horiek dauden udalen eskutik jardutea proposatzen da leku horietan. Liburu Zuriak fokua zabaldu du, eta trenbide azpiegituraren ondoko espazio publikoaren urbanizazioari dagokionez baterako jarduketa-jarraibideak eskaini nahi ditu. 

Iñaki Arriola sailburuak laburbildu duenez, Liburu Zuriarekin “emakumeen mugikortasunari erantzun gura izan zaio, eta hori pertsona guztien mugikortasunari erantzutea besterik ez da. Orain arte ezkutuan zegoen errealitatea ikusarazten saiatu gara, eta, azaleratu denean, euskal tren-zerbitzuan partekatu nahi ditugun funtsezko hobekuntzak egiteko balio izan du”, azpimarratu du.