ETSk tranbiaren Atxuri-Bolueta lineako Los Caoseko geltokia eraikitzeko proiektua lizitatu du

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen  Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak, joan den martxotik Bilboko Atxuri eta Bolueta auzoak lotzen dituen tranbiaren Los Cañoseko geltokia eraikitzeko proiektua lizitatu du aste honetan. Azterlana idazteko 170.000 euroko aurrekontua (BEZik gabe) eta 10 hilabeteko epea daude. 

Ekitaldi instituzionalean, Bilboko tranbiaren sarea 2,3 kilometro gehiago luzatuko zela eta Abusu-La Peñan eta Boluetan beste bi geraleku izango zituela iragarri zen. Horrez gain, azpiegitura hori batera finantzatzen duten Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak Los Cañosen beste geraleku bat eraikitzeko duten asmoa aurreratu zen, Miraflores eta Indalecio Prieto etorbideen artean dagoen biribilgunearen parean. 

Geltoki berriak Miraflores etorbidearekin lotzeko igogailua izango du, eta pasabide baten bidez iritsiko da bertara, Santutxuko behealdean bizi diren eta Los Caños pasealekuan tarteko geltokia dutenei zerbitzua emateko. Era berean, Ibaizabal ibaia inguratuz oinezkoentzako pasabideraino joango den bidea egokituko da. Pasabide hori estali egingo da, eta Los Caños pasealekua eta ibaiaren beste aldean dagoen Zamakola kalea lotuko ditu. 

Geltoki berriak alboko nasak izango ditu trenbideen bi aldeetan. Horietako bakoitzak markesina bat izango du. Markesina horrek, eguraldi txarretik babesteaz gain, igarotzea kontrolatzeko eta txartelak erosteko beharrezkoak diren elementu guztiak (baliogabetze- eta salmenta-makinak), instalazioen armairua eta informazio- eta publizitate-errotuluak izango ditu. 

Joan den martxoan tranbiaren Boluetarainoko luzapena martxan jartzeak, azken urteotan hirigintza-garapen nabarmena izan duen auzoko geltoki berritik hurbilen dagoen gunean bizi diren hiru mila pertsona ingururi emango die zerbitzua. Los Cañosen geralekua egiteak Santutxuko eta La Peñako zenbait gunetara hurbilduko du Bilboko tranbiaren sarea. Luzapen horrekin sareak 8 kilometroko luzera hartu du.