Burdinbidearen Euskal Museoak erakusketa bat antolatu du gerra zibilean eta frankismoan zehar bortxazko lanen biktimen omenaldian

Argitalpen-data: 

Burdinbidearen Euskal Museoak erakusketa bat antolatu du gerra zibilean eta frankismoan zehar eskulana egiteko esklabu gisa erabili ziren bortxazko lanen biktimen omenez. Erakusketa iraunkorra izango da, eta agerian uzten du nola 1937an hasita, eta diktaduraren tarte luze batean, milaka gerrako preso erabili ziren, eta ondoren preso arruntak, herriak eta azpiegiturak berreraikitzeko edo errepide, urtegi edo burdinbideak eraikitzeko. Horien artean zigor-destakamentuak ditugu, lehengoa Gernikakoa eta geroago Bermeokoa. Foruko hiribildutik eraikuntza-hondakinak ateratzen eta, gerora, hiribildua berriz altxatzen parte hartu zuten. Gainera, geltokia eta trenbidea berreraiki zituzten eta Sukarrietatik herri marinel hartaraino trenbidea zabaldu zuten. 

Historiako pasarte hau jasota uzteko, gehienbat Euskal Herriko Kriminologiako Profesionalen eta Ikasleen Elkarteak (APECPV-EHPIKE), Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailarekin batera, otsailean aldi baterako erakusketa antolatu zuen, eta behin betiko Azpeitian instalatzeko egokitu da. Ekitaldian familia eta errepresaliatu-talde handi batek parte hartu zuen. Gainera, ikerketaren ondorioz liburu bat argitaratu zen bildutako material guztiarekin. 

Erakusketa gaur goizean ireki da museoan bertan, eta han izan dira Pedro Marco Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko sailburuordea eta Ernesto Martínez de Cabredo nahiz Javier Seoane Euskal Trenbide Sareko eta Euskotreneko zuzendari nagusiak, hurrenez hurren, Juanjo Olaizola, museoko zuzendariaz gain. Guztiak ados daude gizaki haiei kendu zitzaien duintasuna erreibindikatzeko orduan. Izan ere, “porrota frankismoaren esklabo gisa lan eginez kitatu zuten”. “Ahaztu ezin dugun oroimen historikoaren beste pasarte bat”. 

Espainiako Gerra Zibilaren ondoren, Busturialdeko eskualdean, Bizkaian, Espainiako Errepublikaren alde borrokatu ziren edo, besterik gabe, hari atxikiak ziren gizon asko, preso arruntez gain, gerrak eragindako ondorioak berreraikitzen lan egitera behartu zituen diktadurak. 

Bonbardaketaren ondoren Gernika eta bere trenbidea berreraikitzea eta Sukarrieta eta Bermeo arteko linea zabaltzea izan ziren haien lanaren parte. Baldintza negargarrietan lan egin zuten han, eta, gainera, erbesteratze- eta deserrotze-zigorrak jasan zituzten, preso gehienak Extremaduratik edo Andaluziatik ekartzen baitzituzten, besteak beste. 1944. urteaz geroztik, ehundik gora “libertok” ere lan egin zuten obretan; hala deitzen zieten indultua jaso zuten edo zigorra beteta zuten presoei. Preso horietako asko, diktadurak beren jaioterrietatik erbesteratuak, eskualdean bizitzen geratu ziren. 

Trenbidea 1955ean inauguratu eta bete-betean funtzionatzen ari zen arren, gizonek lan osagarriak egiten jarraitu behar izan zuten, behin betiko amaituta utzi arte. Obrak errematatu ondoren, Bermeoko destakamentu penala 1958an desegin zuten eta bertan zeuden 30 presoak Madril eta Murtziako beste zentro batzuetara eraman zituzten. 

Tren historikoen zirkulazioa 

Datorren zubian zehar museoak lurrun trakzioko tren historikoak jarriko ditu zirkulazioan, honako egun eta ordutegi hauetan: 

Abenduak 3 (larunbata): irteerak 12:00etan eta 17:00etan.

Abenduak 4 (igandea): irteera 12:00etan.

Abenduak 6 (asteartea): irteera 12:00etan.

Abenduak 8 (osteguna), urteko zirkulazio historikoen azken eguna: irteerak 11:00etan (Alsthom 1004 diesel lokomotorrarekin), 12:00etan (Zornotzatik Gernikarako zihoan treneko Zugastieta lurrun lokomotorrarekin) eta 13:00etan (Aurrera lurrun-lokomotorrarekin). Nabarmentzekoa da Alsthom 1004 lokomotorra Sukarrietatik Bermeorako trenbidea inauguratu zenean erabili zen 1001en berdina dela, eta Zugastieta 1955ean Gernikara heldu zen lehenengo lokomotorra izan zela.

5ean (astelehena) itxita dago. 7an eta 9an, ordea, ez. Orain museoaren ordutegia asteartetik larunbatera da, 10:00etatik 13:30era eta igande eta jaiegunetan 10:30etik 14:00etara. Gabonetako oporrak direla eta, 18tik aurrera itxita egongo da, eta urtarrilaren 10ean irekiko da.