Topoak trenbide bikoitzeko zirkulazioa berreskuratu du Lugaritz inguruan

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurralde Plangintza eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak, datorren astelehenetik aurrera berreskuratuko du zirkulazioa, trenbide bikoitzean, Topoaren Lugaritzeko geltokiaren irteeran. Horrela, amaitutzat emango dira Lugaritz eta Amarako zaku-hondoa kenduko duen etorkizuneko trenbide saihesbidea lotzeko lanak. Lan horien barruan hiru terminal berri eraikiko dira: Bentaberri, Erdialdea-Kontxa eta Easo.

Lugaritzeko saihesbidea Topoaren saihesbidearekin lotzeko hondeaketa-lanen ondorioz, joan den urteko otsailetik, metro batzuetan trenbide bakarretik zirkulatu behar izan zen aipatutako geltokiaren irteeran, Amararako noranzkoan, lanak gertu zeudelako. Hartutako eraikuntza-metodoaren premisa, tarte horretan, eta, ondorioz, Lasarte-Hendaia adarrean, uneoro zirkulazioari eustea izan zen, eta, era berean, bidaiari gehieneko uneetan ordu eta noranzko bakoitzean zortzi treneko maiztasunari eustea.

Lugaritz-Mirakontxa tartea 2,1 kilometro da luze, eta gaur egun zerbitzua ematen ari den Lugaritzeko tunelean hasten da. Geltokiaren irteeran, Amararako noranzkoan, elkargune bat egin da, puntu horretatik saihesbidearen trazadura berrirantz joan ahal izateko, edo egungo tuneletik zirkulatzen jarraitzeko.

Horretarako, iazko maiatzean, zerbitzuan zegoen tunelaren eta saihesbidearen arteko lotura egin zen. Azken horrek lotuko du Bentaberriko geralekuarekin. Ondoren, lehendik zegoen tunela handitu zen, 12 metroko zabaleratik 20 metrora arte, lau trenbideak jasotzeko, bakoitzari dagokion tuneletik desbideratu aurretik.

Trenbide berria zulatzeko, estaltzeko, iragazgaizteko eta jartzeko lanak gauez egin dira. Bibrazioak arintzeko eta, ondorioz, inguruko hiri-ingurunean inpaktu akustikoa eta bibrazioari dagokiona murrizteko, komenigarritzat jo zen, lotunearen ondoko zatian eta lotura puntuan bertan, trenbidea harlauza flotatzaileen multzo baten gainean jartzea. Lauza horiek, elastomero izeneko banden gainean jarritako hormigoi armatuzko pieza aurrefabrikatuz osaturik daude.

Lehenengo tartea Mirakontxan amaitzen da, eta bertan hasten da 2,1 kilometroko luzera duen bigarrena, Easoko geltokian amaitzeko. Bertan egongo da trenbide saihesbidea egungo trenbidearekin lotzeko beste puntua, kasu horretan Morlans inguruan, geroago eraikiko den Easoko terminala baino pixka bat aurrerago, Anoetako noranzkoan.