Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak 564,4 milioi eurora arte gehitu du aurrekontua 2022an, % 11,4 gehiago

Argitalpen-data: 

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren aurrekontua 564,4 milioi eurokoa izango da 2022an —aurreko ekitaldikoa baino % 11,4 handiagoa—, eta legegintzaldi honetarako sailak izango dituen hiru ardatz estrategikoetan sakontzeko zenbatekoak izango ditu. Hiru ardatz hauek dira: lurraldearen berrikuntza, berroneratzea eta egokitzapen jasangarria; etxebizitza baten beharra duten pertsonentzako erantzun integrala bermatzea; eta herritar guztientzako mugikortasun jasangarria, segurua eta irisgarria bultzatzea. Iñaki Arriolak zuzentzen duen arloa Eusko Jaurlaritzaren bigarren inbertsiogileena izango da, eta gizarte- eta ingurumen-jasangarritasuna bultzatzearen alde lan egingo du. Horretarako, lurralde-plangintzaren, etxebizitzaren eta mugikortasunaren bidez, lurralde- eta gizarte-desberdintasunak murriztearen aldeko apustua egingo du. 

Termino absolutuetan, Garraio-arloak izango du pisurik handiena: 365,7 milioi euro.

Gauzak holan, Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak 97 milioi euro izango ditu erabilgarri, eta horietako gehienak, 91 milioi, Euskotrenentzat izango dira. Salgaien eta pertsonen garraioa garatzeko 3,4 milioi euro jarriko dira. Horietatik 2,4 milioi Euskadiko, Gipuzkoako eta Arabako garraio-agintaritzak bultzatzeko jarriko dira, baita ordainketa-tituluen elkarreragingarritasuna sustatzeko ere. Arauen arloan, Mugikortasun Jasangarriaren Legea eta Kable bidezko Garraioaren Legea igorriko zaizkio Gobernu Kontseiluari, Legebiltzarrean tramitatu aurretik onar ditzan. 

Euskotren-Eusko Trenbideak sozietate publikoak guztira 107,8 milioi euroko aurrekontua izango du, eta aintzat hartzen du Bilboko eta Gasteizko tranbietarako plantillak barnean hartzea eta prestatzea, baita 4 tren-unitate kontratatzea ere, etorkizuneko Donostialdeko Topoaren lurpeko saihesbidea abian jar dadin.

Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzak 212,4 milioi euroko aurrekontua izango du. Zenbateko horri gehitu behar zaizkio 48,2 milioi euroko kudeaketa-aginduak, trenbide-sare berria bultza dadin, eta beste 8,1 milioi euro Hegoaldeko Trenbide Saihesbiderako, guztira 268,7 milioi euro

Zuzendaritza horren jarduketa nagusiak dira: 

  1. Trenbide-azpiegitura hobetzea, horretarako 129 milioi euro jarriko dira. Kapitulu horretan nabarmentzen dira: Topoaren Lurpeko Pasanteari jarraipena ematea Donostian (25,3 milioi euro); Altza-Galtzaraborda tartea (17,6 milioi euro); Zarauzko geltoki berria eta San Pelaioko geralekua (5,9 milioi euro); trenbidea berritzea (8,6 milioi euro); geltokiak, azpiegiturak eta segurtasuna oro har hobetzea (4,6 milioi euro); eta transferitutako lineen hobekuntza (3,9 milioi euro). Europako funtsak berresten direnean, lizitatuko dira Eibar-Azitaingo lanak. 
  1. Hiri-garraioaren barruan trenbide-eskaintza handitzea, tranbiaren azpiegitura garatu, egokitu eta hobetzeko beharrezkoak diren jarduketen bidez, 14,2 milioi euroko Hor sartzen dira Gasteizko tranbia Salburua auzora eramatearen azken lanak (13,5 milioi euro) eta Bilboko tranbia Atxuri-Bolueta tartera zabaltzea (0,7 milioi euro), tarte hori udaberrirako zerbitzuan jartzea aurreikusten da. Bilboko eta Gasteizko tranbia-sistemen hedapenei buruzko informazio-azterketak amaituko dira (Bilbon Zorrozaurre, kotxetegi berriak eta tranbia-eraztunaren itxiera, eta Gasteizen Zabalgana eta kotxetegi berriak). Era berean, 260.000 euro jarriko dira Donostian autobus elektriko adimenduna ezartzeko —beste hitzarmen bat egingo da, baina Sailaren babes ekonomiko bera izango du—. Leioan, eta Udalarekin elkarlanean, aurrera egin da garraio elektrikoko sistema bat sortzeko Leioa-UPV/EHU linearako. Aurrekontuan Gasteizko karga-unitate funtzionalerako 3,8 milioiko erreserba egin da, 2022an linea guztia elektrifikatuta egon dadin. 
  1. Metro-sarearen garraio-zerbitzua bermatzea, erakunde eskudunekin elkarlanean, 66,8 milioi euroko Oinarrizko partida Bilboko Metroa kudeatzen duen Bizkaiko Garraio Partzuergoari egindako ekarpena da (61 milioi euro). Horrez gain, 4. eta 5. lineak garatzen jarraituko da. 
  1. Euskal Trenbide Sare Berriak 51,9 milioi euroko aurrekontua izango du aurrera egiteko; horietatik 48,2 milioi Eusko Jaurlaritzak bere gain hartzen duen Estatuaren mandatua kudeatzeko kredituak izango dira, eta 3,7 milioi finantzaketa propiokoak. Euskal Y-aren jarduketa nagusien artean, 2022an aurrera egingo da Hernani-Astigarraga tartean, Atotxako estazioan eta Ezkio-Itsasoko geltokian, eta Astigarragako geralekuko obrak lizitatuko dira.  

Trenbide bidezko salgaien garraioa eta portuetako konektagarritasuna 8,2 milioi eurorekin. Jarduketak oinarritzen dira Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen zenbait tarteren eraikuntza-proiektuak lizitatzean. Era berean, aurrera egingo da Pasaiako portuarekiko konexioan eta Lezoko eta Jundizko plataforma logistikoetan.

Inaki Arriolak zuzentzen duen sailaren beste bi atalei dagokienez, Etxebizitza-arloak, berriz, 266,6 milioi izango ditu, bere sozietate publikoen (Alokabide eta Visesa) aurrekontuak batuta. Lurralde Plangintzaren arloak, bestalde, 19 milioi euro kudeatuko ditu.