Gaur eguerdian irekiko da era partzialean San Martin kalea Urbieta eta Hondarribia kaleen artean

Argitalpen-data: 

Gaur eguerdian, San Martin kalearen zati handi bat herritarrentzat berreskuratuko da, Urbieta eta Hondarribia kaleen artean, hilabete batzuk erabat moztuta egon ondoren. Hilabete horietan, piloteen pantailak jartzeko lanak egin dira, topoaren Erdialdea-Kontxako geltokiko Loiolako sarbideko kanoia eraikitzeko. 

Zehazki, bidegorri bat gaitu eta Artzain Onaren Plazaren aldeko espaloia berreskuratuko da. Hala ere, arkupeen aldean dagoen espazioa handitzen da. 

San Martin kaleko arkupetik hurbilen dagoen erreia obrara sartzeko erabiliko da; izan ere, udan zehar Loiola kaleko kanoia hondeatzeko lanei ekingo zaie. Piloteak gauzatu ondoren egindako hormigoizko estalkiaren azpian egingo dira hondeaketa lanak, hau da, Xabier Zubiriko sarbideko hondeaketa-lanetan egin zen antzera. 

Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoa egiten ari den obrek aurrera egin ahala, lanak egiteko okupatutako lursailen parte batzuk hirirako berreskuratuz joan daitezke. Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak duela gutxi aurreratu zuen bezala, uztailean Bentaberri kiroldegiko kanoiaren kanpoko aldean obrak egiteko mugatutako espazioa ere murriztu egingo da, azken urbanizazioa urte amaierarako osatuta egon dadin. Bentaberri plazan ere txikitu egingo da uztailean obraren eragin-eremua eta, kasu horretan, 2022ko otsailean amaituko da kanpoko urbanizazioa.