ETSk ikerketa geotekniko kanpaina hasi du eta 4. lineako azterlanekin jarraitzen du

Argitalpen-data: 

Garraio Sailak, ETS erakunde publikoaren bidez, Errekalde eta Irala inguruan informazio gehigarria biltzeko eta Bilboko Hiri Trenbidearen 4. linea aztertzen jarraitzeko azterlan geologiko geotekniko kanpainari ekin dio.

Gaur bertan Errekalde plazan hasi diren lan horien helburua, lurra hobeto ezagutzea ahalbidetuko duten ezaugarri geologiko, geotekniko eta hidrogeologiko nagusiak zehaztea izango da. Kanpaina errotazio bidezko zundaketetan oinarritzen da, lekukoaren etengabeko berreskurapenarekin eta azterketa geofisikoarekin, trazadura berria zeharkatuko duen zorupearen aurretiazko karakterizazioa lortzeko eta, modu berean, proposatutako soluzioak zailtzen dituzten lurraren balizko arazoak detektatzeko.

Azken txostenak lortutako datu guztiak taldekatu eta prozesatuko ditu, trazaduraren ezaugarri geologiko-geoteknikoak ahalik eta modu zehatzenean definitzeko, eta hautemandako materialen eta mailen profil estratigrafikoak eta karakterizazio geoteknikoa definitzeko.

Bien bitartean, informazio-azterlanaren idazketa urtea amaitu baino lehen amaitzea aurreikusten da. Ondoren, ETSko arduradun teknikoek gainbegiratuko dute, eta jende aurrean jarriko dute.