Durangoko tren geltokira sartzeko igogailu berria eraikitzea lizitatu du ETSk

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, Euskal Trenbide Sarearen bitartez, Durangoko tren geltokira iristeko igogailu berria eraikitzeko lanak lizitatu ditu. Lanek hiru milioi euro inguruko hasierako aurrekontua dute, BEZik gabe, eta hamabi hilabeteko egikaritze-epea. Horren barruan sartzen dira 87 metro luze izango den euste-hormaren eraikuntza eta 20.580 metro koadroko azalera duen lurzatiaren deskontaminatzea.

Joan den otsailean lehengo terminala zegoen lekuan geltokirako sarbide nagusia ireki ostean, 2012ko abenduan trenbidearen lurperatzea martxan jarri zenean Durangoko erdigunean libre geratu zen 60.000 metro koadroko lurzatia urbanizatzeko fase berriari ekingo dio ETSk orain. Hain zuzen ere, Iñaki Arriolaren sailak eta Udalak gune horren hirigintza arloko garapenerako aurreakordioaren berri eman dute.

Sarbide berria geltokiaren iparraldeko isurialdean, gaitutako eskailera mekanikoen azken zatitik gertu, dagoen igogailuaren bidez egingo da. Igogailu horrek kalearen maila mezzaninaren edo beheko atariaren mailarekin lotuko du, eta 10 metroko desnibela gaindituko du. Geltoki kaletik zuzenean sartzeko, makina baliogabetzaile berriak eta txartelak saltzeko makina bat instalatu beharko dira mezzaninan; izan ere, gaur egun, kontrako muturretik baino ezin da sartu nasetara. Jasogailuak 13 pertsonentzako edukiera, eta beiraz estalitako egitura metalikoa izango du. Horrela, ekintza bandalikoek eragindako kalteen arriskua eta mantentze-lanak minimizatu egingo dira. Kanpoko urbanizazioa hormigoizko baldosa aurrefabrikatuaren bidez egingo da.

Hormigoi armatuzko egitura izango duen behin betiko euste-hormak egungoa ordeztuko du. Egungoa behin-behinekoa da eta tipologia nahasiak ditu, harkaitzeraino eta buloietaraino sartutako errailak, eta horma pantaila-ainguratua, besteak beste. Proiektatutako egitura berria 87 metro da luze, eta 10 metrotik beherako desnibela gainditzen du. Mendebaldeko 67 metroak egiteko, horma aurrefabrikatuko 27 modulu jarriko dira, bakoitza 2,40 metroko zabalerakoa. Ekialdeko gainerako 20 metroak, berriz, in situ egingo dira. Horma berriaren eta beirazko argizuloaren arteko eremua estalki arin iragazgaitz batez itxiko da. Kanpoko panelak zinkezkoak izango dira, gainerako terminalean daudenen forma eta kolore berekoak.

Lizitazioaren xede den proiektuak, halaber, 20.580 metro koadroko azalera hartzen duen eta geltokiaren ondoan dagoen Euskotrenen lantegi eta kotxetegi zaharren lursaila deskontaminatzea aurreikusten du. Eremu hori lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten lurzoruen inbentarioan dago. Bere garaian, Euskotrenen parke mugikorraren mantentze- eta konponketa-lanak egiten ziren bertan. Gaur egun, lekua hesitutako orube bat da, eta bertan ez dago inolako eraikinik. Eraikinak egon ziren lekuetan, hormigoizko zoladura egoera onean dago. Hala ere, industria-jarduera bertan behera utzi ondoren, hirigintza arloko aldaketa aurreikusten da, eta, horren ondorioz, etxebizitzak eraiki eta espazio libreak egokituko dira.