Comsa-Campezo-Azvi-Nortúnel aldi baterako enpresa-elkarteak aurkeztu du Altza eta Galtzaraborda arteko topoaren saihesbidea egiteko eskaintzarik onena

Argitalpen-data: 

Comsa-Campezo-Azvi-Nortunel aldi baterako enpresa-elkarteak aurkeztu du Altza eta Galtzaraborda arteko topoaren saihesbidea egiteko eskaintzarik onena. Obra zibilaren aurrekontua 64,1 milioi eurokoa da, eta 46 hilabeteko epea dute lanak egiteko. 

Altza (Donostia) eta Galtzaraborda (Errenteria) arteko bi kilometroko tartea eraikita, 2016ko irailean Topoa Herreratik Altzara eraman zuen trenbide bikoitzeko trenbide saihesbidea osatuta geratuko da. Lanen artean, Pasaiako erdigunean lurpeko geltoki berri bat eraikitzea ere sartzen da. 

Euskal Trenbide Sareko kontratazio-organoak Comsa-Campezo-Azvi-Nortúnel ABEEak aurkeztutako eskaintzarik onena onartu eta dokumentazioa egiaztatu ondoren, datozen egunetan egingo da esleipena, lanak udazkenean hasi daitezkeela aurreikusita. Zerbitzua martxan jarrita, Altza, Pasaia eta Galtzarabordako topoaren erabiltzaileek 7,5 minutuz behingo maiztasuna izango dute hiriburuaren erdigunera egiten dituzten joan-etorrietan. 

Gaur egun zaku-hondoa den Altzatik, trazadura berriak meategi-tunel bidez egingo du aurrera, Donostia eta Pasaia arteko muga markatzen duen Eskalantegi kalearen pareraino. 

Ondoren, ibilbide berriak mendebaldetik ekialdera zeharkatuko du Pasaia, tunel faltsuan, eta, Pasaiako saihesbidearen eta Topoaren egungo trazaduraren azpitik igaro aurretik, meategi-tunelean jarraituko du, Errenteriara iritsi arte. 

Puntu horretan, diseinaturiko trazadura kanpora irtengo da Parke kalearen parean, une honetan Topoa igarotzen den ibarbidean jadanik, Galtzarabordako geltokiaren hasieran egungo trenbideekin bat egin arte. 

Pasaiako geltokia 

Pasaian, lurpeko geltoki bat egitea proposatzen da, Gure Zumardia kalearen ondoko plazaren azpian. Sarbidea Eskalantegi kalean egongo da, eta igogailua, plazan bertan. Larrialdietarako irteera San Markos kalean egongo da. Trenbideak nasak alboetan izango ditu, baina eskailerak atari bakar batean amaituko dira, eta bertatik irtengo da kalera. Bi nasak ere igogailu baten bidez konektatuko dira atariarekin.

Molinao errekaren presentziak eta inguruko eraikuntzek Pasaiako geltokitik igarotzen den linearen trazadura eta sarbideen eta larrialdiko aireztapenen kokapena baldintzatzen dute. 

Pasaiako geltokia “cut&cover” (moztu eta estali) metodoaren bidez gauzatuko da. Horretarako, gainazaletik, geltokia hartuko duten pantailak egingo dira, hidrofresa erabiliz.