Aurrerapausoa tranbia Salburura luzatzeko lanetan Iliada eta Astronomoen arteko biribilgunean bidearen lehen hormigoiztatzearekin

Argitalpen-data: 

Iliada pasealekuak eta Astronomo kaleak bat egiten duten biribilgunea, Gasteiztik Salburuara luzatuko den tranbiaren lehen hormigoiztatzearen lekuko izan da gaur goizean. Mugarri sinboliko horrek trenbidea behin betiko posizioan, modu mugiezinean, finkatzea ekarriko du.

Hormigoiztatu aurretik, beharrezko egiaztapen eta zuzenketa guztiak egin dira, trenbidea bere zabalera, lerrokadura eta nibelazio egokiarekin utzi arte.

Tranbia Salburuara luzatzeko lanetan ematen ari diren aurrerapausoak Salburua Bulebarrean eta Iliada pasealekuan ikusten dira bereziki. Bide horretan, trenbidea muntatzeko lanak hasi dira dagoeneko Jacinto Benavente, Vicente Alexandre, Astronomos eta Budapest kaleak bat egiten duten biribilguneetan. Datozen asteetan gainerako tarteetako hormigoiztatzeak osatuko dira, eta ekainaren amaieran Salburuako Bulebarrean bidea hormigoiztatzeko lanak hasiko dira.

Iliada pasealekuan, lanen ardatza kale horretako hegoaldeko espaloi berria eraikitzea da, eta baita hondeaketa lanak egitea eta zerbitzuak desbideratzea ere. Aurreikuspenak betetzen badira, uda hasieran Iliada pasealekuko trafikoa behin betiko bideetara eramango da.

Apirilaren erdialdetik, Salburuako Bulebarrean, ibilgailuen trafikoa obren barruan eraikitako bide berrietatik igarotzen da. Trafiko-aldaketa horri esker, tranbiak hartuko duen espazioa libre utzi ahal izan da. Une honetan, ukitutako zerbitzuak desbideratzeko eta hondeaketa lanak egiten ari dira eremu horretan, tranbiaren plataforma bera eraikitzeko lehen lanekin batera. 

Proiektua

Eusko Jaurlaritzak, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak finantzatzen dituzten tranbia Salburura luzatzeko lanak 2020ko uztailean hasi ziren. 30 hilabeteko epea dago lanak egiteko eta 15,5 milioi euroko aurrekontua esleitu da.

Adar berria 2.575 metro da luze, metro bateko zabalerako trenbide bikoitzean, Floridako geltokitik hasi eta Salburua auzoaren iparraldean, Martxoaren 8ko etorbidean, dagoen geraleku berriraino. Plataformak 7 metroko zabalera estandarra eta trenbide arteko 3,5 metroko zabalera izango du, Iliada pasealekutik Salburuako Bulebarrera biratzean izan ezik, leku horretan zabalera 9 metrokoa izango baita.

Trazadurak bost geltoki ditu (Santa Luzia, Iliada, Nikosia, La Unión eta Salburua), eta Gasteizko tranbiaren beste adarretan dauden geltokiak diseinatzeko erabili diren oinarrizko irizpideei jarraitzen diete.

Horietako bakoitzak kaletik zuzenean sartzeko aukera izango du, eta trenbidearen alde bakoitzean nasa bat izango du, 50 metroko luzerakoa, alde bakoitzeko 5 metroko arrapala barne, 3,5 metroko zabalerarekin. Nikosia eta Salburua geltokien inguruan Bretelleak edo gurutzaketak jarriko dira tranbien maniobrak errazteko.

Proiektuaren barruan, luzapenak hartuko dituen kaleak erabat berritzea sartzen da, % 95ean bide berdean joango den ia trazadura osoan zehar tranbiaren plataformaren ondoko 2,20 m-ko zabalerako bidegorria sartzeko.