Atotxako geltoki berria eraikitzeko lanen aurrerapenak ekainaren 1etik aurrera erdialdea eta Egia lotzen dituen goiko pasabidea moztera behartuko du

Argitalpen-data: 

Abiadura Handiko Atotxako geltoki berriaren obren aurrerapena dela eta, datorren ekainaren 1etik aurrera, Donostiako erdigunea eta Egia auzoa lotzen dituen gaineko pasabidea jendearentzat moztu beharko da. Irailera arte, Erdialdea-Egia lotura beheko pasabidetik bakarrik egingo da, eta irailetik aurrera Terminus Hotelaren eta Mandasko Dukearen Pasealekuaren (38-40) artean jarriko den behin-behineko pasabidearen bidez.

Proiektuan jasotako aldaketa horien guztien arrazoia, Atotxako behin-behineko geltokia laster hasiko dela eraikitzen da. 2022ko udan jarriko dela martxan aurreikusten da, eta obrak behin betiko amaitu arte funtzionatuko du.

Euskal hiriburuetan eraikiko diren Euskal Y-aren hiru terminaletatik lehena izango da Atotxakoa. Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailari dagokio terminal hori gauzatzea, Sustapen Ministerioak 2017ko abenduaren 27an Gipuzkoako tartea gauzatzeko agindua zabaldu baitzuen.

Atotxako geltoki berria Norteko geltokiaren eta Tabakalera inguruaren egungo arkitekturan txertatzen da, eta, aldi berean, garraiobide ezberdinen arteko lotura bultzatuko du: aldiriak, abiadura handia eta autobusak. Gainera, trenbide zabalgune berriaren gainean, Tabakalerako eraikinaren lehen solairuaren parean, eraikiko den estalkiarekin, 5.723 m²-ko azalera duen espazioa sortuko da, eta herritarrek erabiltzeko eta gozatzeko plaza publiko bihurtuko da. Eraikinetik bertatik zuzeneko sarbidea izango du

Obren garapena

Ekainaren 1ean hasiko dira lehendik dagoen pasabidea desmuntatu aurreko lanak: barandak, zoladura eta estalkia kenduko dira, eta ekainaren 19an eta 20an programatutako trenbide zirkulazio mozketara arte gauzatuko dira. Ekainaren 20an, taularen erdia osorik altxatuko da, garabi handi batekin.

Lanen xede den eremu horretan egongo da behin-behineko geltokia. Aurreikuspenen arabera abuztuan hasiko da eraikitzen, etorkizuneko geltokiaren beheko atariko pantailak gauzatzearekin batera. Geltokiaren Egia aldea behin-behineko geltoki gisa ere erabiliko da, obrak behin betiko amaitu arte.

Eskailera finkoak eta igogailua izango dituen behin-behineko geltokira Nestor Basterretxea Plazatik baino ez da sartuko.

Lan horiek egiteko, Egia aldeko eremua ohiko trenen aparkalekutik libre utzi behar izan da, eta egoera hori behin betikoa izango da, aurrerantzean konboiak Pasaiako trenbide eremura igaroko baitira lotara.

Aldi berean, ekainetik aurrera, erdialdea eta Egia lotuko dituen behin-behineko pasabidea muntatzeko lanak hasiko dira. Bi sarbideak Terminus Hotelaren eta Mandasko Dukearen pasealekuaren (38-40) parean egongo dira.

Geltoki berriaren obrak amaitu arte trenbide igarobidearen bi aldeak lotzeko balioko duen goiko pasabide berriak 3 metroko zabalera izango du, eta sarbide bakoitzean eskailera finkoak eta kristalezko igogailua izango ditu.

Uda amaieran Egiako lurpeko pasabidetik igarotzeko aukera ere eten egingo da, beraz, erdialdea eta Egiaren arteko lotura behin-behineko goiko pasabidetik egin beharko da.