Aste Santuan Atxuriko geltokian egingo diren obrak direla eta, tranbiaren amaierako geltokia Erriberan egongo da

Argitalpen-data: 

Apirilaren 1etik 5era, biak barne, tranbiaren Atxuriko amaierako geltokia Erriberara aldatuko da, ehun urte baino gehiago dituen geltokira doan kurban trenbidea berritzeko Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak egin gura dituen obrak direla eta.

Trenbidea berritzeko lanak, funtsean, higatutako erreiaren ordez errei berri bat jartzean oinarritzen dira. Hori dela eta, beharrezkoa da galtzadaren zati bat altxatzea trenbide instalazioetara sartzeko dagoen Atxuri kalearen elkargunean. Puntu horretan, ibilgailuen zirkulazioa errei bakarrera mugatuko da bi norabideetarako, eta semaforoz erregulatuko da.

Obrak apirilaren 1eko, Ostegun Santuko, 00:00etan hasiko dira, eta apirilaren 5eko, Pazko Asteleheneko gauera arte iraungo dute, etenik gabeko ordutegian. Aldi berean, ordutegi horretan bertan, tranbia zerbitzua etenda dagoela aprobetxatuz, tranbia Atxuri eta Bolueta artean luzatzeko proiektuan sartuta dauden bi desbideratze egingo dira geltoki barruan.

Euskotrenek eskaintzen duen zerbitzuaren aldaketa Atxuriko geltokian bertan dauden kartelen bidez adieraziko da, eta baita sareko gainerako geltokietan dauden informazio-pantailen bidez ere. Euskal Trenbide Sarea-Red Ferrocarra Vascak, lanek sortuko dituzten eragozpenez jabetuta, aldez aurretik barkamena eskatu gura die inguruan bizi diren guztiei.

Atxuri-Bolueta

Tranbia Boluetara luzatzeko lanek Atxuriko kotxetegietara sartzeko egungo plataforman dauden bi tranbia-desbideratze aurreikusten dituzte. Desbideratze horiei esker, etorkizunean 2,3 kilometroko tarte berriaren zerbitzua ustiatu ahal izango da, eta, aldi berean, aipatutako garajeetarako sarbidea erraztuko da.

Lan hauek egingo dira: tranbiaren plataforma pikatzea eta altxatzea, garbiketako hormigoia botatzea, desbideratzeak egitea eta trenbidearen plataforma hormigoiztatzea. Horrez gain, trenbide zirkuituak lekuz aldatzeko lanak, zenbait komunikazio eta katenaria kanalizazio eta katenaria erripatzeko lanak egingo dira.

 

Atxuriko kurba

Ordeztu beharreko trenbideak 19 urte ditu, eta 10 minutuz behingo tranbia trafikoa jaso du bi noranzkoetan, trenbide bakarrean, eguneko ordu gehienetan.

Erreia aldatzeaz gain, trenbideko armamentua hobetu nahi da. Horretarako, plaka gaineko beste trenbide sistema bat egokituko da, ondorengo mantentze-lanak erraz egin ahal izateko, plataforma eraisteko obra saihestuz, oraingo honetan egin beharko den bezala. Armamentu honen diseinuarekin, gainera, horrelako erradio-kurba txiki batek sortzen duen zarata hobetu gura da.

Lanen garapenari dagokionez, lehenik eta behin, dagoen trenbidea eta plataforma kendu egingo dira. Eraisketaren lehen fasearen ondoren, trenbideko plataforma jartzeko zolata egokituko da. Zolata horren gainean bibrazioen kontrako manta bat jarriko da azalera osoan, tranbiaren errodaduraren ondoriozko zaratak eta bibrazioak arintzeko.

Ondoren, SKL euskarrien plaka berriak jarriko dira, hormigoiztatuko den lauzaren barruan sartuta. Horren ostean, erreia muntatu eta lotu egingo da.

Muntaketa lanak amaitzeko hustubideak egin eta lauza gaineko drainatzeak leheneratuko dira. Ukitutako tranbiaren instalazioetako elementuak ere leheneratu egingo dira.

Muntaketaren ondoren, plataforma hormigoiztatu egingo da berriro, aurretik muntatutako trenbide sistemaren plaka osoa finkatzeko. Obrak amaitzeko, plataformaren gainazaleko akabera egingo da; kasu honetan, aglomeratu asfaltikozkoa izango da.