Altuna y Uria, Acciona eta Iza ABEEak eskaintzarik onena aurkeztu du Mirakontxa-Easo tartean topoaren obren 2. fasea eraikitzeko

Argitalpen-data: 

Altuna y Uria, Acciona eta Iza ABEEak eskaintzarik onena aurkeztu du Donostiako Mirakontxa-Easo tartean topoaren 2. fasea eraikitzeko. Lanen aurrekontua 47,8 milioi eurokoa da, eta 36 hilabeteko epea dute lanak egiteko. 

Mirakontxa-Easo tartea (2,1 km) Lugaritz-Easo trenbide saihesbidearen parte da. 4,2 kilometro ditu eta 2017ko amaieratik egiten ari dira tarte hori eraikitzeko lanak. Proiektuak, jatorrizko proiektuan jasota egon arren oraindik gauzatu gabe dauden obren amaierari helduko dio. 

ETSren kontratazio-organoak Altuna y Uria, Acciona eta Iza ABEEak aurkeztutako eskaintzarik onena onartu eta dokumentazioa egiaztatu ondoren, datozen egunetan egingo da esleipena, obrak maiatzean hasteko aurreikuspenarekin.

Proiektu berriak, orokorrean, Kontxako hondartzaren eta Easo plaza inguruaren arteko lineako tunelaren 400 metro inguruko indusketa-lanak barne hartzen ditu, eta baita etorkizuneko Erdialdea-Kontxa geltokiko haitzuloa eta haren sarbideak eta aireztapenak ere. Horietako batzuk, osorik ez bada ere, dagoeneko gauzatu dira. Ukitutako zerbitzuen parte baten leheneratzea ere sartzen da.

Era berean, Easoko haitzuloa, bertako sarbideak eta aireztapenak hainbat egikaritze-fasetan daude. Zehazki, dagoeneko egin dira indusketa, euspena eta iragazgaiztearen parte bat. Autonomiako kanoia oso aurreraturik dago eta Osasun kaleko igogailuaren putzua ere gauzatu da.

Lehen kontratua bertan behera uzteko arrazoiak, funtsean, bi izan ziren: batetik, Morlanseko arrapalatik erasotzen den fronteko eraikuntza-lanetan, harkaitz iragazkorra hauteman zen. Horregatik, aurrera jarraitu aurretik, lurra iragazgaiztea beharrezkoa zela erabaki zen, tunelaren klabearen gainean tratamendu espezifiko bat eginez, haren erresistentzia-ahalmena hobetzeko.

Bestalde, Zubietako 8 zenbakiko etxabean joan den ekainean zuloa agertu zen, ur asko eta uste baino porotsuagoa zen harkaitza zeudelako, zundaketek erakutsi dutenez. Faseka tratatu, finkatu eta bete behar izan da. Bi kasuetan, oso teknika geldoak dira, eta garestiagoak. Gorabehera horien kostua Kontratuen Legeak baimendutakoa baino handiagoa zen, eta ezin izan zen beste erabakirik hartu.

Kontratua bertan behera geratu arren, zenbait lanen luzapena negoziatu zen, hala nola hondeaturiko tunelaren hormigoizko estaldura estrukturala, zorupea finkatzeko eta auskultatzeko lanak, gerta litezkeen gorabeherak saihesteko, eta ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioan aldaketak eskatuko dituzten lur-azaleko obrak egitea.