Eusko Jaurlaritzak 2021ean lizitatuko ditu Altza eta Galtzaraborda arteko Topoaren saihesbidearen lanak

Argitalpen-data: 

Arrriola sailburuak eta Izaskun Gómez, Pasaiako alkateak, bilera telematikoa izan dute. Bertan ere, Pedro Marco sailburuordea egon delarik

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak 2021ean egingo du Altza eta Galtzaraborda arteko Topoaren trenbide saihesbidea eraikitzeko lizitazioa. Lan horien barruan Pasaiako erdigunean lur azpiko geltoki berri bat eraikiko da.

Gaur goizean, Pasaiako Udal Etxean, era telematikoan, Izaskun Gomez alkatearekin eta Pedro Marco Garraio sailburuordearekin egindako bileran, Arriola sailburuak jakinarazi du Euskal Trenbide Sarea trenbide kudeatzailea 2,0 kilometroko luzera duen tarte berriaren eraikuntza proiektua amaitzen ari dela.

Arriola sailburuak adierazi duenez, “proiektu hau oso garrantzitsua da Pasaiarako eta Errenteriatik eta Altzatik Donostiara doazen pertsonentzako garraio-zerbitzua hobetzeko. Haren bultzadak erakusten du ez dagoela inolako bateraezintasunik Donostiako topoaren pasabidearen eta Altza-Galtzarabordako saihesbidearen artean, batzuek dioten bezala”.

Zerbitzua martxan jarrita, Altza, Pasaia eta Galtzarabordako topoaren erabiltzaileek, gaur egun Herrerako geltokiraino baino eman ezin den 7,5 minutuz behingo maiztasuna izango dute Donostiako erdigunerako joan-etorrietan. 2019an, Altza, Pasaia eta Galtzarabordako geralekuek 1,2 milioi erabiltzaile ekarri zituzten Topora.

Altza (Donostia) eta Galtzaraborda (Errenteria) arteko tartea eraikita, jarraipena ematen zaio trenbide saihesbideari, eta 2016ko irailean Topoa Herreratik Altzara eraman zuen trenbide bikoitzeko saihesbidea osatuta geratuko da. Eraikuntza proiektua eguneratzeko lanak amaitu ondoren, aurrekontua eta egikaritze epea zehaztu ahal izango dira, baina egikaritze epea ez da 48 hilabetetik beherakoa izango.

Deskribapen teknikoa

Topoaren tarte hori Donostiatik, Pasaiatik eta Errenteriatik igarotzen da. Herrera eta Altza arteko saihesbideari jarraipena ematen dio eta meategiko tunelean egiten du aurrera Donostia eta Pasaia arteko muga ezartzen duen Eskalantegi kaleraino.

Ondoren, ibilbide berriak Pasaia zeharkatzen du mendebaldetik ekialdera, tunel faltsutik, eta, Pasaiako saihesbidearen eta topoaren egungo trazaduraren azpitik igaro aurretik, meategiko tuneletik jarraitzen du Errenteriako udal-mugartera iritsi arte.

Puntu horretan, Parke kalearen parean, orain Topoa igarotzen den ibarbidean, diseinatutako trazadura kanpora irteten da, Galtzarabordako geltokiaren hasieran egungo trenbideekin bat egin arte.

Pasaiako geltokia

Pasaian, lurpeko geltoki bat eraikitzea proposatzen da, Gure Zumardia kalearen ondoko plazaren azpian. Sarbidea Eskalantegi kalean egongo da, eta igogailua plazan bertan. Larrialdietarako irteera San Markos kalean egongo da.

Geltokiak alboetan izango ditu nasak, baina eskailerak atari bakar batean amaituko dira, eta bertatik irtengo da kalera. Bi nasak ere igogailu baten bitartez lotuko dira atariarekin.

Pasaiako geltokitik igarotzen den linearen trazadura Molinao errekaren presentziak eta inguruko eraikuntzek baldintzatzen dute. Elementu berberek baldintzatu dituzte sarbideen kokapena eta larrialdietarako aireztapenak.

Pasaiako geltokia “cut&cover” (moztu eta estali) metodoa erabiliz gauzatuko da. Horretarako, gainazaletik pantaila batzuk egingo dira hidrofresa erabiliz, eta horiek hartuko dute geltokia. Pantaila horiek egiteko ezinbestekoa izango da Merkatua eraistea.