ETSk zerbitzuan jarri du Kurtzea-Lezamako geltokiko trenbide gaineko igarobidea

Argitalpen-data: 

Kurtzea geltokiko pasarela berria

Euskal Trenbide Sareak gaur goizean ireki du Matiko-Lezama lineako Kurtzea-Lezama geltokiko trenbide gaineko oinezkoentzako igarobidea. Helburua, trenaren erabiltzaileei eta auzokideei bi nasen arteko sarbide zuzena ematea eta irisgarritasuna hobetzea da, orain arte geltokiaren kanpoaldetik zihoan lur azpiko igarobidea baino ez baitzegoen. Oraindik ez dira instalatu jarduketa osatuko duten igogailuak, eta martxoaren amaieran instalatuko direla aurreikusten da, baina oinezkoentzako igarobidea irekitzea erabaki da, bide alternatiboa mozteko.

Bilboko metroaren 3. linea Txorierriko hainbat terminaletan homogeneizatzeko lanak duela urte batzuk hasi ziren. Ordura arte desberdinak ziren, eta ez zioten diseinu eta funtzionalitate irizpide berari erantzuten. Lan horiei esker Kurtzea-Lezamako geltokia berriztatu ahal izan zen. Ordutik, BI-737 errepidetik eta Aretxalde auzoko 144 zenbakiaren inguruetatik sartu daiteke. Bi kasuetan, arrapala baten eta eskailera batzuen bitartez hel daiteke bertara. Nasa batetik bestera igarotzeko, berriz, lur-azpiko pasabide batetik egiten zen orain inauguratu den igarobidea ireki arte. Lehen zegoen pasabidea, puntu beltza izateaz gain, ezin zuten erabili mugikortasun urria zuten pertsonek.

446.000 euroko aurrekontua duten lanen barruan, igogailuen behealdeko zuloen hutsuneak egiteko eta zuloaren euspeneko hormak eta zimendatzeak eraikitzeko lurrak hondeatu dira. Igogailu panoramikoek zortzi pertsonarentzako lekua (630 kg), telefono bidezko konexioa eta bideo-zainketa sistema izango dute.

Igogailuei erantsitako eskailerak, gaueko argiztapena duen 12 metroko luzerako igarobide batek lotzen ditu. Horrela, trenbideak gainditzen dira eta bi nasak geltokiaren kanpoaldetik modu irisgarrian lotzea lortzen da, eta auzotarren mugikortasuna ere hobetzen da. Azkenik, behealdeko igarobidea kendu egin da, betelanak eginez.