ETSk Zabalganan egongo diren tranbiaren kotxetegien informazio azterlana lizitatuko du

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak argi berdea eman dio Zabalganan egongo diren Vitoria-Gasteizko tranbiaren kotxetegien informazio azterlanaren lizitazioari. Jarduketa horretarako lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 180.000,00 eurokoa da, eta egikaritze epea 9 hilabetekoa da.

Denbora gutxi barru zerbitzua ematen hasiko den unibertsitateko campuserako luzapenarekin eta hurrengo asteetan Salburuarako luzapenaren lanak esleitzeko aurreikuspenarekin, Eusko Jaurlaritzak tranbia Zabalganaraino luzatzeko prozesuan urrats sendoak ematen jarraitzen du.

Duela 11 urte baino gehiago martxan hasi zenetik, Vitoria-Gasteizko tranbia hiriko garraio publikoaren bizkarrezurra bilakatu da, biztanleei hiriaren erdialdera erosotasunez eta kalitatez iristeko aukera bermatuz.

Tranbia Zabalganara luzatzeko, une honetan Ibaiondon daudenen osagarri izango diren eta luzapenerako beharrezkoa izango den material mugikorra jasoko duten kotxetegiak egokitu beharko dira.

Deskribapen teknikoa

Hasiera batean, kotxetegi berrietan eguneroko mantentze-lanak eta tranbien barruko eta kanpoko garbiketa-lanak egingo dira. Prebentzio eta konponketa mantentze-lanek Ibaiondoko tailerrean zentralizatuta jarraituko dute.

Informazio Azterlanak kotxetegiak ezartzeko leku egokiena aztertu beharko du, tranbiaren egungo sarean eta etorkizunerako aurreikusita dauden luzapenetan oinarrituta, eta egitekoen barruan kotxetegiarekin lotzeko ezarri beharreko trazatua definitzeko lanak ere sartuko dira. Hasierako fasean, proposatutako lur-sailaren edo lur-sailen hobekuntzarako proposamenak aztertuko dira, ahalik eta ondoen baliatzeko, eta pixkanaka, pausoz-pauso, gauzatu ahal izango diren soluzioak sartzeko aukerak aztertuko dira.

Lan horien barruan, kotxetegien beharren eta ekipamenduaren definizioa eta azterketa funtzionala egin beharko dira. Kotxetegi horiek, une honetan Ibaiondon dauden kotxetegien eta tailerren osagarri izango dira, Vitoria-Gasteizko tranbia Zabalganara luzatzeko dagoen aurreikuspena eta sare osoaren ustiapen agertoki desberdinak kontuan izanda.

Informazio Azterlan horren barruan, kotxetegiak denborazko fasetan definitzea jasotzen da, tranbia Zabalganan ezartzeko dauden agertoki posibleen arabera. Bertan, Zabalganara egingo den luzapena pixkanaka zerbitzuan jartzearekin eta maiztasunak indartzearekin bat etorriko diren ekipoak eta instalazioak aurreikusi beharko dira.

Informazio Azterlanaren aurretik, esleipendunak Alternatiben Azterlana egingo du. Azterlan horretan zenbait ezarpen soluzio aztertuko dira, kotxetegiaren beharren azterketa funtzionala kontuan hartuta.

Alternatiben azterlanean irizpide hauek hartuko dira kontuan:

- Arkitektura arloko soluzioak eta hiri integrazioa.

- Eraikuntza prozedura

- Tranbiaren funtzionalitatea

- Balorazio ekonomikoa

- Ingurumen arloko integrazioa eta balorazioa.

Kasu bakoitzean, gutxienez, hiru alternatiba aztertu beharko dira. Azterlanaren Zuzendaritzaren iritziz alternatibak behar bezala aztertuta daudenean, alternatiben azterlanaren dokumentua idatzi eta soluzio bat edo gehiago hartuko dira. Horiek izango dira Informazio Azterlanaren idazketarako oinarriak.

Tranbia Zabalganara luzatzeko urrats sendoak

Zabalganan egongo diren kotxetegi berriei buruzko Informazio Azterlanaren lizitazioa ez da martxan dagoen prozedura bakarra. Amaitu gabe zeuden izapide administratiboak bukatu ondoren, tranbia Zabalganara luzatzeko lanen Informazio Azterlana osatuta geratu da, eta hurrengo asteetan jende aurrean aurkeztuko da. Dokumentua publikoa izango da, eta irekiko den fase berrian interesatuta dauden pertsonek trazatu berriaren definizioa eta xehetasunak ezagutu eta alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte.