ETSk bihar lizitatuko ditu Topoaren Mirakontxa-Easo tarteko lanen 2. fasea eta Zarauzko geltoki berria eraikitzeko lanak

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurralde Plangintza eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren kontratazio-mahaiak argi berdea emango die bihar topoaren Mirakontxa-Easo tarteko eraikuntza proiektuaren 2. faseko lizitazioari eta Zarauzko geltoki berriaren eraikuntzari.

Mirakontxa-Easo tartea (2,1 km), 2017ko amaieratik eraikitzen ari den Lugaritz-Easo trenbide saihesbidearen 4,2 kilometroko tarte bat da. Lizitaziora atera den proiektuak 50,9 milioi euroko oinarrizko prezioa eta 40 hilabeteko epea ditu, eta jatorrizko proiektuan jasotako eta oraindik gauzatu gabe dauden obrak amaitzeari helduko dio.

Bestalde, Zarauzko geltoki berria eraikitzeak, gaur egun dauden tren instalazioak modernizatzeaz gain, trenbideko trazadurak udalerrian duen hiri-integrazioa hobetzea ahalbidetuko du. Proiektu hori ETSk eta Zarauzko Udalak finantzatuko dute, bi erakundeek sinatutako hitzarmenari esker. Aurrekontua 13 milioi eurokoa da; ETSk % 66,7 jarriko du eta Udalak gainerako % 33,3a. Egikaritzeko epea 32 hilabetekoa da.

Mirakontxa-Easo

Proiektu berriak, orokorrean, Kontxako hondartzaren eta Easo plazaren inguruaren arteko lineako tunelaren 400 metro inguruko hondeaketa hartzen du barne, eta baita Erdialdea-Kontxan eraikiko den geltokiko haitzuloa eta haren sarbideak eta aireztapenak ere. Horietako batzuen parte bat dagoeneko eginik dago. Lanen eragina jasaten duten zerbitzuen parte bat lehengoratzea ere sartuko da lanetan.

Era berean, Easoko haitzuloa, bertako sarbideak eta aireztapenak egikaritzearen hainbat fasetan daude. Zehatzago esanez, dagoeneko amaitu dira indusketa eta euspen lanak eta iragazgaiztearen zati bat. Autonomiako kanoia oso aurreratuta dago eta Osasun kaleko igogailuaren putzua ere egin da.

Lehen kontratua bertan behera uzteko arrazoiak, funtsean, bi izan dira: alde batetik, Morlanseko arrapalatik erasotzen den fronteko eraikuntza lanen aurrerapenean, harri iragazkorra hauteman zen. Horregatik, aurrera egiten jarraitu aurretik, lurra iragazgaiztea beharrezkoa zela erabaki zen, tunelaren klabearen gainean tratamendu espezifiko bat eginez, haren erresistentziarako gaitasuna hobetzeko.

Bestalde, zundaketetan aurreikusitakoa baino ur gehiago eta harkaitz porotsuagoa zuen lursail baten ondorioz Zubietako 8 zenbakiko eraikinaren oinetan joan den ekainean sortu zen zuloa, faseka tratatu, finkatu eta bete behar izan da.

Bi kasuetan, aurrera egin ahal izateko teknikak oso motelak eta garestiagoak dira. Gorabehera horien kostua Kontratuen Legeak baimendutakoa baino handiagoa zen, eta, ondorioz, ezin zen beste erabakirik hartu.

Jatorrizko kontratua eta onartutako aldaketak oinarri hartuta azaroaren 30ean eginik zeuden lanek 31,8 milioi euroko balioa zuten, eta kontratak egiten jarraituko dituen lanek 3,5 milioi euroko balioa izango dutela aurreikusten da: guztira, 35,3 milioi euro.

Aurreikuspenen arabera, kontratu berria maiatzean esleituko da. Bitartean, lanean jarraituko da hondeatutako tunelaren hormigoizko egiturazko estalduran, zorupea sendotzeko eta auskultatzeko lanetan, gerta daitezkeen gorabeherak saihesteko. Ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioan aldaketak eragingo dituzten gainazaleko obrak egiten ere jarraituko da.

Zarauzko geltoki berria

Lan horien barruan egungo geltokia eraistea, trazadura aldi baterako zuzentzea eta obrak egin bitartean zerbitzuarekin jarraitzeko behin-behineko geltoki bat eraikitzea sartzen dira. Terminal berriak 80 metroko luzera duten alboko nasak izango ditu. Markesinek metalezko egitura eta beirak izango dituzte.

Geltoki berria eraikitzearen helburua nasak eta atariko eremua modu seguruan eta irisgarrian lotzea da. Donostiako topoaren trenbide saihesbidea zerbitzuan jarri ondoren Bilbo-Donostia linean aurreikusitako eskariaren hazkundeak eragina izango du lotura horretan, Zarautz-Donostia tartean, batez ere.

Proiektuaren helburua, azken batean, tren zerbitzua hobetzea da, eta baita Zarauzko hiriguneko trenbide trazaduraren iparraldearen eta hegoaldearen arteko hiri-iragazkortasuna ere. Horretarako, beheko pasabide bat eraikiko da terminal berriaren azpian.