Bilboko metroaren hirugarren linearen eraikuntzaren gorabeherak jasotzen dituen "3. Linea, funtsezko katebegia" liburua aurkeztu da

Argitalpen-data: 

Ezkerretik eskumara, Agustín Presmanes, liburuaren koordinatzailea, Antonio Aiz, Azpiegitura eta garraio sailburuordea, eta Aitor Garitano, ETSko zuzendari nagusia

Martxan jarri eta hiru urtera ikusi du argia Bilboko metroaren hirugarren linearen eraikuntzaren gorabeherak jasotzen dituen “3. Linea, funtsezko katebegia” liburuak. Argitalpenaren izenburuak, bi trenbide sare historiko, Bilbo-Donostia eta Bilbo-Lezama, lotzeko aukera eman duen azpiegitura aipatzen du. Bi lineak elkartzean garraio sistemaren berrantolaketaren helburu nagusia bete da, eta Txorierrin, Durangaldean, Busturialdean edo Debabarrenan bizi direnak erosotasun osoz heldu daitezke Bizkaiko hiriburuaren bihotzera.

Horrez gain, azpiegitura berriak zerbitzu zuzena ematen die Bilboko gune garaietako 70.000 biztanle baino gehiagori. Herritarren aldetik izan duen erantzunak Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak egin duten eraikuntza eta ekonomia arloko ahalegina abalatzen du. Metroaren 3. linea lurraldearen benetako ardatz egituratzaile bilakatu da.

Aurkezpen ekitaldia gaur eguerdian izan da Zazpikaleetako geltoki intermodealean, eta bertan, Agustín Presmanes liburuaren koordinatzaileak, Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura Sailburuordeak eta Aitor Garitano ETSko zuzendari nagusiak hartu dute parte. Horien ondoan erakunde publikoko zenbait zuzendari ohi eta argitalpenean parte hartu duten teknikariak egon dira, eta baita obren diseinuan eta egikaritzean parte hartu zuten enpresetako arduradunak ere.

Euskal Trenbide Sareak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku dagoen euskal trenbide administratzaileak, argitaratu duen liburua lau kapitulu handitan dago banatuta: Bilboko trenbide historia errepasatzen duen “Burdin bideak Begoñako Errepublikan”; proiektuaren sorrerari eta bilakaerari buruz berba egiten duen “Linea berria, funtsezko katebegia”; obren antolakuntza eta garapena jasotzen dituen “Linearen eraikuntza eta ekipamendua”; eta zerbitzuaren erabilerako lehenengo datuak biltzen dituen “Emaitza eta funtzioa”.

“3. Linea, funtsezko katebegia” (PDF, 34 MB) (leiho berri batean irekitzen da)