Santa Klarako trenbide-pasagunea kendu eta azpiko pasagunea ireki dute Zarautzen

Argitalpen-data: 

Gaur arratsaldean, Santa Klarako azpiko pasagunea oinezkoentzat ireki da eta, horri esker, Zarautzen zegoen izen bereko trenbide-pasagunea kendu ahal izan da. Lan horiek egiteko aurrekontua 3 milioi eurokoa izan da (BEZa barne), eta Eusko Jaurlaritzak finantzatu ditu oso-osorik. Zehazki, hormigoi armatuzko kaxa handi bat egin dute trenbidearen azpian.

San Frantzisko eta Santa Klara kaleen koten artean aldea sortu du horrek, eta, hori konpontzeko, arrapalak eta eskailerak jarri dira. Arrapalei esker, pasagunea erabat irisgarria izango da mugikortasun urria duten pertsonentzat. Gainera, San Frantzisko kaleko sarreran bi eskailera-tarte jarri dira, Geltoki eta Herrikobarra kaleetara azkarrago irteteko. Azkenik, trenbide-pasagunea seinaleztatzeko elementuak kendu dira eta behin betiko itxi da.

Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua, inguru horretan izan da Zarauzko alkate Xabier Txurrukarekin, eta haiekin izan dira, halaber, Antonio Aiz sailburuordea eta ETS eta Euskotren enpresen zuzendari nagusiak (Aitor Garitano eta Imanol Leza, hurrenez hurren). Trenbidearen bi aldeetako kaleetan ibili ondoren, Tapiak adierazi zuen jarduketa honek garrantzi handia duela Euskal Trenbide Sareak “pixkanaka hiriguneetan dauden eta trafiko handia izaten duten trenbide-pasaguneak kentzeko” landu duen politikaren barnean.
Trenbidearekin lotutako kontuez harago, sailburuak begi onez ikusi zuen trenbidea hirigintzan integratzeko eredu berri hau. “Trenbidea kenduta oinezkoen segurtasuna bermatzeaz gain, aisialdirako leku bat sortu da, herritarrek erabili eta gozatzeko moduko plaza bat jarrita”.

Zarauzko alkateak eskerrak eman zizkion Eusko Jaurlaritzari, egindako ahaleginagatik, eta obren exekuzio- eta zuzendaritza-lanetan esku hartu duten eragile guztiak zoriondu zituen. Horrez gain, eskerrak eman zizkien herritarrei, izandako pazientziagatik, lanen eragozpenak jasan baitituzte hainbat hilabetez.

Era berean, Arkitekturaren Nazioarteko Egunaren harira, azpimarratu zuen garrantzitsua dela halako hirigintza-jarduketak egitea herritarren bizi-kalitatea hobetzeko. “Pertsonen zerbitzura dagoen proiektu baten adibide garbia da, baita legegintzaldi honetako proiektu estrategikoetako bat ere; izan ere, trenbidearen bi aldeak lotuta, nabarmen hobetuko dira zarauztarren segurtasuna, bizi-kalitatea eta mugikortasuna”.

Euskal trenbide-sareko trenbide-pasaguneen egoera
Gaur egun, Euskal Trenbide Sareak 111 trenbide-pasagune ditu; horietatik 73 Bizkaian daude, eta 38 Gipuzkoan.
2010. eta 2017. urteen artean, Eusko Jaurlaritzak 825 milioi euro inbertitu ditu bere eskumeneko trenbide-sarea hobetzeko. 2010-2018 aldian 48 trenbide-pasagune kendu dira, horietatik 15 Gipuzkoan. Besteak beste, duela gutxi kendu da Irun Colón geltokiko nasen arteko trenbide-pasagunea.