Durangoko geltokirako Ezkurdiko sarbidea igande honetan, urriaren 28an, irekiko da berriro

Argitalpen-data: 

Durangoko tren geltokirako Ezkurdiko sarbidea igande honetako, urriaren 28ko, eguerditik aurrera irekiko da berriro, hobekuntza eta estaltze lanak amaitu ostean. Azken hilabeteetan, geltokirako sarrera eta irteera beste bi sarbideetatik egin da: Askatasun Etorbidetik, igogailua edo eskailerak erabiliz, edo merkataritza gunetik.

Euskal Trenbide Sarea euskal trenbide kudeatzaileak sarbide nagusia estaltzeko gauzatu dituen lanen barruan, bertan zegoen eskaileraren hobekuntza lanak ere sartu dira. Horrela, mailak handitu egin dira, eta eskailera-buru gehiago sartu dira, malda murrizteko.

Geltokirako sarbidea nabarmentzeko eta babesteko, metalezko estruktura eta kristalezko itxidura duen elementu gorakorra sartu da sarbideko edikulu gisa. Behealdeko igarobidea estaltzeko, eta baita lehen eskailera-burura doazen eskailerak ere, beirazko eta altzairuzko azalera ia horizontala egin da, erreferentzia gisa geltokiaren galeria nagusiaren estaldura erabiliz.

Datorren igandean berriro irekiko den sarbidea larrialdietarako irteera gisa proiektatu zen hasieran. Egungo geltokia egin zen unean geltokiaren zenbait alderdi amaitu barik geratu ziren, jatorrizko geltokia eraitsi arte, eta horien artean geratu zen etorkizunean sarbide nagusia jasoko duen eraikinaren tartea.

Jarduketa hori, dagoeneko martxan dagoen beste batekin batera egin da, tren geltoki zaharraren ondoko lurrak egokitzearekin batera, hain zuzen ere, 4.534 metro karratuko azaleran. Beste jarduketa hori datozen hilabeteetan amaituko da.