ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Azken eguneratzea: 2013/11/12

Usaweek-en parte hartzen ari diren Estatu Batuetako azpiegituren arduradunek Euskal Y-aren lanak bisitatu dituzte

Usaweek Europe 2013 foroan parte hartzen ari diren Estatu Batuetako trenbide garraio eta azpiegitura alorretako zenbait ordezkarik, Bergaran egiten ari diren Euskal Y-a Trenbide Sare Berriaren lanak eta Bilboko Metroaren instalazioak bisitatu dituzte, Euskadin abiadura handian eta aldirietako garraioan, proiektuen diseinuari eta burutzapenari zein ustiapenari dagokienez, dugun esperientzia beraien herrialdeetarako eramateko xedez.

Usaweek-en parte hartzen ari direnek Debako bidezubia ezagutu dute

Almudena Ruiz de Angulok, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Azpiegitura Zuzendariak, eta Euskal Trenbide Sarea trenbide kudeatzaileko zuzendaritza taldeko kideek lagunduta Euskal Y-ren lanak bisitatu dituztenen artean hauek egon dira: Sean Connaughton, Virginiako Garraio Estatu Idazkaria; Robert LaCroix, AMTRAK-eko Ipar-mendebaldeko Trenbide Igarobidearen zuzendaria, Brian Kelly, Kaliforniako Garraio Estatu Idazkaria; eta Los Ángeleseko Metro Agintaritzako Art Leahy, besteak beste.

Euskal Y-aren sorrerari, proiektuen diseinuari, ingurumen eta paisaian integratze alorrean sartutako hobekuntzei, erabilitako eraikuntza teknikei eta ardatz atlantikorako eta Europa hego-mendebaldeko ekonomia eta gizarte garapenerako ezinbestekoa izango den euskal trenbide azpiegitura berriaren erabilera aurreikuspenei buruzko informazioa jaso ondoren, Estatu Batuetako profesionalek tokian bertan ikusi ahal izan dituzte Deba ibaiaren gaineko bide-zubiaren eraikuntza lanak (Bergara-Bergara zatia). Bide-zubi hori 900 metro da luze eta 90 metro altu. Horrez gain, 3,7 kilometroko luzera duen Kortatxo sakoneko tunelaren (Bergara-Antzuola zatia) lanak ere ikusi ahal izan dituzte.

Arratsaldean Bilbora joan dira, Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarraren aginte postua eta Metro Bilbaoren instalazioak bisitatzeko. Esan behar da atzo, hain zuzen ere, 18 urte bete zirela metroa inauguratu zenetik.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren esku dagoen SPRI erakundeak, Bilboko Udalarekin elkarlanean, antolatutako Usaweek Europe 2013 ekimena, enpresen arteko topaketa da, eta amaitzen denean, hitzaldi, elkarrizketa eta erakusketen bitartez, Euskadiko eta Europako enpresen aurrean 120.000 milioi dolarretik gorako proiektuak egongo dira aurkeztuta.

EEBB-Europa arteko lehenengo enpresa konferentzia handia den ekitaldi horretan, Ipar Amerikako proiektuak eta lizitazioak eskainiko dira, datozen 10 urteetarako, Estatu Batuetako ekonomiaren aktibo diren azpiegiturak, garraioa, energia eta teknologia bezalako sektoreetan.

Euskadi, auzolana