ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Azken eguneratzea: 2014/08/11

ETS-k Zugaztieta eta Muxika arteko trenbidea berriztatzeko lanak esleitu ditu, 2,9 milioi euroren truke

Euskadiko trenbide kudeatzaileak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak, Canteras y Construcciones eta Balzola enpresek osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkarteari (ABEE-UTE) esleitu dizkio Zugaztieta eta Muxika artean trenbidea berriztatzeko lanak. Lanen aurrekontua 2,9 milioi eurokoa da, eta burutzapenerako epea bost hilabete eta erdikoa.

Lan horiek, Amorebieta-Bermeo lineako Zugaztietako eta Muxikako geltokien arteko 4,6 kilometroko zatia hartzen dute. Lanen helburuetako bat, bidaiarien erosotasuna hobetzea izango da, unitateen triki-traka murriztu egingo baita. Trenbidea modernizatzeko lanei esker, junturak kendu eta mantentze lanak erraztu ahal izango dira eta, ondorioz, segurtasuna hobetu egingo da.

Une honetan dagoen trenbideko materialak 25 urtetik baino gehiago ditu, eta egurrezko trabesen gainean dago muntatuta. Trenbidea aldatu eta aurre-teinkatutako hormigoi armatuzko bloke bakarreko trabesen gainean egongo den errail jarraitu soldatua jarriko da.

Ekitaldi honetan hasiko diren lanei esker, drainatzea hobetu egingo da, trenbideko ubideko urak behar bezala husteko, une honetan ezegonkorrak diren ezpondak finkatu egingo dira, mikropiloteak eta saretak jarriz, eta dauden trenbide pasaguneak hobetu eta basoko bi trenbide pasagune kendu egingo dira.

Aurrera eraman beharreko beste jarduketa batzuk, zuntz optikoa, kable elektrikoak eta komunikazioetakoak babestea, trenbidearen eta sarbideko ateen itxidurak egitea, eta, aldaketen ondorioz une honetan jasotzen dituzten esfortzuak aldatzen diren kasuetan katenariako zutabeak eta teinkatzeak egokitzea izango dira. Amaitzeko, makineria sartzeko eta materialak metatzeko erabili diren gune guztiak lehen bezala utziko dira.

Euskadi, auzolana