ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Azken eguneratzea: 2014/03/28

Euskadi eta Kataluniako Mugikortasun eta Garraioko arduradun nagusiek Y trenbidearen lanak bisitatu dituzte Bergaran

Ana Oregik Kataluniako Jasangarritasun eta Lurraldeko kontseilari Santi Vilari euskal Y trenbidearen lanak erakutsi dizkio Bergaran, eta nabarmendu duenez, «azpiegitura honen bidez, Europako hego-mendebaldeko kohesioa handitu egingo da, eta herrialdeek nahiz eskualdeek tresna bikain bat eskuratuko dute beren garapen sozial eta ekonomikorako».

Oregi eta Vila, Bergaran dagoen Debako bidezubian

Oregi eta Vila, Bergaran dagoen Debako bidezubian

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren iritzian, «Mediterraneoko eta Atlantikoko garraio-sareak hobetzea lehentasunezko helburuak dira Europan, eta pertsonen eta salgaien mugikortasun-sistema hobera bideratutako “Connecting Europe” finantzaketa-mekanismoetatik etekin handiagoa atera dezakete».  

Haiekin izan dira Garraio sailburuorde Antonio Aiz eta ETSren zuzendari Rafael Sarria, eta Oregik Kataluniako Generalitateko ordezkaritzari adierazi dio «Estatu kideek Europaren eskutik laguntza ekonomiko handiagoa lortzeko eskubidea dutela, baldin eta inbertsio-plangintza betetzen badute. Euskal Y-ari aplikatu dakiokeen aukera da hori, baina konpromisoak eta inbertsioak zehaztu behar dira funts horiek eskuratu ahal izateko. Horretarako, Estatuko gobernuak ahal bezain pronto lizitatu behar du Bergarako lotunea». «Espainiako gobernuak lehentasuna eman behar dio Europarekiko konexioari, ardatz atlantikoaren eta mediterraneokoaren bidez», esan dute Oregi eta Vila sailburuek.

Euskadiko eta Kataluniako gobernuetako garraioko arduradunek bisitaldi teknikoa egin dute Deba ibaiaren gaineko bidezubiaren lanetan. Bide-zati hori Bergara-Bergara tartean dago kokatuta, Eusko Jaurlaritzak ETS erakunde publikoaren bidez gauzatzen duen Gipuzkoako adarrean, hain zuzen.

Oregiren arabera, Europar Batasunak 2020 artean lehentasunezko garraio-sareak onartu izana mugarria da; «Madrili eta Parisi zertan arreta jarri zehazten die. Euskadin eta Eusko Jaurlaritzan proiektuaren garapenarekiko konpromisoa aski egiaztatu dugu aspaldi honetan. Batasunaren konpromisoa betetzen ari gara, gure etorkizunaren eta inguruko herrienaren mesedetan. Debako bidezubia horren erakusgarri da».

Mediterraneoko ardatzean duen garrantzia dela eta, Kataluniako gobernuak euskal trenbide-sarearen gaineko hainbat alderdi ezagutzeko eskaera egin zion Lakuari. «Katalunia, Euskadi ardatz atlantikoan bezala, Penintsularako igarolekua da. Horrenbestez, beharrak ere antzekoak ditu, salgaien eta pertsonen mugikortasunari dagokionez. Hala bada, biak Ten-t edo Europa barneko garraio-sareen erregelamenduak bete daitezela eskatzen tematu behar gara», adierazi du Oregik.

Kohesioa

Oregik gogora ekarri duenez, «herrialdeen eta eskualdeen garapenerako Europako oinarrizko zuzentaraua betetzea beharrezkoa da Batasunaren kohesioa areagotzeko. Arlo horretako zuzentarauak eta "Connecting Europe" finantza-mekanismoa onartu zenetik, diru gehiago eta laguntza-ehuneko handiagoa eskura dezake proiektu batek, baldin eta orientabideak betetzen baditu. Gaur gaurkoz, oinarrizko sarea osatzen duten bi proiektu dago Espainiako Estatuan: mediterraneoko ardatza eta ardatz atlantikoa».

«Ardatz atlantikoan, hala nola mediterraneokoan, buxadurak libratzen dituzten lanak lehenesten dira; esaterako, Penintsularako sarbideak. Euskadiko kasuan, oinarrizko garraio-sareei intermodalitatearen balioa gehitzen diete, elkarren arteko loturak hobetzen direnez», gaineratu du Oregik. 

Koordinatzailea

Eusko Jaurlaritza Europako Batzordeak, Garraiorako Europa barneko Garraio-sareei buruzko Batasuneko erregelamenduaren 45. artikuluari jarraiki, koordinatzailea izendatu zain dago. Pertsona hori arduratuko da Europar Batasuneko sare nagusiko igarobide guztietako inbertsioen egoera ikuskatzeaz.  Urtea amaitu baino lehen igarobide guztietan egin beharreko proiektuak eta aurreikusitako funts- eta finantzaketa-iturriak zehazteko lan-plana egiteaz arduratuko diren berariazko foroen buru izango da pertsona hori bera. Neurri horrek Estatu kideak, Espainia, tartean, beren konpromisoak eta inbertsio-planak zehaztera behartuko ditu. Hori, orain arte, ezinezkoa izan da euskal Y-aren kasuan.

Igarobide atlantikoari dagokionez, Igarobidearen Foroa antolatuko du, Estatu kideen eta interesa duten aldeek parte hartuko dutena. Igarobidearen lan-plana osatu beharko da urtearen amaierarako. Barne hartuko ditu igarobideko beharrezko proiektuak eta aurreikusitako funts- eta finantzaketa-iturriak. Eusko Jaurlaritzak euskal Y-aren lanetan erakutsitako jarrera eta egindako lana direla eta, euskal gobernuaren ordezkaritza batek parte hartuko du koordinazio-organo horretan.

«Biztanleek eta enpresek pertsonen eta salgaien mugikortasun-sistema eraginkorra beharko duten Europa diseinatzen ari gara. Hori funtsezkoa da bizi-kalitatea hobetzeko eta isurketak murrizteko. Uneko garraiobideen asetzea Europako BPGren % 1 da urtero, eta euskal Y-ak, korridore atlantikoaren gainerakoarekin batera, egoera hori arinduko du, bai eta ingurumena hobetu ere, isurketak murriztuko baitira», nabarmendu du Oregi sailburuak.

Euskadiko Garraioko arduradun nagusiaren arabera, «euskal Y-a beharrezkoa da Europaren eta bere herrialdeen garapen-estrategian, batik bat herrialde garatuenetan. Euskadi horien artean kokatu behar dugu, ahalmen lehiakor handia baitu. Euskal Y-ari esker, bai eta gure industria-, giza-, intermodal- eta logista-eskaintzari esker ere, Euskadik aparteko rola du Europako hego-mendebaldeko politiketan.  Euskal plataforma logistikoen huba funtsezko pieza da Europaz Haraindiko Garraio Sarearen osaeran eta 2014-2020 aldirako garapen-planean».

Euskal Y-a Gipuzkoan

Eusko Jaurlaritza Bergara eta Astigarraga arteko Trenbide Sare berriaren Gipuzkoako zatiko 59,1 kilometro eraikitzen ari da. Une honetan, zati hauek gauzatze-prozesuan daude bete-betean: Bergara-Bergara, Bergara-Antzuola, Antzuola-Ezkio Itsaso (mendebaldea), Antzuola-Ezkio Itsaso (ekialdea), Ezkio Itsaso,  Tolosa, Tolosa-Hernialde, Hernialde-Zizurkil, Zizurkil-Andoain, Andoain-Urnieta, Urnieta-Hernani eta Hernani-Astigarraga.   Gainera, zati hauen lanak amaituta dago dagoeneko: Ezkio-Beasain, Beasain (mendebaldea), Beasain (ekialdea),  Ordizia-Itsasondo eta Legorreta.   Aurreikusten denez, 2014an honako zati hauek amaituko dira: Bergara-Bergara, Bergara-Antzuola, Ezkio Itsaso, Tolosa, Tolosa-Hernialde eta Andoain-Urnieta.

Orain, Espainiako Sustapen Ministerioa Donostiako eta Iruneko sarbideak eta Astigarragaren eta Frantziako mugaren arteko lotura nola egin ikertzeko informazio-azterlana egiten ari da.

Euskadi, auzolana