ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Azken eguneratzea: 2014/06/17

Urumea ibaiaren gaineko trenbide zubi berria datorren larunbatean (ekainaren 21ean) hasiko da zerbitzua ematen

Datorren larunbatean, ekainaren 21ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak, Urumea ibaiaren gaineko Donostialdeko Metroaren trenbide zubi berria jarriko du martxan.

Donostiako Loiola auzoan dagoen bide-zubiak, joan den mendearen hasieran eraikitako harlanduzko zubi zaharra ordezkatuko du, izan ere, zubi hark ez baitzituen jada betetzen egungo Metro zerbitzuak eskatzen dituen operatibitate beharrak. Obra hori Loiola-Herrera zatia bikoizteko proiektuaren barruan dago.

Lan hori URArekin, Uraren Euskal Agentziarekin, sinatutako hitzarmenaren bitartez egin da. Aurreko zubiak bi zutabe zituen, eta egungoa bi estributan oinarritzen da. Ondorioz, ez du inolako euskarririk Urumea ibaiaren ibaibidean. Horrela, trenbideko trafikoa hobetzeaz gain, segurtasun gehiago lortuko da eta nabarmen murriztuko da uholdeak jasateko arriskua.

Datu teknikoak

Zubi berriak metalezko tirantedun arkuaren tipologia du, baina forjatua mistoa da, altzairuzkoa eta hormigoizkoa, eta bi trenbideri ematen die zerbitzua. 61,20 metroko argia duen bao bakarra du, euskarririk gabe ibaibidean, eta 12,70 metroko zabalera, horietatik 7,70 metro trenbidearen plataformarako, eta espaloi funtzioa egiten duten 1,75 metroko bi hegal alboetan.

Zubiaren eraikuntzaren lehen fasea tailerrean egin da, eta bertan muntatu dira obraraino garraiatzeko aukera ematen zuten pieza guztiak. Obra egiten ari den tokian jada, muntaketa hainbat fasetan egin da. Hasiera batean ibaibidean behin behineko euskarria eraikitzea beharrezkoa izan da, akoplatu beharreko piezak bertan eusteko. Euskarriaren eta estribuen artean jarri beharreko kaxoi-habeak jarri dira, eta haien gainean arkuak eta penduluak. Multzo osoaren aurre-muntaketa egin ondoren, soldadurak amaitu dira.

Amaitzeko, iraupen luzeko zenbait pintura berezi geruza aplikatu da, eta zubiaren karga proba egin da, ezinbesteko proba, egitura berria zerbitzuan hasi aurretik.

Lanetan, aurretik indartu ondoren, Añarbeko uren zubia erabili da behin behineko zubi gisa, eta bertatik bideratu dira trenbideko desbideraketak. Denbora gutxi barru igarobide hori eraitsi egingo da.

 

Euskadi, auzolana