ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Azken eguneratzea: 2014/02/23

Oregi sailburuak Atxuriko geltokiaren mendeurrenari eskainitako erakusketa zabaldu du

Ana Oregik, Ingurune eta Lurralde Politika sailburuak, "Atxuriko geltokiaren 100 urte" erakusketa inauguratu du gaur Bilbon. Bertan Bilboko eraikin berezietako baten urte loriatsuak, gainbehera eta berpiztea biltzen dira. Eraikina monumentu arkitektoniko bat da, bai eta Bilbo-Donostia linearen burua ere.

Oregirekin batera, Euskotrenen eta ETSren zuzendariak, Iñigo Palomino eta Rafaél Sarria, Antonio Aiz eta José Antonio Galera sailburuak, José Luis Sabas eta Asier Abaunza zinegotziak, trenbideko langileak eta trenbide zaleak izan dira. Atxuriko geltokiaren behe-solairua bisitatu dute; bertan kokatutako panel eta erakustokiek argazki ugari eta historiari buruzko datuak jasotzen dituzte.

Ana Oregiren hitzetan, "Orain dela 132 urte, zenbait lagunek zerbait ikusi zioten trenari... orduko garraio-ohiturak eraldatuko zituen zerbait. Eta halaxe izan zen. Baina, gainera, trena lurraldea egituratzeko elementu bat izan zen. Bere inguruan, industriak eta negozioak sortu eta hiriak hazi ziren, eta horrek guztiak aberastasuna ekarri zuen. Begitazio bat izan zuten, eta etorkizunari aurrea hartu zioten. Guk ez dugu horrenbesteko ametsik, baina guk ere gure herrialdearen etorkizuna trenaren bitartez eraiki nahi dugu".

"Bilboko metroa handitzeko lanean gaude; Donostialdeako metroa eraikitzen ari gara; tranbia-sistema hobetzen ari gara; Euskal Y-aren Gipuzkoako zatia diseinatzen eta eraikitzen laguntzen ari gara; eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuen artean Intercity zerbitzua eskaini nahi dugu", esan du sailburuak.

Oregiren arabera, "Aldiriko trenen sarea modernizatzen ari gara, halaber. Sare hori XIX. mendearen amaierako irizpide teknikoen arabera diseinatu zen eta mugarri handia izan zen, baina trazatu horrek asko mugatzen gaitu gaur egun. 132 urteko sare bat hobetzen ari gara. Eta horrek guztiak denbora eta diru asko eskatzen du. Izan ere, zerbitzua eten gabe ari gara lan egiten, esate baterako Ermua-Eibar ardatzean. Bertan, trenbidea mendi-hegalaren eta bidearen beraren ondoan dauden eraikuntzen artean sartuta dago. Denbora, lan, ahalegin eta diru asko eskaini behar zaizkie aldameneko hegala eusteko lanei".

"Egindako inbertsioak emaitzak ematen ari dira –adierazi du Ana Oregik–. Gaur egun, bide bikoitza daukagu Bilbo eta Lebario artean. Azken urteetan, 25 trenbide-pasagune baino gehiago kendu ditugu tarte horretan. Joan den urtarriletik, Euskotrenek zerbitzu zuzenak eskaintzen ditu Durango eta Bilbo artean. Benetan lehiakorrak dira prezioari eta bidaia-denborari dagokienez (hogeita hamar minutu eskas), baina baita Gernika eta Bilbo artean ere, azken belaunaldiko unitate berriekin".

Sailburuak Atxuriko ekitaldian aipatu duen beste ardatz bat, eraldaketa- eta modernizazio-prozesuan dagoena, Ermua-Eibar eta Elgoibar lotzen dituena da. Horretarako, Eusko Jaurlaritza trenbide-zerbitzuaren prestazioak hobetzen ari da, baina horrez gain, trazatua hiri-egituran txertatzen ari da, "ingurune atsegin eta irisgarriak sortzeko eta herritarrentzako gune berriak sortzeko. Beste hainbeste gertatuko da Durangon".

"Gipuzkoan eta Donostialdean, trenbide-zerbitzua hobetzen ari gara (tren hobeak, maiztasun hobeak, bidaia-denbora hobeak), azpiegitura moderno, seguru eta irisgarri batzuei esker. 2001az geroztik, Eusko Jaurlaritzak 1.100 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu sare propioa modernizatzeko. Hori horrela, azpiegiturak hobetu ditu eta material mugikorra erosi du. Zenbakiak oso adierazgarriak dira", Oregik gogorarazi duenez.

Oregik jakinarazi duenez, "trenbide modernoa etorkizunaren eta garapenaren bermea da Euskadin, eta Euskadiko eta Europako kohesioa, bai eta jasangarritasuna eta aurrerapena ere".

Aurkezpena

Euskotrenek eta ETSk antolatu dute atzerabegirakoa, Trenbidearen Euskal Museoak emandako argazki eta dokumentuekin. Irudi-artxiboko hautaketa zabala eta sakona da, 1863tik gaur egunera arteko argazkiak dituena. Argazkiekin batera, hainbat testu daude, Manuel María Smith arkitektoak proiektatutako eraikinak denbora honetan guztian bizi izan dituzten gorabeherak ulertzen laguntzeko.

Erakusketak geltokiko hall guztia hartzen du, baina ez du inola ere eragozten Bilbo-Donostia eta Bilbo-Bermeo lineen erabiltzaileen joan-etorria.

 Orain dela mende bat inauguratu zen geltoki honen eta eraikinaren bilakaera kontatzeko, sei titulu aukeratu dira: "Atxuri, Bilboko atea", "Atxuriko jatorrizko geltokia", "Lehiaketa", "Lurrunetik elektrizitatera", "Berpiztea" eta "Lagun zahar bat".

Datu historikoak

Manuel María Smithen proiektuarekin, tren hau inauguratu zenean (1882ko maiatzak 30) eraiki zen Bilbo-Durango trenbidearen jatorrizko geltokia handitu zen. Geltoki hori Sabino Goikoetxeak diseinatu zuen. Goikoetxea, gainera, Compañía del Ferrocarril Central de Vizcayaren, bide estuko linearen emakidadunaren, zuzendaria zen.

Atxuriko geltokia txiki gelditu zen, Central de Vizcayaren lineak gero eta trafiko handiago erregistratzen baitzuen, Gipuzkoara luzatzen hasi zirelako zerbitzuak. 1911ko maiatzaren 5ean, instalazioak hobetzea aztertzen ari zirenean, tren bat bidetik atera zen eta kalte ugari eragin zituen. Ondorioz, geltoki berria eraikitzeko planak azkartu ziren.

Instalazioak behin betiko hobetzen hasteko, Ferrocarriles Vascongadosen Administrazio Kontseiluak Bilboko izen handiko arkitektoen artean lehiaketa mugatu bat deitzea erabaki zen 1911ko azaroaren 29an. Irabazleak obra zuzenduko zuen eta 6.000 pezeta jasoko zituen eskudirutan. Bigarren sailkatuak 1.500 pezeta jasoko zituen eta hirugarrenak, berriz, 1.000 pezeta.

Diseinua

José Guimón, Enrique Epalza, Nazario Llano, Ismael Gorostiza, José Aragón, Diego Basterra eta Manuel María Smith elkargokideak aurkeztu ziren deialdira. Bizkaiko Arkitektoen Elkarteko kideek osatutako epaimahaik ondoko epaia egin zuen: lehen saria Manuel María Smithentzat, bigarren saria Enrique Epalzarentzat eta hirugarren saria José Guimónentzat.

Manuel María Smith Ibarra (1879-1956) XX. mendeko lehen erdiko arkitekto bizkaitar nabarmenenetako bat izan zen. Bereak dira eraikin adierazgarrienetako batzuk: Carlton hotela, Galtzada Nagusiko Sota eraikina, Etxebarriko eliza eta Artaza jauregia. Bai eta Neguriko txalet ugari eta egoitza-etxebizitza asko ere, besteak beste Lezama-Leguizamon etxea.

Bereak dira, halaber, San Mameseko egurrezko tribuna famatua eta Gernikako plazako berreraikitzea, Gerra Zibilaren ostekoa. Atxuriko geltokiak estilo neoeuskalduna du. Smith ez zen baserriaren arkitektura tradizionalean inspiratu; aitzitik, euskal hiri-etxeen eredua jarraitu zen, uste zuelako Bilborako eta geltokiaren ingururako aproposagoa zela.

Eraikin berria eraikitzeko lanak 1912ko uztailaren 27an esleitu zitzaizkion Domingo Hormaeche y Cía. enpresari, eta erritmo onean egin ziren. Hortaz, geltoki berria 1914ko otsailaren 23an inauguratu ahal izan zuten. Atxuriko geltokiaren eraikinaren lehen solairuan, 9 logelako ostatua eta jatetxe dotore bat jarri ziren. Jatetxeak, bada, terraza handi bat zuen, Bilboko itsasadarrari eta trenbideari begira. Gerra Zibilean, Ertzaintzaren trenbide-poliziaren egoitza izan zen.

Jatorrizko instalazioek, gainera, garaje txiki bat zuten material mugikorra hartzeko, bai eta xafla birakari bat ere geltokiaren buruan. Horiez gain, urtegi bat eta ikatz-biltegi bat ere baziren, lurrun tren-makinak elikatzeko. Atxuriko geltokia trenaren bilakaeraren lekuko izan da. 1929an, trakzio elektrikoko unitate modernoek hasierako lurrun tren-makinak ordezkatu zituzten.

Uholdeak

Atxurik ez zuen aldaketa garrantzitsurik jasan 1983ra arte. Baina, urte horretako abuztuko uholdeek nabarmen kaltetu zituzten instalazioak, Nerbio ibaiaren mailak gora egin eta behe solairu guztia erabat hartu baitzuen, gela guztiak arrastatuz. Geltokiaren eraikinak berak jasandako kalteez gain, urak Kañu pasealekuaren ondoan zegoen garaje txikia suntsitu zuen, eta zenbait ibilgailu arrastatu zituen ibaira.

Geltoki historikoa erabat leheneratu ondoren, geltokiak ez zuen aldaketa garrantzitsurik jasan 2002ra arte. Urte horretan, sarbideak modernizatu ziren, Bilboko tranbia modernoen lehen linea eraiki zelako; izan ere, bi garraio-sistemen intermodaltasuna hobetu nahi zen. Gainera, 1983an suntsitu zen garajeak hartzen zituen lurzoruetan, tranbien mantentze-lanetarako tailerra jarri zen, eta Angulerako bazterbide zaharraren bideetan, garaje soil bat jarri zen. Garbiketa-instalazio bat du, eta hamar unitate har ditzake.

Euskadi, auzolana