ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Azken eguneratzea: 2012/12/18

Durango zeharkatzen duen lur azaleko trenbide azpiegitura kentzeko lanekin hasi da ETS

Eusko Jaurlaritzako Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoko langileak, Durango zeharkatzen duen trenbide azpiegitura kentzen hasi dira gaur, abenduak 17. Goizeko 05:40etan hasi da zerbitzua eskaintzen herri horretako lur azpiko geltokia eta, ondorioz, desagertu egin da herria zeharkatzen duen trenaren irudia. Hori dela eta, denbora gutxira, Ezkurdiko trenbide pasagunea kentzeko lanak hasi ahal izan dira.

ets

Euskadiko trenbide kudeaketaz arduratzen den erakundeko ordezkariek trenbide azpiegitura kentzeko planak jakinarazi dizkiote Durangoko Udalari, lan horiek modu koordinatuan eta eraginkorrean burutu ahal izateko. Horrela, ETS-ren aurreikuspenen arabera, katenaria bihar bertan kendu ahal izango da. Aurrerago, trenbideko gainerako materiala kentzen joango dira, zutabeak, erraila, trabesak… Jarduketa horiek, geltoki berritik Donostiarantz doan trenbide zatian burutuko dira. Geltoki berritik Bilborantz doan zatiko lur gaineko trenbide loturak orain arte bezala jarraituko du, trenak Durangoko tailerretara eta kotxetegietara sartu eta bertatik irten daitezen. Egoera horrek, Lebarion eraiki diren instalazio berriak zerbitzuan hasi arte jarraituko du. Aurreikuspenen arabera, datorren udaberrian hasiko dira martxan azpiegitura berriak.

Lur azpiko lau kilometroak martxan jartzean Durangoko eta Abadiñon dagoen Trañako geltoki berriak ere zabaldu dira. Halaber zazpi trenbide pasagune behin betiko kendu dira, eta, ondorioz, orain arte udalerria bereizten zuen trenbide trintxera desagertu eta bertako biztanleen segurtasuna eta erosotasuna hobetu egingo da.

Kendu diren trenbide pasaguneak Santa Apoloniakoa, Ezkurdikoa, Landakokoa, Ollerietakoa, Faustekoa, Montorretakoa eta Granjakoa dira. Zabalarrako eta Sasikoako trenbide pasaguneek martxan jarraituko dute, baina trafiko gutxiago izango dute. Tailerrak eta kotxetegiak, Lebarion egiten ari diren berrietara eramaten direnean, horiek ere desagertu egingo dira. Trazatu berria martxan jartzean, Fauste-Landakoko geralekua desagertu egin da. Hori dela eta Durangoko erabiltzaile guztiek lur azpiko geltokira joan beharko dute. Geltokiak bi sarbide ditu, bat Ezkurdi plazan, eta bestea Askatasun Etorbideko atzealdean.

Gaurtik aurrera geltoki ondoko lur azpiko aparkalekua ere zabaldik dago. 3 solairutan banatutako 350 aparkaleku ditu. Beste alde batetik, merkataritza gunearen eta aparkalekuaren ustiapen lanen esleipena duen enpresa, Construcciones Murias, aipatutako zentro horretarako proiektuaren idazketa lanak amaitzear dago. Aurreikuspenen arabera, 2013ko bigarren erdialdean zabalduko da.

2005ean jarri zen Durango operazioaren lehen harria. Operazio horretan Bilbo-Donostia lineako 15 trenbide kilometro bikoiztu dira Zornotza-Amorebieta eta Lebario artean; hiru geltoki berri eraiki dira Euban (martxan jada), Durangon eta Trañan (gaurtik aurrera martxan); eta inguru horretan egon diren 27 trenbide pasagune kendu dira. Horrez gain, Lebarioko tailer eta kotxetegi berrien eraikuntzari esker, Durango erdialdean dauden tren instalazioak bertatik atera ahal izango dira. Lan horri esker, 60.000 metro karratu libre geratuko dira hiritar guztiek erabili eta goza ditzaten. Lan horiek guztiek 232 milioi euroko inbertsioa eskatu dute (BEZ aparte). Lanak Eusko Jaurlaritzak finantzatu ditu oso-osorik.

 

 

 

Euskadi, auzolana