ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Azken eguneratzea: 2014/07/31

Oregi: Durangoko trenbide azpiegitura zaharraren eraispena urtea amaitu baino lehen hasiko da

Gaur, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak, Ana Oregik, honako hau adierazi du: Durangoko trenbide azpiegitura zaharraren eraispena urtea amaitu baino lehen hasiko da, eta ETSk dagoeneko argitaratu du obra-lizitaziorako lehiaketa, Durangoko trenbide gainegitura katenariak eta trenbideak- ez ezik, Euskotrenek Lebariora eraman arte erabiltzen zituen tailerrak eta garajeak ere eraisteko.

Bi proiektuak bat etorriko dira denboran, baina bereizita lizitatu dira. Alde batetik, trenbide superegitura desegiteko lanek milioi bat euro baino zertxobait gehiagoko gehieneko aurrekontua dute, eta burutzapenerako epea bost hilabetekoa izango da. Tailerrak eta kotxetegiak eraisteko lanek 557.000 euro inguruko kostua izango dute, eta esleipendunek hiru hilabete izango dituzte lanak egiteko.

Lizitatu diren bi lan horiek Durango operazioaren barruan daude. Operazio horren alderdi nagusia, 2012. urtearen amaieratik tren zerbitzua lur azpian eskaintzea izan da. Une horretatik aurrera lanean jarraitu da hainbat frontetan, Abadiñon dauden Lebarioko tailerretan eta kotxetegietan, adibidez. Azpiegitura horiek martxan jarri ondoren, Durangoko lur azaleran dauden trenbidearen trazatua eta azpiegitura zaharrak desegiteko lanei ekin ahal izango zaie.

Horrela, oraindik desegin gabe dagoen gunea Santa Apoloniatik (Iurreta) Trañaraino (Abadiño) luzatzen da, eta Durango erditik igarotzen da. Trazatuak 4,13 kilometroko luzera osoa du, eta lanen barruan 9.100 m2ko azalera hartzen duen trenbide zabalgunea altxatzea ere jasotzen da. Horrela, desegin beharreko azalera osoa 42.000 m2koa izango da. Lan nagusia, elektrifikazio sistemako elementuak eta katenariaren zutabeak kentzea, eta ondoren superegiturako gainerakoarekin jarraitzea izango da, trenbideko errailak, trabesak, balastoa, euskarriak, material txikia eta segurtasuneko eta komunikazioetako instalazioak bezalako beste elementu batzuk.

Tailerrak eta kotxetegiak eraisteko guneari dagokionez, Alluitz, Sasikoa eta Geltoki kaleen artean dagoen 50.600 m2 inguruko lur-saila hartuko du. Joan den mendearen hasieran altxatutako instalazio horiek zaharkituta geratu dira, eta beraien ahalmena txikia da, Durangon dagoen tren jarduera kontuan izanik. Jarduketa horrekin ingurunea hirigintzaren aldetik hobetzea bilatzen da, inguru guztia berreskuratuz eta, aldi berean, auzoen arteko mugikortasuna eta harremanak erraztuz.               

Euskadi, auzolana