ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Azken eguneratzea: 2014/07/01

Oregik Y izapidetzeko sistema «erabat gardena» proposatu dio Eusko Legebiltzarrari, hiru hilean behin informazio-txostenak osatzearen bidez

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik sistema erabat gardena proposatu dio Eusko Legebiltzarrari, EAEko Y trenbide-sarea izapidetzeari dagokionez. Ildo horretatik, hiru hilean behin informazio-txostenak egingo dira.

Hala ere, aldian behin lan-eremuetarako bisitaldiak antolatuko dira, Legebiltzarreko batzorde-kideek lanen betetze-maila egiaztatu dezaten. Gaur egin du agerraldia Oregik, aurreko gobernuak lizitatutako EAEko trenbide-sare edo Y berriaren lanei loturiko alderdi jakin batzuk azaltzeko. Azpimarratu du behar-beharrezkoa dela kudeaketa finantzarioa Kontuen Euskal Epaitegiaren gomendioen arabera gauzatzen jarraitzea; izan ere, «EAEko administrazioaren ardurapeko aspaldiko obrarik handiena da, ikuskaritza eta oharrak ezinbestekoak direna, eta nire Sailari edota mendeko sozietateei eragiten dieten kontratazio-prozeduretan horiek txertatzeko konpromisoa hartzen dut».

Legebiltzarrean gogorarazi du Ana Oregik Gipuzkoako trenbide-zatiko lanei buruz eskatutako azalpenak «egungo gobernua Sailaz arduratu baino lehenago esleitutako txostenei buruzkoak direla, eta, horrenbestez, kontratazio horien ondoriozko lanak aurreko gobernuak onartutako lizitazio-pleguetan jasotako baldintzen arabera gauzatzen direla».

Agerraldian, halaber, sailburuak nabarmendu du «pertsonen abiadura handiko garraiorako eta salgaien garraiorako EAEko trenbide berriak gure herrialdean, penintsulan bertan eta Europako hego-mendebaldean izango duen garrantzi eta eragin sozial, kultural eta ekonomikoa. Europar Batasunak lehentasun erabatekotzat jo du proiektu hau gure herrialdearen eta euroeskualdearen garapenerako. Geure zatia betetzen ari gara, Estatuaren kudeaketa motelak atzerapenak besterik eragin ez diezazkigukeen arren. Gure kokapen geografikoa estrategikoa da Europan, eta intermodalitateko nahiz jasangarritasuneko printzipioen araberako plataforma logistikoak eta trenbide, hegazkin, itsasontzi eta errepide bidezko garraiorako azpiegiturak dauzkagu».

Aldaketak

Y-aren egungo aurrekontu-egoera laburbilduz, Eusko Jaurlaritzaren mendeko bide-zatiaren esleipenei 1.575,30 milioi euro dagozkie, eta Indarreko Aurrekontu Likidoa 1.775,23 milioi eurokoa da. Aldaketen, gehikuntzen, larrialdiko lanen eta indarreko amaierako aldaketen ondorioz, % 4,97 garestitu da esleipeneko aurrekontua.

«Bada beste kontu garrantzitsu bat –zehaztu du Oregi sailburuak–; alegia, Y-aren bide-zatien Obra Zuzendaritzen kudeaketari buruz hartutako erabakia. 2013ko urtarrilean, Y-aren bost bide-zati Aholkularitza Teknikoetakoak ez ziren pertsonen esku zeudela jakin genuen. 2013ko apiriletik aurrera, Jaurlaritzaren ardurapeko Y-aren bide-zati guztiak ETS erakunde publikoaren goi-mailako teknikoek zuzentzen dituzte. Madrilek Eusko Jaurlaritzaren kargu utzitako Y-aren 17 bide-zatietatik bi osatuta daude jada.

«Berriz diot –berretsi du Oregik– hiru hilean behin ETS sozietate publikoak egingo duen txostena Eusko Legebiltzarrera igortzeko konpromisoa hartuko dut. Txosten horretan jasota geratuko dira ETS zuzendaritza teknikoaz arduratzen den bide-zatien obretako eta aurrekontuaren gorabeherak».

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren iritzian, bi dira Legebiltzarraren aurrean hartutako gardentasun-konpromisoak: «Kontu Publikoen Euskal Epaitegiaren irizpideak Sail honen mendeko etorkizuneko esleipenetan txertatuta, eta, batez ere, pleguetako prezioak berrikusteko formula desagerraraziko eta esleipen-ehunekoak alderantzikatuko direnez, aurrerantzean, balorazio objektiboek % 70eko pisua izango dute eta % 30ekoa, berriz, subjektibotasun handiagokoak diren alderdi teknikoek».

«Aldian behin obra-txostenen berri emanda, eta etorkizuneko esleipenak izapidetzeko prozesua hobetuta, gardentasuna obra publikoaren sorburuan, garapenean eta informazioan lantzen dugu», esan du Oregik. «Horretan bat egitea espero dut, ahalegin material handia eskatzen duela badakidan arren, baina obra publikoak eta arduradun eta kudeatzaile publikoen lan ona aldarrikatzeko modua iruditzen zait».

 

 

Euskadi, auzolana