ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Azken eguneratzea: 2013/12/12

Bergara/Elorrio lotuneko lanak, Euskal Y-aren ardatza, lehenbailehen egin ditzala eskatu dio Eusko Jaurlaritzak Sustapen Ministerioari

Eusko Jaurlaritzako garraioetako sailburuorde Antonio Aizek Bergara/Elorrio lotuneko lanak, Euskal Y-aren ardatza, lehenbailehen planifikatu eta egin ditzala eskatu dio Sustapen Ministerioari, Europako trenbide atlantikoaren garapenerako funtsezko elementua denez.

Aiz izan da Euskal Trenbideen Y-aren Eraikitze-lanen Jarraipen eta Koordinazioko Batzorde Instituzionalak Madrilgo trenbideen Zuzendaritza Nagusian egin duen bilerara joandako euskal ordezkaritzaren buru.  Eusko Jaurlaritzako garraioetako sailburuordeak Sustapen Ministerioko  Azpiegituretako Idazkari Orokor Manuel Niñori azaldu dio nola ari diren gauzatzen estatuak EAEri enkargatutako lanak, eta galdetu dio zertan diren administrazio zentralak egiten dituenak.

“Kezka berezia eragiten digu Bergara eta Elorrio bitarteko lotunearen lanen egoerak. Guretzat linea berriaren lehentasuneko elementua da, eta hala jakinarazi diogu ministerioari, haren esku baitago. Azpiegituraren funtsezko elementu horren deialdia lehenbailehen argitara dadin elkarrekin lan egiteko asmoa erakutsi diegu, irtenbidea lehenbailehen gauza dadin", adierazi du Aizek.

Jarraipen batzordean heldutako beste gai bat Ezkio-Itsasoko geltoki berriarena izan da. Horretarako hitzarmen bat aurreikusten du Aizek, Eusko Jaurlaritza izan dadin eraikitze-proiektuaren sustatzailea eta lehenbailehen eskain ditzan lanak.

“Obra guztiak planifikatzea oso garrantzitsua da –nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako Garraioetako sailburuordeak–, eta gu konplitzen ari gara enkargatu dizkiguten guztietan: 2016rko amaituak izango ditugu lanak. Ministerioak beste hainbeste egitea espero dugu "Y" osoari dagokionez; oso garrantzitsua da beraz lehenbailehen definitzea zintzilik dituzten tarteak eta hirietarako sarbideak".

"Zorionez, esan eta idatzi dena gorabehera, Ministerioak adierazi digu beren asmoa dela mugatik Madrila bitarteko trenbide osoa abiadura handikoa izatea, Europako batzordean Atlantikoko trenbide-ardatz garrantzitsu honetarako ezarri bezala, zeinak garapen kultural eta ekonomiko handia ekarriko baitie zeharkatzen dituen herrialde eta eskualdeei", dio Aizek.

"Gaur goizean komentatu digute Ministeriokoek Atlantikoko trenbide-korridorea prestazio altukoa eraiki behar dela oso-osorik, abiadura handia erabili ahal izatea bermatuko bada", zehaztu du sailburuordeak.

Abiadura handiko trenbide-sarbidea Bilbora

Bilborako trenbide-sarbideak erabakiko dituen erakundearteko batzordean, Aizek aztertu ditu Abandoko geltokira abiadura handiko trenak iritsi ahal izateko egin diren proposamenak. "Horretarako bere garaian planteatu genuen kolaborazio-formula bat erreskatatu dugu, non administrazio guztien lankidetza behar den. Garaiz planifikatu behar dugu, halaber, nola iritsiko den azpiegitura hori Abandoraino, eta berriz ekin diogu horri lantzeari".

Emankorra suertatu zaio gaurko eguna Garraioetako sailburuordeari, zeren "Ana Oregi sailburuak hainbat dei eta eskaera egin ostean, azkenean lortu baitugu desblokeatzea 2006az geroztik nolabait geldirik zegoen egoera. Euskal Trenbideen Y-aren Eraikitze-lanen Jarraipen eta Koordinazioko Batzorde Instituzionalak eta Biborako trenbide-sarbideak erabakiko dituen erakundearteko batzordeak, biek ala biek heldu diete berriz beren eginkizunei.  Orain elkarrekin jardutea da kontua, lankidezta zainduta eta egiteke dauden lanak planifikatzeko, hartara lehenbailehen bete ahal izan dadin Bruselak Atlantikoko trenbide-ardatzari ezarritako helburua".

Europar Batzordeak ezarritako lehentasunak bete ditzala eskatu dio Aizek Gobernu Zentralari, aintzat hartuta "euskal trenbide-sare berria Euskal Herriaren garapen kultural, sozial eta ekonomikoan zedarri berria izango dela, Atlantikoko ardatzaren bitartez Europara konektatuta, inguruko herrialde guztien onurarako izango dena."

Sustapen eta Ogasun Ministerioek hartu dute parte mintzalekuan estatuaren Administrazioaren izenean, eta eusko jaurlaritzaren izenean, berriz, Ingurumen eta Lurralde Politikako eta Ogasuneko sailek. Trenbide-sare berriaren Donostiarako sarbideak erabakiko dituen erakundearteko batzordea urtarrilaren 16an bilduko da, eragindako administrazio guztiek izan dezaten lehen eskuko informazioa abiadura handiko trenak Abandoko eta Atotxako geltokietara iristeko lanen garapenari buruz.

 

 

Euskadi, auzolana