ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Azken eguneratzea: 2013/11/15

Urnietako tunelaren kaleak edo bat egiteak gertakari garrantzitsu berria markatzen du Euskal Y-aren Gipuzkoako zatian

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, ETS erakunde publikoaren bitartez, Hernanitik gertu dagoen Urnietako tunelaren kalea edo bat egitea burutu du gaur goizean. Gertakari horrek oso une garrantzitsua markatzen du Euskal Y-aren Gipuzkoako igarobidean.

Urnietako tunelaren "bat egitearen" unea

Antonio Aizek, Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailburuordeak, adierazi duenez, “azpiegitura hau errealitate bilakatzetik gero eta gertuago gaude”. “Zerbitzua eskaintzen hasten denean –azpimarratu du-, bultzada handia emango dio gure garapen sozio-ekonomikoari, Europa aurreratuenaren barruan”.

Euskadi Frantziarekin eta Europarekin lotuko duen Trenbide Sare Berriaren eraikuntzan emandako aurrerapausoak Urnieta-Hernani zatiko fase hau amaitzean egiaztatu ahal izan dira. Europar Batasunak lehentasunezkotzat hartzen du “Europa hego-mendebaldeko abiadura handiko trenbide ardatza” egiteko Proiektua, eta Euskal Trenbide Sare Berria, Euskal Y-a, horren barruan dago Y.

Eusko Jaurlaritza, Trenbide Sare Berriko Gipuzkoako zatiko 59,1 kilometro ari da eraikitzen Bergara eta Astigarraga artean. Plataforma egiteko lanak fase aurreratuan daude, trazatu osoaren ehuneko 58 amaiturik dagoelako, eta aurreikuspenen arabera 2016. urtean amaituko dira.

Euskadin eraikitzen ari den Trenbide Sare Berria trafiko mistoetarako diseinatu da. Hau da, pertsonak eramateko ari da eraikitzen, baina baita merkantziak garraiatzeko ere, Frantzia, Lille-Paris-Baiona/Tarnos ardatzean egiten ari den trenbideko autopista Gasteizeraino (Arasur-Jundiz-Foronda ardatz logistikoa) luzatzeko xedez.

Europan, Suitzan eta Frantzian batez ere, dauden trenbideko autopistak, kamioiak edo erdi-atoiak trenez garraiatzean oinarritzen dira. Garraio sistema horrek kamioien trafikoa murrizten du Europako errepideetan, eta, ondorioz, irabazi sozio-ekonomiko handiak lortzen ditu, iraunkortasunaren aldeko apustua eginez.

Alderdi teknikoak

5,249 kilometroko luzera duen zati honen gehiena tunel eta bide-zubi gainean doa, eta hurrenez hurren 2.655 eta 769 metro luze diren Urnietako eta Hernaniko tunelek, 185 metro luze den Errotaraneko tunel faltsuak, eta 163 eta 798 metro luze diren Ubaneko eta Urumeako bide-zubiek osatzen dute. Guztiak ere burutzapen fasean daude.

Kalea edo bat egitea Urnietako tunelean egin da. Tunel horrek badu berezitasun bat, hondeaketa lanak tunelak dituen larrialdietarako bi galerietatik egin direla, 640 eta 417 metrokoak hurrenez hurren, ohikoa den bezala sarrerako eta irteerako ahoetatik egin beharrean.

Galeriak burutu ondoren, eta lineako tunelarekin bat egiteko puntutik aurrera, lau frontetan egin da lan, horietako bi, tunelaren sarrerako eta irteerako ahoetarantz, eta beste bi kalea edo bat egitea gertatu den bitarteko punturantz.

Erasorako soluzio horri esker, eta galeriak Goiburuko betelanetako gunera bideratuz, kamioi trafiko garrantzitsuak inguruko errepideetan eragingo lituzkeen eragozpenak murriztu dira, eta tunelaren burutzapenak errendimendu hobea izan du.

Gaur burutu da kalea edo bat egitea sarrerako ahokaduran, Ergoien auzoan (Urnieta). Datorren astean, tunel barruan lan egiten duten hondeaketa taldeek irteerako ahokaduraren (Frantziako noranzkoan) kalea edo bat egitea egingo dute. Bi kasuetan, kalea edo bat egitea aurrerapen fasean egin da. Destroza fasea (kontra-ganga edo galeriaren behealdea hondeatzen den fasea), datorren asteetan egin beharreko lanen artean dago.

Gipuzkoako igarobidearen egoera

Eusko Jaurlaritzak duela denbora gutxi amaitu ditu Ezkio-Beasain zatiko lanak. Izan ere, azpiegituraren titular den Sustapen Ministerioari zatiaren harrera eskatu zaio jada, eta aurreikuspenen arabera, harrera hori urtea amaitu aurretik egingo da. Amaiturik daude jada Beasain ekialdea eta Ordizia-Itsasondo zatietako lanak. Hala ere, Beasain mendebaldea eta Legorreta zatietako lanak bukatutzat eman daitezke. 

Une honetan honako zati hauek burutzapen fasean daude: Bergara-Bergara, Bergara-Antzuola, Antzuola-Ezkio Itsaso Mendebaldea, Antzuola-Ezkio Itsaso Ekialdea, Ezkio Itsaso, Tolosa, Tolosa-Hernialde, Hernialde-Zizurkil, Zizurkil-Andoain, Andoain-Urnieta, Urnieta-Hernani eta Hernani-Astigarraga.

Gipuzkoako hiriburura eta Irunera egin beharreko trenbide sarbideak eta Astigarraga eta Frantziako muga artean ezarri beharreko lotura, Informazio Azterlan fasean daude Sustapen Ministerioan.

     

 

Euskadi, auzolana