ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Azken eguneratzea: 2014/06/13

Oregik trenbide bidezko garraioak eta itsas turismoak Debaren garapenerako izan dezaketen garrantzia nabarmendu du

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik gaur goizean nabarmendu duenez, «trenbide bidezko garraioa eta euskal kostaldeko nahiz Europako hego-mendebalde osoko itsas turismoa abagune paregabea dira Debaren garapenerako». Oregi Euskotrenen geltokiko goiko solairuan kokatutako Santiago Bideko erromesen aterpetxe berriaren aurkezpenean izan da.

«Santiago Bidea gure herrialdeko kulturaren eta gizarte-harremanaren ardatz nagusietako bat bihurtu da», adierazi du Oregik. «Bidea mugikortasun jasangarriaren adibide da; ez dago ezer hoberik oinez eta presarik gabe ibiltzea baino. Egun, Deban, bi garraio-moduk bat egin dute; oinezkoak eta trenbidezkoak. Azken hori balioaniztasun-adibide praktikoa da, garai bateko azpiegitura, geltokia bera, baliatu baita Bidasoa ibaitik abitatu eta Kantauri kostaldean zehar Konpostelara doazenen ostatu bihurtzeko».

Ana Oregiz gain, ekitaldian izan dira, halaber, Debako Bidearen Lagunen presidente José María Izaga, Maider Zubikarai alkatea, foru diputatu Ion Peli Uriguen eta Eusko Jaurlaritzako zuzendari Imanol Agote eta Almudena Ruiz de Angulo.

 «Debako Bidearen Lagunen lan onari eta intuizioari esker, eraikin hau aprobetxatzea lortu da, erakunde guztien arteko ituntze-jarduera eredugarria gauzatuta. Oxala errepikatuko balitz esparru gehiagotan», esan du Oregik.

Sailburuaren arabera, «Euskadiko garraioaren arduradun naizen aldetik, Debaren garapen kultural eta turistikoari aukera asko ikusten dizkiot, trenen igarobide eta bidegurutze denez. Bertan da itsasoa, eta Europar Batasunak itsas turismoa sustatzeari ekin dionez, bisitari gehiago etorriko dira Debara, baita Gipuzkoako eskualde honetara ere».

 «Gure Azpiegitura Zuzendaritza Debako portuan igarotzako pantalan bat instalatzeko aukera aztertzen ari da.  Kokatuko litzatekeen lekua denboraleek kaltetu dezaketenez, neguan izan dugu horren froga, pantalan kengarri bat instalatzea aztertzen ari gara, larrialdi-abisu jakin batzuen aurrean, altxatu ahal izateko. Antzeko pantalanak ezarri dituzte Galiziako portu batzuetan», azaldu du Oregik.

Datuak

Debako Santiago Bidearen Lagunen Elkartea Debako tren-geltokiaren 1 eta 2. solairuetan kokatuta dago, hirigunean bertan, eta Iparraldeko Bidearen alboan. Bertan dago erromesen aterpetxea, eta egiaztagiriak ematen dituzte Debako Elkarteko kideek 16:00etatk 20:00etara.

Gaua igaro nahi duten erromesek izena eman behar dute Turismo Bulegoan (Ifarkale 4). Bertan jasoko dute eraikinera sartu ahal izateko giltza, ostalariak ez baitaude une oro aterpetxean. Bulegoa itxita badago, Udaltzaingoarengana jo behar dute, izena eman, eta giltza jasotzeko. Turismo bulegoaren ordutegia honako hau da: Igandeetan eta udako jaiegunetan 10:00etatik 14:00etara dago irekita. Neguan, honakoa da ordutegia: Astelehenetik ostegunera: 10:00etatik 14:00etara. Ostiraletan eta larunbatetan: 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era Igande eta jaiegunetan: 10:00etatik 14:00etara. Turismo Udal Bulegoa, Ifarkale 4. PK 20820 Deba Gipuzkoa. Telefonoa-zenbakia: 943 192 452 Ordutegia: udan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Gainerakoan, 10:00etatik 14:00etara.

 Debako Erromesen Aterpetxeak 56 pertsona har ditzake eta honela dago banatuta: lehen solairuan, harrera, egongela partekatua, 20 ohe 2 logelatan, komunak eta garbitegia; eta bigarrenean, 36 ohe 2 logelatan eta komunak. Dutxak eta komunak, garbitokia, garbigailua, lehorgailua, berokuntza, bizikletak uzteko lekua eta wifi ditu. Sukalderik ez dauka, baina jatetxe asko dago inguruetan.

 Lankidetza-hitzarmen baten bidez gauzatu dira lanak. Hitzarmen horren arabera, Jaurlaritzak tren-geltokiaren lehen eta bigarren solairuen erabilera lagako du, erromesen aterpetxe gisa erabiltzeko. Hitzarmenaren arabera, eraikina –Arakistain plazako 6 zenbakian kokatua– berritzeko eta egokitzeko ardura Udalari zegokion eta ezin zuen eraikinaren egitura aldatu. Halaber, Udalari dagozkio eraikinaren kontserbazio- eta mantentze-lanen ardura. Eraikinari loturiko jarduerak zergak ordaintzetik salbuetsita egongo dira. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren mendeko Euskal Trenbide Sarea erakundeak eraikina berreskuratzeko eskubidea izango du, baldin eta trenbide-erabilerarako behar izanez gero.

Proiektua

Bestalde, Debako Santiago Bidearen Lagunak Elkarteak berritze-proiektuaren idazketan eta finantzaketan parte hartzeko betebeharra zuen. Gainera, elkarte hori da lehen eta bigarren solairuak kudeatzeko eta zaintzeko ardura izango duena. Hitzarmenak 10 urteko indarraldia izango du eta beste bi urtez luzatu ahalko da.

 Egindako jardueren artean, geltokiaren hall-a egokitzea eta hobetzea aipatu behar da. Gainera, barnealdeko hormak, kanpoaldeko arotzeria eta markesinako zertxak nahiz pletinak saneatu, konpondu (hala zegokienean) eta margotu dira. Era berean, hondatuta zeuden zorrotenak aldatu dira.

Gainera, eraikinari atxikitako lokala eraitsi zen, lurzoruak egokitzeaz gain. Halaber, garai batean komun gisa erabilitako eraikinaren kanpoaldea txukundu zen, eremua zabaldu eta bateratzeko. Trenbide-eremuan, trenbideak saihesteko eta hondartzara iristeko balio duten azpiko pasaguneak seinaleztatzen dituzten metalezko elementuak saneatu eta margotu ziren. Era berean, inguruetako ezpondak lorategi bihurtu dira, alboko zumardiarekin bat etortzeko.

2013ko azaroan hasi ziren lanak, 263.243 euroko aurrekontuarekin. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 198.000 euro xedatu zituen, Gipuzkoako Foru Aldundiak 55.000 euro eta Debako Udalak 30.000.

 INFO+ Geltoki/Aterpe Helbidea: Arakistain plaza z.g. (Tren-geltokia) Deba. Harremanetarako telefonoa: 943 192 452 (Debako Turismo Bulegoa)   turismoa@deba.net      www.deba.net

 

Euskadi, auzolana