ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Azken eguneratzea: 2014/07/30

Eusko Jaurlaritzak, Aldundiek eta Garraio arloko agintariek txartel bakarraren lehen proba aurkeztu dute Bilboko tranbian

Bilboko tranbian, txartelak ezeztatzeko makinek gaurtik aurrera onartuko dute, plan pilotuaren barruan, hiru lurraldeetako garraio-txartelak (Bat, Barik eta Mugi) erabiltzea bidaiak ordaintzeko.

San Mameseko nasetan egin dute erakustaldia Eusko Jaurlaritzako Garraioko Sailburuorde Antonio Aizek, Lurralde Politikako sailburuorde Izaskun Iriartek, Itziar Garamendi ta Larraitz Ugarte foru-diputatuak, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren zuzendari Manuel Tejadak eta Bilboko Udalaren zein Euskadiko Garraio Agintaritzaren ordezkariek.

Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta Garraioko Euskal Agintaritzek (Euskadiko Garraio Agintaritza, Gipuzkoako Garraio Agintaritza, Bizkaiko Garraio Partzuergoa eta Arabako BAT Txartelaren erakunde kudeatzailea) aurkeztu dute gaur Euskadiko Txartel Bakarraren proiektuko beste urrats bat, Garraio Txartelen arteko Interoperabilitate Planaren barruan: Arabako BAT eta Gipuzkoako MUGI txartelak Bilboko tranbia-zerbitzuetan erabiltzen hasteko aukera.

Garraioko sailburuorde Antonio Aiz´ek azaldu duen moduan, «proba pilotu honen bidez txartel bakoitzaren berezko lurraldetik kanpo erabiltzeko aukerari dagokionez zeuden interoperabilitateko arazo zehatzak konpontzen dira: besteak beste, txartelen diru-poltsa kargatzea, bidaia baliozkotzea, saldoaren kontsulta eta bestelako funtzioak, gorabeherak konpontzea, ikuskapena, blokeatzeko ekintzak eta bidaia konpentsatzea lurraldeetako agintarien artean».

Alderdi teknologikoari dagokionez, beharrezko doikuntza guztiak egin dituzte azken hilabeteetan proiektu pilotua hasi ahal izateko. Horrez gain, Bizkaiko BARIK eta Gipuzkoako MUGI txartelen probak hasiko dira Gasteizko tranbia-zerbitzuan zein Dbus hiri-autobusetan 2014 amaitu aurretik.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikak Interoperabilitateko Master Plana aurkeztu zuen uztailaren 18an Euskadiko Garraio Agintaritzaren osoko bilkuran, Euskadin Txartel Bakarra ezartzearen esparruan. Eusko Jaurlaritza da ekimenaren buru, eta herritarrek BAT, BARIK eta MUGI txartelak hiru lurraldetan erabili ahal izateko oinarria ezarriko du.

 Txartel Bakarraren proiektu pilotua

Antonio Aizek azaldu duenez, «Txartel bakarraren proiektu pilotu handi bat gauzatuko da datozen hiletan Bilboko eta Gasteizko tranbietan zein Donostiako Dbusean. Lehen aplikazio teknikoen azken probak hasiko dituzte gaur Bilbon edozer txartel erabili ahal izateko Bilboko zein Gasteizko tranbian. Lehen fasean, BAT eta MUGI txartelen funtzionamendua probatuko da Bilbon, eta ondoren, 2014 bukatu aurretik, BARIK eta MUGI txartelena Gasteizen».

Aizek gogora ekarri du «Eusko Trenean, Ermua eta Deba arteko trenbidean, BARIK eta MUGI berdin erabil» daitezkeela, eta gaineratu du «proiektua Eusko Jaurlaritzaren oraingo legegintzaldiaren konpromiso bat» dela «eta helburu horrekin esparru-dokumentu bat egin» dutela, «EGAko kideen ekarpenak jaso ditzakeena, txartel bakarra ezartzeko bide-orria zehazteko. Asmo handiko proiektua da, eta guztion konpromisoa behar du, Eusko Jaurlaritzarena zein aldundiena; halaber, lan-esparrua zehaztuta du Master Planari esker».

Gipuzkoako Garraio Agintaritzaren Osoko Bilkurak, uztailaren 21ean Donostian egindakoak, txartel bakarraren interoperabilitateko proiektu pilotua lurralde horretan Donostibus´ean abian jartzea onartu zuen, Gipuzkoako hiriburuko udal garraio-enpresan, alegia. Era horretan, bat egin du Gipuzkoak Bizkaian eta Araban BAT, BARIK eta MUGI txartelak berdin erabiltzeko egiten ari ziren urratsekin.

Garraioko sailburuak nabarmendu duen moduan, «Garraioko txartel bakarrerako Master Planaren garapena hasi da emaitzak izaten BAT, MUGI eta BARIK txartelak berdin erabiltzeko aukerarekin eta, lurraldeetako lehen esperientziak gainditu bezain laster, Euskadiko garraio publiko osora zabalduko da sistema (tranbia, autobus zein trenetara). Halaber, Donostiaren eta Baionaren arteko lotura ere ahalbidetuko da alde bateko zein besteko arduradunen artean hitzartutako sistema baten bidez».

Proiektu pilotuak, hiru lurraldetan bana, lehen urratsa dira interoperabilitateko eta Euskadiko Txartel Bakarraren prozesuan. BAT, BARIK eta MUGI txartelen arteko interoperabilitaterako Master Planak integrazioaren, tarifa-politiken bateragarritasunaren zein bidaia gurutzatuetarako lurraldeen arteko konpentsazioaren zehaztapen teknikoak hartzen ditu baitan.

Plana garatzeko faseak ezartzean Arabako BAT eta Bizkaiko BARIK txartelen arteko bateragarritasun handiagoa hartu da kontuan, baita MUGI teknologiarena ere, eta BAT txartelaren egungo ezarpen-maila; aipatutako txartela, izan ere, aitzindaria da Euskadin ukipenik gabeko garraio-txartelen esparruan, Gasteizko tranbia 2008 amaiera aldean abian jartzean ezarri baitzuten.

Hauxe ere adierazi du Aiz´ek: «Euskadin txartel bakarra ezartzeak hiru lurraldeetako herritarrak batzeko aukera ematen du, eta hori garraio publikoa sustatuz egitekoa ere, mugikortasun jasangarriaren ikuspegitik onuragarria dena. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak lehentasun hau du legegintzaldi honetarako: herritarrek Euskal Autonomia Erkidego osoan erabil daitekeen ordainketa-sistema bat izatea.  Horra hor txartel bakarraren sorburua; hots, Euskadin garraio-modu publikoak ordaintzeko modu elkarrerangingarria izateko aukera. Dauden txartel guztiak hiru lurraldeetan erabili ahal izatea dakar horrek, zehazki».

Hiru sistemak ezarrita daude, bai eta martxan ere, baina bakoitza maila batean. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren asmoa ez da oraingo txartelak ordezkatuko dituen beste txartel bat sortzea, baizik eta oraingo hirurak bateragarri bilakatzea Euskadi mailan. Ez direnez tankerako ereduak, ezin da integrazio zuzena egin, eta prozesuak erakunde arteko lankidetza behar du.

 

Euskadi, auzolana