ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Argitalpen-data: 2016/03/09

Lehendakariak adierazi duenez, 3. lineak ?nazioarteko erreferente? gisa indartuko du Bilboko Metroa eraginkortasunean eta modernotasunean

Lehendakariak gaur adierazi duenez, 3. lineak eraginkortasun eta modernotasun "nazioarteko erreferente" gisa indartuko du Bilboko Metroa. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak Bilboko Metroaren 3. lineako azkenengo kalea edo tunelaren bi aldeen bat egitea amaitu du. Horrela, dagoeneko lur azpitik egin daitezke Bizkaiko hiriburuko lur azpiko linea berria osatuko duten sei kilometroak eta zazpi geltokiak.

Obraren aurrerapena gaur goizean egiaztatu dute Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, eta, horrez gain, urtebete barru, gutxi gorabehera, Alde Zaharrean egingo den geltoki intermodala jasoko duen eta San Nikolaseko geltoki zaharrean dagoen barrunbe handia ere bisitatu dute. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatzen dute obra, bakoitzak %50 ordainduz.

Iñigo Urkullu eta Unai Rementeria, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Ana Oregi Ingurumen sailburuak lagunduta, Txurdinagako kanoitik sartu dira lineako tunelera, Zurbaranbarriko geltokia zeharkatu eta kalea edo bat egitea egin den puntuan, Prim kalearen mailan, segizioko gainerako kideekin elkartzeko. Horien artean zeuden Antonio Aiz Garraio Sailburuordea, Vicente Reyes Garraio diputatua, José Luis Sabas ETS-ko Zuzendari nagusia eta Imanol Leza linea ustiatuko duen Euskotreneko Zuzendari nagusia. Panel batean obraren nondik norakoari buruzko azalpena jaso ondoren, bertaratuek oinez egin dute tuneleko bidea Alde Zaharreko den geltoki intermodala jasoko duen eta San Nikolaseko geltoki zaharrean dagoen barrunbe handiraino.

Bertan, Lehendakaria oso pozik agertu da elkarren arteko esfortzuaren eta erakundeen lankidetzaren emaitza "bikaina izaten ari delako. Gaur 3. lineaz ari gara hitz egiten, Bilborako eta Bizkairako garraio publiko zerbitzu moderno, eraginkor eta iraunkorrerako beste pauso bat. Bizitzen ari garen une hauetan, bisita honekin argi eta garbi adierazi nahi dugu lankidetza eta akordioa beti direla positiboak".

Bere iritziz, Bilboko Metroa "nazioarteko erreferentea" da diseinuan, arkitekturan, funtzionaltasunean, garbitasunean eta puntualtasunean. "Gure zerbitzua ereduzkoa da mundu osoan. Europako hirien artean Bilbo ospe eta garrantzi nabarmena ari da lortzen egunero", adierazi du.


Leku horretan egiten ari diren hondeaketa lanak direla eta, joan den hilaren erdialdetik itxi egin behar izan da San Nikolas Plazatik 1. eta 2. lineak jasotzen dituen geltokira zegoen sarbidea. Ordutik, Bilboko Metroaren linea horien erabiltzaileak Unamuno Plazako kanoitik eta Mallonako igogailuetatik heltzen dira Alde Zaharreko geltokira. Egoera horrek horrela jarraituko du obra amaitu eta 3. linea zerbitzua ematen hasi arte. Une horretan zabalduko da berriro metroaren hiru lineei zerbitzua emango dien San Nikolaseko sarbidea.

Une honetan, 1. eta 2. lineetarako sarbidea jasotzen duen eraikinaren "txapela" edo estalkia, alboko eraikinetara ematen duen gainerako egitura eta Txorierriko linea zaharraren trenbideko zenbait ekipamendu  desmuntatzeko lanak ari dira egiten. Halaber, Esperantzako pilotalekutik gertu dagoen aldean, 3. lineako Alde Zaharreko geltoki berriaren zimendatze lanak ari dira egiten.

2015eko maiatzean lanak hasi zirenetik, Esperantzako pilotalekuaren eta San Nikolaseko geltoki zaharraren eraisketa partzialak egin dira eta, horrez gain, etorkizunean geltokia jasoko duen orubearen eta 120 metro luze den tunelaren hondeaketa lanak egin dira.

Alde Zaharreko geltokia Bilboko Metroaren 1., 2. eta 3. lineen benetako geltoki intermodala izango da. Halaber, katalizatzaile gisa ere jardungo du, Txorierrirekin tren lotura ezartzeko aukera ere emango baitu, Artxandako tunel berriaren bitartez, eta Bermeotik, Durangotik edo Eibartik datozen pertsonei hiriburuaren erdira errazago iristeko aukera eskainiko die.

Adierazi denez, San Nikolaseko geltoki zaharraren orube honetan "geltoki intermodal berria eraikiko dugu. Datorren urtean hau izango da Ezkerraldetik, Eskumaldetik, Txorierritik, Durangaldetik eta Urdaibaitik datozen pertsonek bat egingo duten erdigune neuralgikoa. Zerbitzu berri honek Lurraldea egituratuko du, hurbildu eta elkartu egingo gaitu. Gainera, tren loturen hobekuntzarekin, auzoetarako irisgarritasuna hobetzen eta gune abegikorragoak eta atseginagoak sortzen laguntzen dugu".

3. linearen gainerakoan lanak etengabe ari dira. Obra zibila ia amaituta dago, Alde Zaharrean izan ezik. Duela zenbait hilabetetatik igogailuen, eskailera mekanikoen eta pasabide errodagarrien instalazio lanak ari dira egiten eta, horrez gain, seinaleztapen, komunikazio, energia, azken ukitu eta trenbidea muntatzeko kontratuak ere gauzatzen ari dira.

3. lineak tren loturak izango ditu 7,5 minutuz behin Etxebarri eta Matiko artean, eta 70.000 pertsonatik gorako biztanleriari eskainiko dio zerbitzua. Horrela, pertsona horiek trenbide metropolitarreko geltoki bat izango dute euren etxeetatik 10 minutu baino gutxiagora


3. linearen trazatua 5.885 metro izango da luze, eta zazpi geltoki izango ditu: Etxebarriko San Antonio, Otxarkoaga, Txurdinaga, Zurbaranbarri, Alde Zaharra, Uribarri eta Matiko. Geltoki guztiek (Etxebarrikoak eta Alde Zaharrekoak izan ezik), Norman Fosterrek 1. eta 2. lineatarako diseinatutako geltokien tipologia bera izango dute.


3. linea eraikitzeko lanek 279 milioi euroko aurrekontua dute, eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatzen dute erdibana.

Euskadi, auzolana