ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Argitalpen-data: 2015/03/23

Lehendakariak Donostialdeko Metroaren Altzako geltoki berriaren lanen aurrerapenak egiaztatu ditu

Lehendakaria, ibilbidearen une batean

 

Iñigo Urkullu Lehendakariak Altzako geltoki berriaren obren aurrerapen maila egiaztatu ahal izan du gaur goizean, Donostialdeko Metrora egin duen bisitan. Geltokia jasoko duen haitzuloa hormigoiz guztiz estalirik dago jada, eta nasak eta gela teknikoak ere egiten ari dira. Aldi berean, mezzaninei edo sarbideko atariei eutsiko dizkien habeak ere jartzen ari dira.

Urkulluk, Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politika Sailburuak, Antonio Aiz Garraio sailburuordeak eta Rafael Sarria eta Imanol Leza ETS-ko eta Euskotreneko zuzendari nagusiek lagunduta egin du bisita. Lehendakariaren presentziak, Eusko Jaurlaritzak Donostialdeko eta Gipuzkoako trenbide azpiegituren hobekuntzarekin duen konpromiso irmoa berresten du.

Lanen eraso galeriara heldu aurretik, Euskal Trenbide Sareko obra zuzendariak Herrera-Altza trazatua azaldu die bertaratu direnei, plano baten gainean. Ondoren, lineako tunelaren 600 metro inguruak egin ondoren, haitzulora heldu dira. Toki horretan, eraikuntzaren fase guztiak aztertu ahal izan dituzte, eta horien artean dago bertan eraikiko den geltokia.

Partaideak, une honetan egiten ari den nasetako batean ibili ahal izan dira, eta mezzaninei eusteko habeak ikusi dituzte. Horiek, geltokiak izango duen forma ikusteko aukera ematen dute jada. Ordezkariek obraren gaineko interes handia erakutsi dute, ETS-ko teknikariei etengabe egindako galderek erakusten dutenez. Egungo obra erritmoarekin, trenbide azpiegitura berria 2016ko bigarren seihilekoan jarri ahal izango da martxan. 

Ana Oregi Sailburuak azaldu duenez, “Altza-Herrera zatian egiten ari diren lanak, Eusko Jaurlaritzak Loiola-Herrera, Fanderia-Oiartzun eta Lasarte-Añorga-Errekalde zatietan egindakoei gehitzen zaizkie. Izan ere, une honetan Loiolako trenbide berria eta bide-zubia egiteko aukera emango duen trenbide desbideraketa ari da egiten. Lan horiei esker, asko erraztuko da auzo horren iragazkortasuna”.

“Gainera –adierazi du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailburuak–, denbora gutxi barru amaituko da Altza-Pasai Antxo-Galtzaraborda zatiaren eraikuntza proiektua. Zati horren barruan geltoki berria aurreikusten da Pasaian. Horrez gain, lur azpiko igarobideak Donostia erdialdetik izango duen trazatua definitzeko lanak ere egiten ari dira, une honetan Amarako geltokiak betetzen duen zaku-hondo izaera hori baztertzeko eta, halaber, unibertsitate eta Bentaberri inguruari zerbitzua eman ahal izateko”.

Herrera / Altza zatia

Herrera-Altza zatiak, lur azpitik joango diren 1.040 metro ditu. Trenbide saihesbidearen hasiera, egungo Herrerako geltokiaren luzapen zuzena izango da. Ondoren kurba egingo du eskuinerantz, N-1 errepidea izandakoaren eta Adif-eko trenbideen azpitik igaroz. Horren ostean beste kurba bat ezkerrera, Felix Iranzo pasealekuaren azpiko zuzengunean amaitzeko. Puntu horretan egongo da 50 metro inguruko sakoneran eraikiko den geltoki berria. Bi atari eta sarbideko bi kanoi izango ditu. Kainoi horiek Larratxoko pasealekuan eta Santa Barbaran egongo dira.

Geltokiak alboetan izango ditu nasak. Nasa bakoitzak, terminalaren atarian egongo diren bi mezzaninetara eramango duten bi eskailera izango ditu. Nasetara, beste igogailu baten bitartez kanpoaldearekin lotura izango duen igogailu baten bidez ere heldu ahal izango da. 5.500 pertsonak beraien etxeetatik bost minutu baino gutxiagora izango dute geltokia eta 8.800ek hamar minutu baino gutxiagora.

 DATU TEKNIKOAK.

2.984,44 m luze den Herrera – Galtzaraborda zatiaren informazio azterlanaren trazatu osotik, proiektu honek Herrerako geltokiaren eta Altzan eraikiko den geltokiaren arteko zatia hartzen du kontuan.

 

Zatiaren luzera:                                                         1.040 m

Meategi tunelaren luzera:                                            830 m

Tunel faltsuak:                                                             210 m

Altzako geltokia:                                                            96 m

(0+747 K.P.-an hasten da eta 0+843 K.P.-an amaitzen da)

Maniobra mahukaren luzera:                          197 m

Gehieneko malda:                                                     40 mm

Proiektuaren abiadura:                                            80 km/h

 

Sarbideak:

  • Santa Barbara: luzera 101 m; kota aldea 37,85 m; eskaileren malda %58
  • Larratxo-Anbulatorioa: luzera 128 m; kota aldea 31,34 m; eskaileren malda %58
  • Igogailua: luzera 35 m
Euskadi, auzolana