ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Argitalpen-data: 2015/07/01

Larunbatean, uztailaren 4an, hasiko da zerbitzua ematen Loiolako behin behineko geltokia

Datorren larunbatean, uztailaren 4an, zerbitzua ematen hasiko dira Loiolako desbideratzea eta behin behineko geltokia. Aurretik eman beharreko funtsezko pausoa da une honetan Euskotreneko unitateek zirkulatzen duten ezponda kentzeko lanak hasi ahal izateko eta herritarren erabilerarako eta gozamenerako 10.000 metro karratu baino gehiago berreskuratzea ekarriko duten geltoki berria eta bide-zubia eraikitzeko.

Sarrera Urbia kaletik izango duen behin behineko geltokia zerbitzua ematen has dadin, gaurtik datorren ostiralera, uztailaren 3ra, gaueko lanak egingo dira trenbidea egokitzeko. Hori dela eta, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak barkamena eskatu nahi die inguru horretan bizi diren eta lanen eraginak jasan ditzaketen pertsona guztiei. Jarduketa horiek Loiolako herritarren elkarteetako ordezkariei adierazi zaizkie aurretik.

Trenbidea behin behineko trazatuarekin lotu ahal izateko beharrezkoa izango da trenbideko zirkulazioak kentzea larunbateko hainbat ordutan. Aurreikusitako garraio aldaketei buruzko informazioa www.euskotren.eus webgunean dago.

Datorren astetik aurrera, eta trenak behin behineko trazatutik zirkulatzen hasten direnean, trenbidea, katenaria eta superegitura desmuntatzeko eta lurra prestatzeko lanak hasiko dira, ondoren bide-zubiaren lehen fasea eraikitzeko lanei hasiera emateko, Urumeatik gertuen dagoen gunetik hasiz.

Udazkenean, lan horiekin batera geltoki berria eta bide-zubia eraikitzeko lanak hasiko dira. Lan horiek lizitazio fasean daude une honetan, oinarrizko aurrekontua 12,8 milioi eurokoa da, eta burutzapenerako epea 20 hilabetekoa. Bi lanak aldi berean egingo dira.

Proiektuak eraldaketa handia eragingo du Loiolan hirigintzaren ikuspegitik. Bide-zubi gaineko geltoki moderno eta enblematikoa emango dio auzoari, Donostia eta Martutene arteko errepide zaharraren gainean. Horrez gain, Loiolako bulebarra ere egingo da. Gainera, une honetan dagoen ezpondaren ordez bide-zubia eraikiko da, eta, ondorioz, auzoa bitan banatzen duen trenbide trintxera desagertu egingo da.

Sortutako gune berriak, 10.000 metro baino gehiagokoak, gune berdeak, haurrek jolasteko guneak, bidegorria, bizikletak uzteko aparkalekua eta atsedenerako guneak izango ditu. Horrez gain, behin betiko lotuko ditu Lorategi Hiri gunea eta auzoaren gainerakoa.

Urbanizazioa lanen ezaugarriak Eusko Jaurlaritzarekin eta Donostiako Udalarekin adostu ziren, joan zen maiatzean egin zen Donostialdeko Metroaren obren eta proiektuen jarraipenerako batzordearen azken bileran.

Euskadi, auzolana