ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Argitalpen-data: 2015/05/12

Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako udalak Loiolan bulebarra egiteko eta ingurua urbanizatzeko proiektua adostu dute

Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak, Loiolako geltoki berria eta bide-zubia eraikitzeari eta gaur egun Lasarte-Hendaia lineak hartzen duen eta Loiola auzoa bi zatitan banatzen duen trenbide trintxera desagertu ondoren libre geratuko den gunearen urbanizazioari buruzko akordioa lortu dute.

Akordioa, Gipuzkoako hiriburuan gaur egin den Donostialdeko metroaren azterlanen eta proiektuen jarraipenerako eta koordinaziorako erakundeen arteko batzordearen bileran lortu da. Bertan parte hartu dutenen artean Antonio Aiz Garraio sailburuordea eta Nora Galparsoro Azpiegitura eta Hiri Zerbitzuetako Zinegotzi Eskuordetua daude. Iñigo Urkullu Lehendakaria buru duen Gobernuaren ordezkariek eta Donostiako Udaleko zinegotziek egin duten hamaikagarren bilera izan da.

Loiolarako diseinatu den proiektuak bide-zubi gainean eraikitako geltoki moderno eta enblematikoa emango dio auzoari, Donostia eta Martutene arteko errepide zaharraren gainean, Loiolako bulebarra izango den tokian. Horrez gain, bertan dagoen ezpondaren ordez bide-zubia eraikiko da, eta, horrela, auzoa bitan banatzen duen trenbideko trintxera desagertu eta 10.000 m2tik gorako hiri espazio zabala berreskuratuko da.

Herritarren gozamenerako eta erabilerarako irabazitako toki berriak gune berdeak, haurrentzako jolasak, bidegorria, bizikletak aparkatzeko tokia eta atsedenerako guneak izango ditu. Horrez gain, behin betiko lotuko ditu Lorategi Hiriaren ingurua eta auzoaren gainerakoa.

Batzorde berak 2013ko maiatzaren 28an egin zuen bileran, lankidetzan aritzea eta Loiolan bulebarra egiteko eta inguru hori urbanizatzeko lanetan parte hartzea proposatu zion Eusko Jaurlaritzak Donostiako Udalari. Bi urte geroago akordioa errealitate bilakatu da.

Antonio Aiz Garraio sailburuordeak adierazi duenez, “Loiolan hiri eraldaketa garrantzitsua ekarriko duen proiektu bati buruz ari gara, izan ere, trenbidearen ezponda eraisteak eta haren ordez bide-zubia jartzeak, hiri espazio berrien 10.000 metro karratu baino gehiago irabazteko aukera emango baitu”.

Bitartean, Donostialdeko Metroaren barruan dauden proiektuetako lanek erritmo onean jarraitzen dute. Loiolan, amaitzen ari dira behin behineko desbideraketa martxan jartzeko lanak, ekaineko bigarren hamabostaldian zerbitzua ematen has dadin. Urrats hori ezinbestekoa da ondoren lan taldeek trenbidearen trintxera eraisteko eta geltoki eta bide-zubi berria eraikitzeko lanak has ditzaten.

Herrera-Altza zatian amaitzen ari dira jada vitrex estaldura lanak, sarbideko kanoietan (Santa Barbaran eta Anbulatorioan) eta haitzuloan. Halaber, amaitu dira jada bi mezzanninak instalatzeko lanak. Erabiltzaileek horietatik joan ahal izango dira nasetara. 

Euskadi, auzolana