ETSk Euskal Y-aren Hernani-Astigarraga tartearen 2. fasea lizitatu du

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak argi berdea eman die Euskadiko Trenbide Sare Berriaren, Euskal Y-aren, Hernani-Astigarraga tarteko 2. faseko plataforma lanen espedientearen hasierari eta gastuaren onespenari. Proiektuak 41 hilabeteko egikaritze epea du, eta 47,3 milioi euroko aurrekontua.

Proiektuaren barruan, UIC enborreko plataformaren eraikuntza jasotzen da, zabalera iberiarreko lineako trenbideen artean, bi sistemen arteko konexioetarako aukera emanez, bereizten dituzten kota aldeak gainditu eta gero. Proiektu hori plataformakoa da soilik, eta ondoren gauzatuko den superegitura proiektuan gauzatuko dira UIC trenbidea eta bi sistemen arteko konexioak.

Konexio hori beharrezkoa da UIC zabalerako unitateak Donostian dagoen Atotxako geltokira heltzeko, eta baita egungo linearen bitartez Frantziako mugara egon daitekeen luzapen posiblerako ere. Lineari hirugarren haria gehituko zaio Astigarraga eta Irun arteko tartean. Linearen egokitzapen horrek proiektu eta obra espezifikoak izango ditu.

Hernani-Astigarraga tarteko lanak 2012an hasi ziren, eta %40an daude eginik. Esleituriko jatorrizko proiektuak izan zituen zenbait aldaketaren ondorioz, aldeek kontratua bertan behera uzteko eta proiektu berria idazteko akordioa lortu zuten. Bigarren fase honetako lanak 2019ko azken lauhilekoan hasiko dira.

Une honetan, Eusko Jaurlaritzak amaituta ditu lanak Euskal Y-aren Gipuzkoako adarra osatzen duten 17 tarteetatik 12tan. Datozen hilabeteetan amaituko dira Antzuola Ezkio mendebaldea, Hernialde-Zizurkil, Zizurkil-Andoain eta Urnieta-Hernani tarteetako lanak, horietan azken ukituak baino ez baitira falta. Horrela, 2022. urtearen amaierarako, Hernani-Astigarraga tartea bukatzean, erabat osaturik geratuko da Gipuzkoatik doan trazatu osoa.