ETSk eta Arte Eder Fakultateak Zumaiako tren geltokiko mosaiko bat zaharberritzeko hitzarmena sinatu dute

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak lankidetza hitzarmena sinatu du EHU/UPVko Arte Eder Fakultatearekin, Zumaiako tren geltokian dagoen mosaiko bat zaharberritzeko. Hitzarmen horren xedea ETSren eta Unibertsitatearen artean harremana ezartzea da, “Kultur Ondasunen Kontserbazio eta Zaharberritze graduan” matrikulatuta dauden ikasleek Gradu Amaierako praktikak edo/eta lanak egin ditzaten. Kasu honetan, helburua, ETSk Zumaiako geltokian dituen tren instalazioetan dagoen Gipuzkoako Foru Aldundiaren armarria irudikatzen duen mosaikoa aztertzea eta bertan premiaz aritzea da, izan ere, bere kontserbazio egoera oso txarra da.

Hitzarmenean, ikasleek beraien ezagutzak indarrean jarri ditzaten ETSk, bere lan esparruan, ekimenak ikasleen artean bultzatzea bilatzen da. Halaber, erakunde publikoa arduratuko da ikasleak orientatzeaz eta lan akademikoak eta kontserbazioarekin loturikoak aurrera eramateko ikerketan eta informaziorako sarbidean laguntzeaz. EHUk, bere aldetik, lanetarako aholkularitza eta tutoretza emango du.

Mosaikoaren kontserbaziorako tratamendu puntualetik sortzen diren gastuak, aldamioak, hesi perimetralak eta behin behineko babesa, besteak beste, ETSren kargura egongo dira. Horrela, bi erakundeek hitzarmenaren garapenerako eta jarraipenerako batzordea eratuko dute, gauzatu beharreko jarduketa guztiak koordinatzeko eta eman daitezkeen interpretazio eta betetze arazoak ebazteko eta argitzeko.