Burdin bideak?, trenaren munduari ematen zaion argazki begirada

Argitalpen-data: 


Fundación de los Ferrocarriles Españoles Fundazioak, Euskal Trenbide Sareak eta Euskotrenek, maiatzaren 27ra arte bisitatu ahal izango den ‘Burdin bideak” argazki lehiaketaren 29. edizioan saritu, aukeratu eta aurre-aukeratu diren lanak aurkeztu dituzte gaur Zazpikaleak – Casco Viejoko geltokiko atarian.
Erakusketan, 18 herrialdetako 134 argazkilarik euren lanetan irudikatu duten trenaren mundu zabalaren 149 begirada islatzen dira: 41 argazki lan orijinalak dira, eta 108 formatu digitalean erakusten dira.
2018 eta 2019 urteen artean hamabi geltoki hartuko dituen erakusketa, Fundación de los Ferrocarriles Españoles Fundazioak 1986tik antolatzen duen “Burdin bideak” argazki lehiaketara 62 herrialdetako 1.595 argazkilarik aurkeztu dituzten 3.697 argazkien artean egindako aukeraketaren emaitza da.
Sariketaren edizio honek Adifen eta Renferen babesa du, eta Ortiz taldeko Cosfesa, Elecor eta Ortiz Construcciones enpresen laguntza.
Erakutsitako argazkien artean, saritutako zazpiak azpimarra daitezke:
• “Cuaderno de Vinh a Hue”, Cristina Bezanilla Echeverría – Lehen Saria, Kantabria eta Madril artean bizi eta lan egiten du. “Argazkia 2017an hartu zen, Bateratzearen Espresoa izenez ezagutzen den Hanoi eta Ho Chi Minh (Vietnam) arteko trenean, Vinh eta Hue arteko tartean. Trotean 14 orduko bidaia egin ostean, patuak hor jarri izan balit bezala, kameraren motxila hanka artean esnatu nintzen, eta emakume hori ikusi nuen, lo. Trenak, ametsen, ilusioen eta itxaropenen lekukoak, askatasun espazioak, denboran zeharreko bidaia batean gidatu ninduen.”
• “Between Green and Blue”, Guanghui Gu – Bigarren Saria. 1978an jaio zen Txinako Zhejiang probintzian. Bere irudietan beti bilatzen du kokagune egokia mapan, angelu desberdin eta orijinalarekin, bere hiritik gertu igarotzen den abiadura handiko tren baten argazkiak islatzen duen bezala.
• “Tent”, Armin Amirian – Egile gaztearen saria. 1995ean jaio zen Isfahanen, Iranen. “Trena beti izan da pertsonaia bat niretzat. Bere sorbalda gainean historia daraman pertsonaia... Leku batetik bestera pertsonak garraiatzen dituen pertsonaia... Pankarta Sarapardeh-eko artelana da (Denda esan nahi du), duela 35 urte inguruko argazkia... Zoritxarrez, bertan agertzen diren pertsonetako batzuk gerran hil ziren. Bai, horrela da… Kamerari eta ikuslearen begiei begiratzen dieten pertsonak… Euren azken irudia da, ospakizuneko argazkia… Gerra duela 35 urte inguru izan zen...”
• “Tranvía hacia el mar”, Tete Alejandre – Akzesita. Caceresen jaiotako ikus-artista eta soziologoa. Bere lanean Lisboako hiri paisaiaren beste interpretazio bat planteatzen du, bere nortasun zeinuetako batean, tranbian, zentratuta.
• “Estación Wadley, San Luis Potosí, Mexiko”, Pablo Elías – Akzesita. 1981ean jaio zen Buenos Airesen (Argentina), eta bertan bizi da eta egiten du lan argazki-kazetari gisa. Argazkia 2010ean hartu zuen Catorce udalerrian, “La Bestia” izenekoaren itxaronaldian. Izen hori ematen diote Mexiko hegoaldea eta iparraldea lotzen dituen eta Estatu Batuetara heldu gura duten migratzaileek erabiltzen duten karga-trenari. Irudiak, tren baten eta hurrengoaren artean dagoen itxaronaldia transmititzen du, leku horretan geldik dagoen denboraren irudi.
• “Flaying the Train”, Majid Hojati – Akzesita. Kazetari, zine zuzendari eta gidoilaria, Iranen jaio zen 1985ean. Bere argazkia dokumental gisa definitzen du, inolako tratamendu grafikorik edo informatikorik gabea.
• “Belice”, José Alberto Sánchez Porras – Akzesita. 1987an jaio zen Caravaca de la Cruzen. Bere irudia, Indian egin zuen argazki bidaia batean sortu zen, Udaipurretik egindako tren ibilbide luzean. Bertan aurkitu zuen Belice, esperientzia bila, jomuga finko barik, Txinako bere etxetik ihes egin zuen neska.

Euskadiko partaideak
“Burdinbideak” sariketaren edizio honetan 75 euskal argazkilarik hartu dute parte. Erakusketan hauen lan orijinalak ikusi ahal izango dira: Sara Berasaluce (Vitoria-Gasteiz); Estíbaliz Mugeta (Bilbo), eta Jesús María Rodríguez Cabañas (Leioa).
Eta formatu digitalean aukeratutako lanak hauenak dira: Ignacio Alés (Donostia - San Sebastian); Erika Barahona (Bilbo); Juan Carlos Carazo (Vitoria-Gasteiz); Arantxa Cortajarena (Donostia - San Sebastian); Miguel Angel Landáburu (Bilbo); Unai Momoitio (Areeta - Getxo); Lorea Morlesín (Vitoria-Gasteiz); Pablo Pérez Herrero (Urretxu), eta Mª Begoña San Pedro (Bilbo).

Erakusketa ibiltaria
Bilboren ondoren, erakusketa Logroñoko, Zaragozako, Lleidako, Valentziako, Albaceteko eta Madrilgo geltokietan egongo da ikusgai 2020ko urtarrilera arte.
“Burdin bideak” erakusketaren azken ediziotik 5,8 bidaiari baino gehiago igaro ziren, erakusketa ibiltariak izan zituen 18 hilabeteetan.

Fundación de los Ferrocarriles Españoles fundazioak jarduera asko antolatzen ditu, kulturaren munduak eta gizarteak orokorrean, trenaren sustapenean duen partaidetza bultzatzeko xedez. Gutxi dira kulturaren mundua trenaren indarrarekin erakarri duten garraiobideak eta modernotasuneko asmakizunak. Trena inguratzen duen unibertsoak idazleen, argazkilarien, musikarien, margolarien, eskultoreen edo zinegileen sorkuntzarako grina piztu du hasieratik, duela 200 urte baino gehiagotik.
1986an sortu zen ‘Burdin bideak’ argazki lehiaketan, lurreko puntu guztietatik etorritako 35.000 argazkilarik hartu dute parte, 79.000 argazkirekin. 29 edizioetan aurkeztu diren lan guztien artean, 377 saritu eta 2.419 aukeratu dira, guztiak ere egileen paperezko jatorrizko lanak. Edizio bakoitzean aukeratutako argazkiek, 370 aldiz baino gehiagotan geltokietako atarietan antolatu diren erakusketa ibiltarietan hartu dute parte.